Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Martxoak 15

Nafarroako Gobernua premiatzen da Parlamentuari 2022ko Irisgarritasun Plan Operatiboa igor diezaion

Beharrezkotzat jotzen da Ganberaren esku-hartzea planean jaso daitezkeen defizitak zuzentzeko

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSN eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroako Parlamentuari 2022ko Irisgarritasun Plan Operatiboa igor diezaion, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren XIII. tituluaren II. kapituluan xedatuari jarraikiz izapidetua izan dadin”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legea aipatzen du, zeinak ezartzen baitu Nafarroako Gobernuak irisgarritasun unibertsalaren arloko jarduera-plan bat aurkeztu behar duela Nafarroako Parlamentuan, irisgarritasun unibertsalaren eta pertsona guztientzako diseinuaren eskubideari buruzko defizitak zuzentzeko. Hori dela eta, gaitzesten du “ez 2018an, ez 2019an, ez 2020an, ez zela plan hori aurkeztu Nafarroako Parlamentuan”.

 

Nafarroako Gobernuak 2022rako plan berri bat egiteari buruz egin duen iragarpenaren aurrean, proposamena egin duenak gehitu du, “dirudienez, ez duela izaera estrategikorik izango, ezta irisgarritasunaren arloko defizitak zuzentzeko zenbateko ekonomikoekin finkatutako egutegirik ere”.

 

Era berean, ondorioztatu du 2021eko planaren ebaluazioan “gabezia oso garrantzitsuak antzeman direla departamentu guztietan, Irisgarritasunari buruzko Foru Legeak dakarrenari dagokionez, eta, askotan, hura betetzeko borondateari dagokionez”; horregatik, beharrezkotzat jotzen du Parlamentuak esku hartu ahal izatea, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, “2022rako Plan Operatibo horretan jaso daitezkeen defizitak zuzentzeko”.

 

Bilkura Jorge Aguirrek zuzendu du (PSN), eta bertan izan dira Marta Álvarez, José Suárez, Ángel Ansa, Elena Llorente, Carlos Pérez-Nievas, Cristina Ibarrola (Navarra Suma), Inma Jurío, Virginia Magdaleno (PSN), Jabi Arakama, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Arantza Izurdiaga (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

Mozioa (28. NPAO, 2022-03-04koa)