Nafarroako Gobernua premiatzen da Covid-agatik bakartuta dauden adingabeen eta mendeko pertsonen zaintzarako gizarte- eta lan-estaldura eman dezan
Lana eta familia bateragarri egiteko erraztasunak eman nahi zaizkie covid-a dela-eta berrogeialdian dauden pertsonak zaintzeko lanera joateari utzi behar dioten autonomoei eta besteren konturako langileei
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bairen, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin, Navarra Sumaren abstentzioarekin eta PSNren eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentua premiatzen baita “Ekonomia eta Gizarte Kontseiluarekin batera lan egin dezan, non ordezkatuta baitaude zenbait eragile sozial eta ekonomiko, besteak beste sindikatuak eta enpresaburu-elkarteak, plan urgente bat prestatzeko, familiei gizarte- eta lan-estaldura eman ahalko dieten neurriak jasoko dituena, COVIDagatik bakartuta dauden adingabeen eta mendeko pertsonen zaintza-lanei ekin ahal izateko”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean, Navarra Sumaren abstentzioarekin eta PSNren aurkako botoarekin, Foru Exekutiboari eskatzen dio “berariazko laguntza ekonomikoak sor edo badaudenak zabalagotu ditzan, hori beharrezkoa denean langile autonomoen edo besteren konturakoen bateragarritasuna errazteko, haiek lanetik kanpo egon behar izanez gero COVIDarengatik berrogeialdian egotera beharturiko adingabeak eta/edo mendeko pertsonak zaintzeko”.
Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak administrazioen gain jartzen du ikastetxeetan “eragin handia” izaten ari den seigarren olatuaren barruan kontziliazioa erraztera bideratutako “neurri eraginkorrak” premiaz ezartzeko erantzukizuna. Izan ere, abendu amaieraz geroztik 2.000 ikasle baino gehiago konfinatu behar izan dira.
Horri dagokionez, argudiatzen da familia askok lanera joateari utzi behar izan diotela zaintza-lanez arduratu ahal izateko, eta nahiz eta sektore publikoko langileek nahitaezko eginbehar baterako baimena balia dezaketen, arazo handia da autonomoen eta besteren konturako langileen nukleoan.
Horregatik, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea bete dadila eskatzen da, zeinak dioen “administrazio publikoek aldaketa-prozesuak sustatu behar dituztela antolaketaren eremuan, bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiten laguntzeko”.
- www.parlamentodenavarra.es
- Publicación de la moción (BOPN, n.º 2, de 14-01-2022)