Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten du euskararen gutxieneko ezagutza eskatzea ikasle guztiei
Euskararen Foru Legean ezarritakoaren arabera, Navarra Suma eta PSNk hizkuntza-ereduen artean familiek libreki hautatzeko duten eskubidea azpimarratzen dute, zonalde bakoitzeko errealitatearen arabera
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren eta PSNren aldeko botoekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez Legebiltzarrak errefusatu egiten baitu “euskararen gutxieneko ezagutza eskatzea ikasle guztiei, eta gogora ekartzen du Euskararen Foru Legeak jasotzen duen eskubidea, familiek hizkuntza-ereduen artean libreki hautatzeko dutena, eremu bakoitzeko errealitate soziolinguistikoarekin bat”.
PSN eta EH Bilduk ordezteko zuzenketak aurkeztu dituzte, baina Navarra Sumak, ekimenaren titularrak, ez ditu onartu.
Sozialistek proposatzen zuten Hezkuntza Departamentuari eskatzea “Foru Komunitatean dauden hizkuntza-eredu desberdinen plangintza egiterakoan gizarte-eskaerari erantzun diezaion eta erabaki dezan eredu horiek ikastetxe bakoitzean aplikatzeko modua, Euskararen Legeak hizkuntza-eremu bakoitzerako ezarritako moduan”.
EH Bilduk, berriz, “ikasleak erdigunean jartzen dituen” hezkuntza-sistema baten aldeko apustua egiten zuen, “kalitatea, aukera berdintasuna, ekitatea, gizarte-kohesioa eta inklusioaren alde egiten duena”. Era berean, proposatzen zuen “aldeztea ikasle guztiek izan behar dutela bermatua euskarazko gutxieneko ezagutza bat lortzeko eskubidea, elkarbizitzaren eta eskola-segregazioaren aurkako borrokaren mesedetan”.
Zioen azalpenean, Navarra Sumak aurkeztutako ebazpenak 1986ko Euskararen Foru Legearen zioak errepikatzen ditu, hizkuntz-eremuak defendatzeko, batetik, eta herritarrek euskara Nafarroako “berezko hizkuntza gisa ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubidea” aldarrikatzeko, bestetik.
Ildo horretan eta hizkuntz-eremu bakoitzerako “borondatezkotasun, mailakatze eta errespetu irizpideei jarraikiz”, Gobernuak proposatu duen “Nafarroako eskola adineko haur guztiek euskararen gutxieneko ezagutza izateko aukera” gaitzesten da.
Proposamena egin duenaren ustez, proiektu hori Euskararen II. Plan Estrategikoan sartzeak talka egiten du Foruaren Hobekuntzarekin, bederatzigarren artikuluan ezartzen baita “euskarak gaztelaniaren batera duen koofizialtasuna Nafarroako eremu euskaldunetara mugatzen” dela.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (20. NPAO, 2022-02-15)