Patxi Vera Donazar Foru Komunitateko ararteko karguaz jabetu da
Unai Hualdek karguaren “erantzukizuna” azpimarratu du, eta ararteko berriak ohartarazi du akats eta bidegabekeriak egiten direla administrazio publikoen egitura zaharkituaren ondorioz
Gaur eguerdian Patxi Vera Donazar Nafarroako Foru Komunitateko ararteko karguaz jabetu da Nafarroako Parlamentuan. Javier Enerizek lekua utzi dio karguan hamabost urte egin ondoren, horietatik bederatzi bitarteko ararteko gisa.
Nafarroako ereserkia entzun ondoren, bere hitzaldian Unai Hualdek esan du etapa berri bat hasi dela. “Legebiltzarraren hiru bostenen abala lortzeko zailtasunak gaindituta, erantzukizun izugarria duen lana esleitu zaio Patxi Verari, ez dira alferrik utzi haren eskuetan Konstituzioak babestutako eskubide eta askatasunen defentsa eta hobekuntza. Funtsezko zeregina da, ezinbesteko lana, herritarrak Administrazioaren balizko gehiegikeria eta axolagabekerietatik babesteko”.
Arlo horretan, Verak duen “lankidetza” profila goraipatu ondoren –“ezin hobeki ezagutzen du suertatu zaion bitartekari lana, eta bikain beteko du inondik ere”–, lehendakariak Arartekoaren figura arautzen duen foru legean egindako azken aldaketa aipatu du. Horren xedea da “bermatzea administrazio publikoek arartekoaren gomendioak betetzen dituztela. Luzamendu gutxiago eta eraginkortasun handiagoa lortu nahi dira, eta Parlamentuak aho batez onartu zuen hori”.
Gauzak horrela, eta pandemia edo Ukrainako gerra bezalako hondamendiei lotutako “garai latzetan” gertatu den “balioen eta giza eskubideen krisia” hizpide hartuta, lehendakariak esan du garai nahasietan balio berezia hartzen dutela Arartekoa bezalako erakundeek. “Ez diot gogorik kendu nahi, guztiz alderantziz, Parlamentuaren mandatudun berria motibatu egin behar dugu kexa, nahigabe eta iradokizunei erantzun diezaien. Horixe da laguntzea. Zaila da, baina aldi berean zirraragarria eta gogobetegarria”.
Azkenik, erakundearen burutzan egindako “lan ederra” eskertu dio Javier Enerizi –“justizia defendatzen jarraituko duzu”–, eta, amaitzeko, Hualde berriz ere prest agertu da Foru Legebiltzarretik elkarlanean aritzeko “erakunde guztien funtzionamendu ona sustatzen”.
Jarraian, Mahaiko kideen aurrean karguaren promesa egin eta lehendakariaren eskutik Parlamentuaren intsignia jaso ondoren, Patxi Vera Donazarrek eskerrak eman dizkie bere hautagaitzaren sinatzaileei, kargua utzi duen arartekoari eta aurrekoei, eta esan du azken horiei eskertu behar zaiela “erakundearen oinarriak ezarri eta hura garatu eta indartu izana independentziari eutsiz, hori guztia eskubide eta askatasunen defentsan”.
Etorkizunari begira, Patxi Verak hau adierazi du: “Lehen helburua izanen da inor atzean ez uztea. Nire eginkizun nagusia izanen da Nafarroako administrazioak gainbegiratzea, adierazpen instituzionaletatik harago, ea egiaz betetzen duten NBEk 2015eko irailean 2030 Agenda onetsi eta gero finkatu zituen Balio Unibertsaletako bigarren printzipio hori”.
Testuinguru horretan, ararteko berriak ohartarazi duenez, administrazioek “ez dute lan erraza, XIX. mendean pentsatutako egitura hori ez delako egokia XXI. mendeko beharrei erantzun eraginkorra eta efizientea emateko. Erreforma falta horretatik eta eguneroko jardunetik sortzen dira herritarren desabantaila egoerak, elkarren kontrako interpretazioak, hutsegiteak, aplikazio bidegabeak, prozedura korapilatsuak, inprimaki ulergaitzak, atzerapenak eta abarrekoak”.
Bestalde, “bereizkeriekin eta desberdinkeria gero eta larriagoekin” zerikusia duen guztian, Patxi Vera prest agertu da “horien kausen kontra borrokatzeko, hesiak eraisteko eta bide emateko aukera berdintasunari eta eskubideen erabilerari. Proaktiboa izan nahi dut eta hurbiltasun berezia izan kolektibo zaurgarrienekin, haiei entzun eta hitza eman. Lagundu egin nahi diet”.
Esandakoaren harira, baina egungo egoerarekin zuzenean loturik, Vera harro agertu da “Nafarroa dena ematen ari delako Ukrainako herriari laguntzeko, errefuxiatuen harrera barne. Baina ez dugu ahaztu behar baditugula gure artean beste herrialde batzuetako errefuxiatu politiko eta ekonomikoak, eta horiei ere ezin diegu laguntza ukatu. Botere publikoen ardura eta nafarren elkartasuna pertsona horiei guztiei iritsi behar zaizkie, tartean direla pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren arriskua duten nafarrak”.
Azkenik, ararteko berriak bere egin du Nazio Batuen baieztapen bat, Nafarroara ekarriz mundu “justu, bidezko, tolerante, ireki eta inklusibo” baten ametsa eta konpromisoa hartuz Foru Komunitatea “hobetzeko” eta “sekula ere ez txartzeko. Mila esker nigan uste osoa izateagatik”.
Euskal Herriko Txistulari Elkarteak musikaz lagundu du ekitaldia.
Patxi Vera Foru Komunitateko ararteko karguaz jabetzeko ekitaldian izan dira, Mahaiko kideez eta talde guztietako parlamentariez gainera, Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chivite, Espainiako ararteko Ángel Gabilondo, Aragoiko, EAEko, Kataluniako eta Gaztela eta Leongo ararteko titularrak edo ondokoak, eta organo judizialen eta NUKFren ordezkariak.
Nafarroako Ararteko erakundearen eginkizuna da Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako toki erakundeen jarduna gainbegiratzea, Nafarroako herritarren eskubideak eta askatasun publikoak babestu eta hobetzeko. Nafarroako Parlamentuak hautatzen eta izendatzen du, eta hari baino ez dizkio aurkeztu behar bere jarduketen emaitzak.