Parlamentuak baztertu egin du mozio bat Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Tuterako campuseko prestakuntza-eskaintza indartu zezan NUPekin elkarlanean
Navarra Sumak proposatzen zuen goi mailako ikasketa gehiago ezartzea inguruko gazteen eskariari erantzun eta kanpoko ikasleak erakartzeko
Gaur egindako osoko bilkuran, Parlamentuak baztertu egin du mozio bat zeinean Legebiltzarrak Nafarroako Gobernua premiatzen baitzuen “NUPekin elkarlanean aritu dadin Tuterako campuseko prestakuntza-eskaintza indartu eta sendotzeko, Erriberako gazteriak aldarrikatzen duen norabidean, halatan gutxienez ere ezarriz Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradu berria, bai eta jadanik irakasten den Fisioterapiarekiko gradu bikoitza ere”. PSN, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek mozioaren aurka bozkatu dute, Geroa Bai abstenitu egin da, eta Navarra Sumak alde bozkatu du.
PSNk ordezkapen-zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Suma ekimenaren titularrak onartu ez duena, Foru Gobernuari eskatzeko “NUPen eta, zehazki, Tuterako Campusaren aldeko apustua egiten jarraitzeko”. Gainera, “eskaintza akademikoa ezartzeari edo zabaltzeari dagokionez, unibertsitatearen autonomia errespetatzeko” eskatzen zuen, eta “NUPen eskaintza akademikoa bere osotasunean zabaltzeko, gradu berriak sartuz, hala nola Kirol Zientziak edo Fisioterapia eta Kirol Zientziak gradu bikoitzak”.
Bestalde, gaitzetsitako zuzenketak positibotzat jotzen zituen Tuterako Campuseko Talde Motorraren moduko kolektiboen ekarpenak, baina honako hau eskatzen zuen: “ondorio baliozkoak lortzeko, ingurune sozioekonomikoaren eta gaur egungo eta etorkizuneko enplegagarritasun-beharren azterketa integrala egin behar da, NUPen azterketa estrategikoarekin eta bideragarritasunarekin batera”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozio horrek Erriberako ikasleak. Beharrizanak eta itxarokizunak azterlaneko konklusioak aipatzen zituen, zeina Tuterako Campusaren Talde Eragileak aurkeztu baitzuen Parlamentuan –erakundeen eta enpresen ordezkariak, teknikariak eta eragile sozialak biltzen dituen taldea–; eta, horri dagokionez, beharrezkotzat jotzen zuen “Erriberak goi mailako ikasketen eskaintza erakargarria izatea, Erriberako gazteen eskakizunei erantzunen diena eta kanpoko ikasleak erakarriko dituena”.
Horren harira, 2021eko maiatzaren 6an onetsitako erabakia aipatzen zuen, bertan eskatu baitzen Matematikako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradu berriak ezartzeko –azken hori errealitate bihurtuko da 2023-2024 ikasturtean–; eta azpimarratzen zuen osasun arloko espezialitateak, ingeniaritzak, industria-espezialitateak, hezkuntzakoak nahiz giza eta gizarte zientzietakoak ezarri beharra dagoela, bai eta gaur egun ematen diren ikasketekin lotutako masterrak ere.
Proposatzaileak zehazten zuenez, NUPen Tuterako campusean gaur egun bi gradu baino ez dira eskaintzen, Fisioterapiakoa eta Diseinu Industrialeko Ingeniaritzakoa, “eta hauek egiten dute NUPek eskaintzen dituen gradu titulazio guztien ehuneko 8 (titulazioak, guztira, 25 dira, 6 gradu bikoitzez gain)”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (12. NPAO, 2022-02-01ekoa)