Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Martxoak 3

Parlamentuak onetsi du aintzat hartzea Babestutako etxebizitza ordainerrazen parke bat sustatzeko Foru Lege proposamena

Errentamendu-prezioei buruzko diagnostiko erreal bat sortu nahi da, esparru bereziki tenkatuetan merkatuak arautzeko neurriak hartzeko

Gaur egindako osoko bilkuran, Parlamentuak onetsi egin du aintzat hartzea Babestutako etxebizitza ordainerrazen parke bat Nafarroan sustatzeko Foru Lege proposamena. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek lege proposamenaren alde bozkatu dute, Navarra Sumak, berriz, aurkako botoa eman du.  

 

PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk sustatu dute lege proposamena. Hona haren xedea: mekanismo berriak jartzea Administrazioaren esku –tartean babes ofizialeko etxebizitzaren kalifikazio mugagabea, Alokairu Jasangarritasunaren Indizea (AJI) edo Errentamendu Kontratuen Erregistroa–, behar adina etxebizitza babestu eta ordainerraz sortu ahal izateko, errentamendu-prezioei buruzko diagnostiko erreal batean oinarrituta, hori izanen baita abiapuntua merkatuko esparru bereziki tenkatuak zehaztu eta arautu ahal izateko.

 

Alokairu Jasangarritasunaren Indizea errentamendu-prezioak arautzeko sistema bat da, eta formula hau du oinarri: 334/2001 Foru Dekretuaren arabera etxebizitzak duen balioa (prezio libreko etxebizitza erreformadunaren balioa) bider koefiziente bat, zeina urtero zehaztuko baita eta balio desberdinak izan ahalko baititu herri edo zona zehatzetarako. Haren balioa zero denean, ulertuko da ez dela aplikatzeko modukoa.

 

Indarreko bizigarritasun-zedula eta zeroz bestelako koefizientea dauzkan Nafarroako edozein etxebizitzatarako AJIaren gutxieneko balioa urteko 3.600 eurokoa izanen da. Gehieneko balioa, berriz, hau izanen da: kide bakarreko familia-unitate batentzako Errenta Bermatuaren urteko zenbatekoa halako 1,5.

 

Salmenta-prezioari eta errentari dagozkien mugak dituzten etxebizitza babestuen kasuan, haien Alokairu Jasangarritasunaren Indizea izanen da legez baimendutako gehieneko errentamendu-prezioaren zenbateko berekoa.

 

Oro har, etxebizitza babestuen araubideak iraupen mugagabea izanen du. Beraz, ez da onartuko etxebizitza babestuak garaiz aurretik deskalifikatzerik. Are gehiago, proposatzen da etxebizitza babestuetarako diren lurzoruetan sustatzen diren etxebizitza guztietara hedatzea kalifikazio mugagabe hori, eta atea irekitzen da lurzati libreetan ere etxebizitza babestuen sustapenak egin ahal izateko.

 

Errentamendu Kontratuen Erregistroa eratzen da, Nafarroako Etxebizitza Erregistroaren luzapen gisa, eta bertan inskribatu beharko dira Nafarroan kokatutako etxebizitzen errentamendu-kontratu guztiak. Inskripzioa eginen da Nafarroako Gobernuaren etxebizitza-alorreko webgune tematikoan xede horrekin eskueran ipinitako aplikazio informatikoaren bitartez, hilabeteko epean, errentatzaileak eskatuta. Errentariak inskripzioa egin ahalko du kontratuak indarrean dirauen bitartean.

 

Jatorrizko kontratuko baldintzen aldaketak errentatzailea behartuko du inskripzioa aldatzera eta agiri berri bat jaulkitzera. Erregistraturiko errentamendu-kontratua bukatutakoan, inskripzioa ezereztu eginen da, errentatzailearen ekimenez, betiere kontratu-bukaera frogatu ondoren.

 

Legeak indarra hartzen duenetik bederatzi hilabeteko gehieneko epean jarriko da abian erregistroa, eta alorrean eskumena duen zuzendaritza nagusiak kudeatuko du.

 

Arauak aurreikusten du, halaber, jabe handien edo pertsona juridikoen etxebizitza hutsen erabilera desjabetu ahal izatea. Atal horretan, bi urtetik urtebetera laburtzen da etxebizitza batek hutsik egon beharreko epea, higiezin huts hori Foru Gobernuak aktibatu duen etxebizitza hutsen erregistroan sartu ahal izateko.

 

Azkenik, etxebizitza babestuen sustapena areagotze aldera, lege-testuak bizitegi-garapen berrietan % 50eko erreserba ezartzen du etxebizitza babestuetarako. Eskatzen du, gainera, kuota horren herena, gutxienez, alokairurako izatea, eta ahalbidetzen du etxebizitza libreak eta babestuak batera egotea sustapen berean edo are atari berean, gizarte-kohesiorako bitarteko gisa.

 

Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Zentsuaren bidez etxebizitza adjudikatzeko baremo berria 2022ko abenduaren 1etik aurrera hasten diren esleipen-prozedurei aplikatuko zaie.

 

Azkenik, proposamenak Nafarroako Gobernuari baimena ematen dio testu bategin bat onets dezan 24 hilabeteko epean, jasoko dituena, behar bezala harmonizatuak, 10/2010 Foru Legea, Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzkoa, eta aldatutako eta eragindako gainerako arauak.

 

Babestutako etxebizitza ordainerrazen parke bat Nafarroan sustatzeko Foru Lege proposamena aintzat hartu eta gero, Batzordeak irizpena eginen dio, eta ondoren Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.