Noiz argitaratua Astelehena, 2022.eko Otsailak 28

2022ko otsailak 28

MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTELEHENA, 2022ko OTSAILAK 28– EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura presentziala egin dute gaur –astelehena, otsailak 28–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legea aldatzen duena. Nafarroako Alderdi Sozialista eta Geroa Bai talde parlamentarioek aurkeztu dute. Prozedura arrunta.

 

MOZIOAK:

- Hurrengo mozioa batzordean izapidetzeko eskaera: mozioa, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita Nafarroan Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka borrokatzeko 2021-2026 aldirako Plana Nafarroako Parlamentuari igor diezaion, honek haren gaineko jarrera azal dezan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.  

- Horren bidez, Osasun Departamentua premiatzen da Nafarroako haur- eta gazte-populazioan suizidioa prebenitzeko estrategia bat ezar dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Patricia Fanlo Mateo andreak aurkeztu du. 

- Horren bidez, Estatuko Gobernua premiatzen da Erromako Estatutuaren aldaketa bultzatzeko politika bat azter dezan, ekozidioa nazioarteko delitu gisa aitortze aldera. Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Ainhoa Aznárez Igarza andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Parlamentuari 2022ko Irisgarritasun Plan Operatiboa igor diezaion. Navarra Suma talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du. 

 

AGERRALDIAK:

- Eskubide Sozialetako kontseilariarena, Eskubide Sozialen arloan 2021ean Next funtsekin finantzatutako proiektuen exekuzioa esplika dezan. Navarra Suma talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du .

- Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariarena, balora ditzan Nafarroako Auzitegi Probintzialeko Hirugarren Atalak emandako 79/2022 epaiaren edukia eta efektuak. Horren bidez ezetsi egiten da Navarra de Construcción SA Construcciones GM SA aldi baterako enpresa-elkarteak aurkeztutako apelazio-errekurtsoa, Iruñeko Lehen Auzialdiko 1. Epaitegiak 2019ko irailaren 13an emandako epaiaren aurkakoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Pablo Azcona Molinet jaunak aurkeztu du. 

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Eskaera, Lantxotegi elkarteak ere parte hartzekoa CEAR-Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordearen Nafarroako delegazioaren ordezkaritza batekin egin behar den lan-bilkuran, zeinak xedetzat baitu azaltzea zaurgarritasun-egoeran dauden atzerritarrei harrera emateko egiten duten lana –hizkuntza ikasteari dagokionez bereziki–, bai eta gizarteratze nahiz laneratze eraginkorrerako egiten dituzten proposamenak ere. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.  

- Estellerriko Toki Ekintzako Taldea-TEDER elkartearen ordezkariekin, “Energiarako Eskubidea” proiektuari buruz informa dezaten. Navarra Suma, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Nafarroako Médicos del Mundo eta Medicus Mundi elkarteen ordezkariekin, aurkez dezaten “Osasuna garapenerako lankidetzan eta ekintza humanitarioa” txostena. Marta Álvarez Alonso andreak (Navarra Suma talde parlamentarioa), María Aranzazu Biurrun Urpegui andreak (Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioa), Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute. Haien izapidetzeko onarpena eginkizun geratu da, harik eta agerraldi-egileek justifikatzen duten arte zergatik eskatzen duten parte-hartze telematikoa.

- ANAFIE-Nafarroako Filosofia Elkartearen ordezkaritza batek azter dezan gobernuak curriculumera filosofia berrekartzeari begira hartu zuen konpromisoa eta nola filosofiak, filosofiaren historiak eta balio etikoek azken batean eragina jasanen duten LOMLOE legeak indarra hartzearen ondoriozko aldaketak direla-eta. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- ANCAP-Prostatako Minbiziaren elkartearen ordezkaritza batek ezagutaraz ditzan  elkartea, horren beharrizanak eta eskariak. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu Nafarroa foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Nafarroako Gobernuaren Administrazio Erroko lan-kontratudun langileen enpresa-batzordearen ordezkaritza batek azal dezan zer egoeratan dauden erlijio-irakasleak, irakasgaiaren murrizketa dela-eta. Navarra Suma, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek aurkeztu dute.

- Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Ligaren ordezkaritza batek informa dezan Arma Nuklearrak Debekatzeko Itunari eta itunarekiko atxikimenduaren bidez bakearen aldeko lidergo bat Espainiatik gauzatzeko aukerari buruz. Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Kolektibo zaurgarriak babeste aldera Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak eginiko ekintzei buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Blanca Isabel Regúlez Álvarez andreak aurkeztu du. 

- Nafarroako Gobernuak babes ofizialeko etxebizitzak erosteari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Aranzazu Biurrun Urpegui andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jasangarrirako estrategiari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Ainhoa Unzu Gárate andreak aurkeztu du.

- Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerrak Nafarroako enpresetan izanen duen eraginari eta haren ondorio ekonomikoei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Ainhoa Unzu Gárate andreak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Galdera berrestea, 2020ko Kontu Orokorrei buruzko txostenean Kontuen Ganberak adierazitako salbuespenari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du. 

- Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatzen duen maiatzaren 10eko 8/2021 Foru Legeak ukitzen dituen abeltzaintzako instalazioen eskariei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du. 

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute 2021ean emandako abalei eta abalatutako zenbatekoei buruzko informazioa, Nafarroako Gobernuak aurkeztua.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Aurki amaitzera doanez Asun Olaechearen kargualdia, Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, erabaki du hasiera ematea Nafarroako Kontuen Ganberako sei urterako lehendakaria hautatzeko prozedurari. Hautagaitzak aurkezteko epea martxoaren 10eko 17:30ean amaituko da.

 

Hautaketa Osoko Bilkuran eginen da, boto-paperen bidezko isilpeko bozketa bidez. Gehiengo osoa ezinbestekoa izanen da lehenengo bozketan. Ez badago gehiengo horretara iristen den hautagairik, bigarren bozketa bat eginen da boto gehien lortu duten bi hautagaien artean, eta hautatua izanen da boto gehien lortzen duena. Hautagai bakarra egonez gero, bigarren bozketan gehiengo soilez ebatziko da.

 

Kontuen Ganberari buruzko Foru Legearen 25.3 artikuluan ezarritako hautatze-prozedurako bozketaren batean berdinketarik gertatuz gero, errepikatu eginen da bozketa; eta, berdinketak iraunez gero, bozketa eten eginen da lehendakariak ezartzen duen denboraz. Denbora hori iragandakoan, hirugarren bozketa bat eginen da; eta, azken bozketa horretan berriro ere berdinketarik egonez gero, zozketa eginez ebatziko da.

 

Hautagai izateko baldintzei dagokienez, 19/1984 Foru Legeko 25.2 artikuluak agintzen du zuzenbideko edo ekonomi eta enpresa-zientzietako lizentzia edo merkataritza-irakasle titulua eduki beharko dela. Agindu horren 4. apartatuak xedatzen du ezen, izendapena parlamentari izaera duen norbaitengan suertatzen bada, jabetza hartu baino lehen bere eserlekuari uko egin beharko diola. Bosgarren apartatuak eragotzi egiten du hautatua izatea sektore publikoaren diru-sarreren edo gastuen kudeaketako, ikuskapeneko edo kontu-hartzailetzako eginkizunak izendapen-dataren aurreko bi urteetan zehar bete dituen norbait.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak ez dute onartu Nicolás Alba Rico jaunak aurkezturiko eskari-idazkia.

 

GAI EKONOMIKOAK, BARNE ANTOLAMENDUKOAK ETA KONTRATAZIOARI BURUZKOAK:

- Mahaiak eranskina onetsi du, Nafarroako Parlamentuaren eta Nafarroako Gazte Kontseiluaren artean 2022an jarduketak egiteko sinatutako esparru-hitzarmenarena.

 

- Mahaiak onetsi egin du proposamen bat, Nafarroako Parlamentuan Amaiur, Erresuma defendatu zuten nafarrak hitzaldia egitekoa, Peio Monteano Historiako doktorearen eskutik. Apirilaren 8an izanen da, 18:00etan, erabilera anitzeko aretoan.

 

- Mahaiak onetsi egin du Autismoaz Kontzientziatzeko Nazioarteko Eguna dela-eta Nafarroako Parlamentuaren fatxada argiztatzeko proposamena.

 

- Mahaiak onetsi egin du Parlamentuko atalondoan TRACASAren sorreraren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldi bat egitea, gaur egun arte izan duen ibilbidea jasotzen duen erakusketa bat paratzearekin batera. Martxoaren 25ean izanen da, 10:00etan, erabilera anitzeko aretoan. Erakusketa, egun horretan bertan inauguratzekoa, apirilaren 23ra arte egonen da jendearentzat ikusgai.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

 

Nafarroako Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak Errusiaren eraso militarra salatzen du, eta eskatzen du berehala buka dadila eta haren indar militarrak Ukrainatik atera daitezela. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1. Nafarroako Parlamentuak Errusiaren eraso militarra salatzen du, eta eskatzen du berehala buka dadila eta indar militarrak Ukrainatik atera daitezela.

 

2. Nafarroako Parlamentuak borrokak berehala buka daitezela exijitzen du, biktima-kopurua handitu aurretik, eta tropak itzul daitezela nazioarteak Errusiako Federazio gisa aitortutako lurraldera.

 

3. Nafarroako Parlamentuak eragile guztiei dei egiten die Errusiak hasitako gatazka belikorako konponbideak bila ditzaten.

 

4. Nafarroako Parlamentuak berresten du desadostasunak konpontzeko esparrua Nazio Batuen Gutuna dela, bakearen eta diplomaziaren bideak erabiliz.

 

5. Nafarroako Parlamentuak Europako erakundeak premiatzen ditu arta ditzaten Ukrainatik lekualdatu eta Europako beste herrialde batzuetan babesa bilatzen ari diren pertsonak.

 

6. Nafarroako Parlamentuak bere babes eta elkartasun erabatekoa adierazten die Ukrainako Gobernuari eta herriari eta, halaber, Errusian gerraren aurkako manifestazioetan parte harturik jazarpen polizial eta militarra pairatzen ari diren pertsonei.

 

7. Nafarroako Parlamentuak elkarretaratze baterako dei egiten du, Nafarroako Foru Komunitateko erakunde nagusiekin batera: 2022ko otsailaren 28an, astelehenarekin, 12:00etan eginen da, Iruñeko Sarasate pasealekuan, Ukrainako egoera salatzeko eta adierazpen honetan onetsitako puntuak babesteko.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Gaixotasun Arraroen Mundu Egunaren ospakizunarekin, bere fatxada otsailaren 28an kolore arrosaz argiztatuz. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Gaixotasun Arraroen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, bere fatxada otsailaren 28an kolore arrosaz argiztatuz.

 

2. Nafarroako Parlamentuak funtsezko deritzo ikerketa sustatzeari.

 

3. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du FEDER eta GERNAren eskaerekin; hots, beharrezkoa dela berdintasun-baldintzetan bermatzea beharrezkoak diren artatze-zerbitzuetarako irispidea, hala nola arreta goiztiarra, errehabilitazioa, logopedia eta arreta psikologikoa.

 

4. Nafarroako Parlamentuak gizarte-zerbitzuen indartzearen aldeko apustua egiten du; batez ere, desgaitasunaren eta mendekotasunaren arretarekin zerikusia dutenenaren aldekoa.

 

5. Nafarroako Parlamentuak jotzen du ezen gaixotasun arraroak dituzten adingabeek erabateko eta beren premia berezietara doituriko irispidea eduki behar dutela hezkuntzara, eta gaixotasun arraroak dituzten pertsonen laneratzea faboratu beharra dagoela.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak berretsi, baliozkotu eta aldeztu egiten baitu 45. EUCOCOren amai-adierazpena, joan den abenduaren 11n Las Palmas Kanaria Handikoan onetsia. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

Nafarroako Parlamentuak berretsi, baliozkotu eta aldeztu egiten du 45. EUCOCOren amai-adierazpena, joan den abenduaren 11n Las Palmas Kanaria Handikoan onetsia.