Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Otsailak 17

Mozio bat baztertu da, Nafarroako eta Espainiako Gobernuak premiatzen zituena lan egin dezaten A-15 Nafarroako autobian egin gabe dauden tarteak egiteko izapideak aurreratzeko

Errepide honen izaera “estrategikoa” azpimarratzen zuen Navarra Sumak, lanak amaitzean saihestu ahalko baita Castejón eta Almazán arteko errepidea, errei bakarrekoa eta salgaien zirkulazio handia pairatzen duena

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduen, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baitzen “azkartu ditzan Nafarroako autobiaren Almazandik Tuterara bitarteko zati guztien administrazio-izapideak”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean, Nafarroako eta Espainiako Gobernuei eskatzen zien “Villar del Campo eta Ágreda bitarteko zatia lizita dezan, zati horrek ingurumen eraginaren aldeko ebaluazioa baitu 2018az geroztik eta aurrekontu-partida ere bai baitzuen 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorretan”.

 

Era berean, Espainiako Gobernua premiatzen zen “ingurumen eraginaren ebaluazioak eta beste administrazio-eskakizun batzuk amaitu ostean, autobiaren gainerako zatiak lizita ditzan hura erabat amaitu arte”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak “lurralde eta eskualde mailan garapen sozio-ekonomikoari dagokionez” A-15 autobiaren izaera estrategikoa azpimarratzen zuen. Hala, Iruñea eta Madril -Zaragozatik igaro gabe- zuzenean lotzeko aukera emango duten lanak amaitzeko deia egin du, eta, “etorkizunean, Madril-Paris ardatzaren alternatiba izateko A-1 errepidetik, baita Kantauri-Mediterraneo korridorearekin bat egiteko ere”.

 

Almazan eta Tutera arteko zatia amaitzea oso garrantzitsua dela azpimarratzen du mozioak, “hala saihestu ahalko da Castejón eta Almazán arteko 100 kilometrotik gorako errepidea, errei bakarrekoa eta salgaien zirkulazio handia pairatzen duena”. Espainiako Gobernuaren eta, subsidiarioki, Foru Gobernuaren “interesik eza, pasibotasuna eta konformismoa” nabarmentzen dira, 2022ko Aurrekontu Orokorretan 100.000 euro tramoko soilik esleitu baitira.

 

Atzerapen horrek, proposamena egin duenaren iritziz, “eragotzi egiten du nafar guztientzako enplegua, ongizatea eta aberastasuna sortzen duten enpresa-ekimen berriak finkatzea, eta agerian uzten du ondo planifikatutako eta finantzatutako errepide-sare batek oinarrizko zerbitzuetarako gastu publikoa arrazionalizatzeko duen garrantzia”.