2021ean mendekotasun-sistemak artatutako pertsonen kopururik handiena lortu zuela nabarmendu du Nafarroako Gobernuak, 14.334
Navarra Sumaren interpelazio bati erantzun dio, non adierazten den 2015era arte Foru Erkidegoa Espainiako batez bestekoaren gainetik egon dela beti ea ordutik hona huts egin duela
Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariak ostegun honetan azpimarratu duenez, Nafarroak 2021ean 14.334 pertsona artatu zituen mendekotasun sistemaren bidez, Foru Erkidegoaren historiako kopuru "altuena".
Kontrolerako Osoko Bilkuran Navarra Sumak egindako interpelazio bati erantzunez, kontseilariak azaldu du abenduaren 31n Nafarroan 22.071 pertsona zeudela balorazioa eginda, eta horietatik 17.044k mendekotasun mailaren aitorpena zutela. "2020an beherakada txiki bat egon zen pandemiaren ondorioz bai aitorpena duten pertsonen artean, bai prestazioak eta zerbitzuak jasotzen dituzten pertsonen artean, baina 2021ean artatutako pertsonen kopuruak berreskuratu ditugu, eta iaz % 7ko hazkundea izan zen. 2021ean artatutako pertsonei dagokienez serie historikoko zifrarik altuenarekin amaitu genuen urtea, 14.334, eta guztira 18.803 prestazio eta zerbitzu jasotzen dituzte", berretsi du.
Gainera, Maeztuk adierazi du, 2015etik hona hazkundea “izugarria” izan dela, “5.557 pertsona gehiago baititugu prestazio eta zerbitzuak jasotzen, ehuneko 63,3 gehiago".
Kontseilariak nabarmendu duenez, Foru Gobernuak "inoiz ezagutu den aurrekontu-inbertsio publikoaren hazkunderik handiena" egin du, eta Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren aurrekontua 267,2 milioikoa dela azpimarratu du, 2019an baino ia % 30 gehiago eta 2014an baino % 67 gehiago, "hau da, 107,5 milioiko hazkunde absolutua. Legegintzaldiko urte hauetan gainditu egin dugu aurreko legealdiko aurrekontu-igoera", ziurtatu du.
Carmen Maeztuk gaineratu duenez, aurten “telelaguntza-zerbitzuak koordainketa ezabatzeko eta 2022an doakoa izateko urratsak” emango ditu Gobernuak, eta horrez gain, “herritarrei arreta emateko denboretan jauzi berri bat emateko kudeaketa-izapideak sinplifikatuko ditugu, mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako 400 egoitza-plaza abiaraziko ditugu, eta zortzi eguneko zentro eraikitzea bultzatuko dugu".
Marta Álvarezek (Navarra Suma) adierazi duenez, nahiz eta kontseilariak esan proiektuak martxan jarriko dituztela, "legegintzaldiko ia hiru urte igaro dira eta hori guztia egin gabe dago oraindik. UPNk gobernatzen ez duenetik % 13 jaitsi dira zerbitzuak eta laguntzak, berriz, % 13 igo dira. Departamentu honentzat inoiz baino diru gehiago dauka kontseilariak, baina ez du kudeatzeko eta bere promesak betetzeko gaitasunik", adierazi du.
Álvarezek helarazi duenez, Mendekotasunaren Behatokiaren txosten baten arabera, "mendekotasunaren arretari dagokionez Nafarroak behera egin du Espainiako batez bestekoarekin alderatuta. 2015era arte, Nafarroa Espainiako batez bestekoaren gainetik egon ohi zen beti, eta 2015etik aurrera, berriz, azpitik. Nafarroa beti izan da aitzindaria, beti izan da aurreratua arlo sozialean, baina 2015etik aurrera huts egiten ari da", azpimarratu du.
Nuria Medinak (PSN) honela erantzun dio Navarra Sumako parlamentariari: "ausardia behar da tribuna honetara igo eta Gobernuak mendekotasun-arloan egiten duen kudeaketa kritikatzeko, gezurrak eta manipulazioa erabiliz. Maistra bat da datuak manipulatzen eta nahi duena sinestarazten, behin eta berriz nabarmenduz dena gaizki doala eta UPNk gobernatzen zuenean dena zoragarria zela. UPNk ez du inoiz mendekotasuna artatzeko kalitatezko sistemaren alde egin. Gaur egungo egoera ez da sozialistok lortu nahi duguna, asko dago egiteko, baina errealitatea da Nafarroako Gobernuak gogor lan egin duela lehenengo minututik mendekotasunaren arretan jauzi kualitatibo bat emateko".
Isabel Aranburuk (Geroa Bai) adierazi duenez, bere taldeak badaki “departamentuak denboraldi zail honetan egin duen lan guztia, aurreko legegintzaldian egindako lanari jarraipena emanez, eta datuek horrela bermatzen dute, baina argi dago konpromiso batzuk atzerapenarekin doazela eta ez direla gauzatu, adibidez, telelaguntza aurreratua, lizitazio-prozesuan baitago. Departamentuaren ildoekin bat gatoz, baina bete gabe dauden konpromisoak bete behar dituela uste dugu", errepikatu du.
Patricia Peralesek (EH Bildu) adierazi duenez, mendekotasuna duten pertsonen balorazioaren epeek "gora egin dute berriro, oso gai larria da eta denborak murriztu egin behar dira". Gainera, ziurtatu duenez, "baloratzeko moduak ez dira egokienak, arreta asistentzialean oinarritzen baitira, pertsonen mendekotasun fisikoan oinarrituz eta kasu gehienetan beste dependentzia mota batzuk erabat kanpo geratzen dira. Une honetan ditugun zerbitzuak urriak dira, ez diot inori errua botako, baina zentzu horretan hausnarketa bat egin behar dugu”.
Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) adierazi duenez, Mendekotasun Legea "oso ondo hasi zen, baina ez zen inoiz garatu eta gainera PPk ondoren murriztu egin zuen. Espainiako eta Nafarroako Gobernuen arteko ahalegin bateratua egiten ari gara, eta finantzaketari dagokionez une gozo batean gaude", adierazi du, baina "Podemosen asmoa eredu publikoa, doakoa eta unibertsala da, eta errealitatetik oso urrun dago oraindik".
Azkenik, Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) azaldu duenez, eztabaida honetan "Nafarroan mendekotasun-egoeran bizi diren pertsona guztiek bizi-baldintza duinak dituzten aztertu nahi da, eta uste dut gaur egun mendekotasuna duten pertsonak, printzipioz, ondo artatuta daudela, nahiz eta hobetu daitekeen. Lana dago egiteko, itxaron-zerrendak murriztea, esaterako".