Nafarroako Parlamentuak Pandemia Nafarroan: kronika grafikoa liburua, NAGE-Nafarroako Albistari Grafikoen Elkarteak Parlamentuarekin lankidetzan argitaratu duena, aurkeztu du
Unai Hualdek nabarmendu du zein garrantzitsua den geroari begira gordetzea liburu honek zorroztasun handiz dokumentatzen eta testuinguruan kokatzen laguntzen duen garai hau, bizienez eta istorioez betea
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Pandemia Nafarroan: kronika grafikoa liburua aurkeztu du gaur. Liburua Nafarroako Albistari Grafikoen Elkarteak argitaratu du Parlamentuarekin lankidetzan, eta xede du jasota uztea koronabirusak behartuta hilabeteetan gorde behar izan den konfinamenduan zehar bizitako istorio handi eta txikiek eragindako “ziurgabetasuna, beldurra eta bakardadea”.
Unai Hualdek orobat azpimarratu du garrantzitsua dela “geroari begira jasota gera dadin sasoi hau, 2020ko martxotik aitzinako hilabeteak, horrek lagundu eginen digulako osasunaren eta zaintzaren garrantziaz jabetzen etorkizunean, bai eta zaintzen gaituzten lana aitortzen ere. Mezu horrek indarrean dirau; izan ere, seigarren olatu honek –aldagai eta guzti– argi gorria piztuta mantentzeko balio du: zuhurtziaz jokatu eta ospatu beharra dago”.
Gauzak horrela, ondare material eta immaterialaren kontserbazioak hartu duen garrantziaren harira, lehendakariak adierazi du “gaur aurkezten dugun liburu honek 33 profesional hauen argazkiak jasota gera daitezen” balio duela, “lekukotasuna ematen baitute eta testuinguruan kokatzen baitute balio handiko bizipen eta irudi hauek guztiak. Zein garrantzitsua den argazki-artxibo on bat edukitzea!”
Hartara, Unai Hualdek babesa eskaini nahi izan dio “batzuetan hain gutxi balioesten den lanbide honi. Parlamentu honek, zeinak aho batez erabaki baitzuen fotokazetarion lana aintzatestea liburu hau argitaratzeko laguntza emanez, NAGEren eskari eta beharrizanen berri izateko aukera izan du, Mozal Legearen, Herritarraren Segurtasuna Babesteari buruzko Lege Organikoaren aplikaziotik haien lanari begira heldu diren traba justifikaezinak barne. Espero dezagun lankidetza honek fruituak ematen jarraitzea”.
Bukatzeko, eta Luis Azanza –“gure ingurunearen argazkilari enblematikoa”– eta Adolfo Lacunza –“isolamenduko lehen aste haietan Parlamentu honetara sartu zen berriemaile grafiko bakarra”– emozioz gogoan hartuta, lehendakariak aurrez aurre jarri ditu iraungikorra denaren balioa eta funtsezkoa denaren iraunkortasuna.
“Liburu honetako argazkiek modu dokumentatu batez informatzen dute, errealitate historiko baten lekukotasun fidela ematen dute. Hala diogu gaur, noiz eta Nafarroako berriemaile grafikoek dolua bizi duten egunean, Luis Azanzaren heriotza dela-eta. Izan ditzagun gaur, hemen, haren memoria eta lanarekiko gomuta. Nafarroako Parlamentuaren izenean doluminak eman nahi dizkiet haren familiari eta lankideei. Bihotz-bihotzez”.
NAGEko lehendakari José Luis Larriónek eskertu egin nahi izan du Parlamentuak liburua argitaratzen eta hedatzen lagundu izana; izan ere, “lan hau informazio-iturri izan daiteke heldu diren belaunaldiendako, eta bizitakoa testuinguruan jartzen lagun diezaieke gaurko nafarrei ere, haiek baitira pandemian zehar egunerokotasuna osatu duten istorio handi eta txiki hauen guztien protagonistak”.
Larriónek argazkiekin batera doazen testuak ere izan ditu hizpide, zeren “irudi batek –baldin eta ona bada eta transmititzen badu– mila hitzek baino gehiago balio duela esaten jarraitzen dugun arren, kasu honetan egoki ikusi dugu egileak berak izatea bizi zituzten sentsazioak adierazten dutenak. Bakardadea, ulergaiztasuna, beldurra... horiek dira gehien errepikatzen diren sentimenduak kaleak hutsik ikustean edo kutsatzeko nahiz gaixotasuna transmititzeko beldurraren aitzinean”.
Larriónek ez du gogora ekarri gabe utzi nahi izan 2020ko Nafarroako Kulturaren Vianako Printzea Saria jaso duen Carlos Cánovasek eta Pulitzer saridun Susana Verak emandako laguntza, liburuaren hitzaurrean “argazkilaritza dokumentalaren pertzepzio suharra” islatzen jakin baitute. Eta ez du Luis Azanza ahantzi nahi izan, “lankidea, laguna eta gure lanbide honetan asoziazionismoaren bultzatzaile nagusietako bat izan zena”.
NAGEko idazkari Iñaki Portok “denborak aurrera egin ahala bere benetako balioa zein den ikusiko den liburuan parte hartu duten argazkilari” guztien inplikazioa eskertu nahi izan du. 240 orrialde dira; 165 argazki, argazkilari bakoitzeko bost”.
Nafarroako Parlamentuak Pandemia Nafarroan: kronika grafikoa liburuaren 450 ale erosi ditu, erakundearen beharrizanei erantzuteko eta Liburutegi publikoen sarean banatzeko.