Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena parke eoliko edo fotovoltaikoak paratzeko ekimen guztien gaineko erabakimena eskura zezan
50 MW-etik gorako proiektuak Nafarroako erakundeek baimentzeko behar diren lege-aldaketak Espainiako Gobernuarekin negozia daitezen eskatzen zen
Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta Geroa Bairen eta EH Bilduren abstentzioekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “egin beharreko zuzemenak egin zitzan Gobernu zentralaren aitzinean, Nafarroako erakundeen esku gera dadin parke eoliko edo fotovoltaikoak paratzeko ekimen guztien gaineko erabakimena, egungo muga (potentzia 50 MW-etik beheitikoa izatea) hautsita”.
Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako mozioak egungo legedia aldatzearen alde egiten zuen, parke eoliko eta fotovoltaikoak paratzeari dagokionez erabakitzeko ahalmena Nafarroako erakundeen esku uzteko; izan ere, gaur egun Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren esku dago, eta hark du azken hitza 50 MW-etik goitiko potentzia duten jarduketa guztiei dagokienean.
Testuinguru horretan, ingurumen-eraginaren adierazpenaz haratago, 50 MW-etik beherako potentzia duten parkeetan indarrean dagoen prozedura bera ezartzea planteatzen zen, proiektuen analisia eta azterlana Lurralde Antolamenduko eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko departamentuen txostenetan oinarritu dadin, betiere lurralde osoaren gizarte-kohesioa Europar Batasunak ezarri eta gure erakundeek bere egindako deskarbonizazio-helburuak lortzeko xedez.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (115. NPAO, 2021-10-14koa)