Tracasaren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin du Nafarroako Parlamentuak
Une bakoitzeko eskakizun ekonomiko eta teknologikoetara egokituz Tracasak hobekuntza eta berrikuntzarako eta tokikotik globalera igarotzeko duen gaitasuna nabarmendu du Hualdek
Nafarroako Parlamentuak Tracasa enpresa publikoaren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin du gaur. Unai Hualdek azpimarratu duenez, “erreferente” bat den erakunde batenganako balantze eta aintzatespenerako ekitaldi instituzional bat izan da, gaur egun “dibertsifikatuta” dagoen sektore baten garapen ekonomiko, teknologiko eta enpresarialari egiten dion ekarpenagatik.
Irekiera hitzaldian, Unai Hualdek 1982an eratu zenetik gaur egun arte Trabajos Catastrales S.A. enpresa publikoaren ibilbidea azaldu du, enpresa bitan zatitu eta “Tracasa de Mercado” eta “Tracasa Instrumentalen” sorrera aipatuz. Pasa diren sei urte hauetan banatzeko erabaki hori “egokia” izan dela frogatu dela adierazi du, “une bakoitzeko eskakizunetara egokitzeko duen hobekuntza- eta berrikuntza-gaitasunaren ondorioz. Katastroaren, lurralde-informazioko sistemen, software-ingeniaritzaren eta zorren kudeaketaren arloetan, besteak beste, lau hamarkada daramatza erreferente izaten, arrazoi nahikoa da hori gaur hemen Tracasari gure zorionik zintzoena emateko”.
Arlo horretan, eta “Tracasak toki-erakundeen kudeaketa egokiari egindako ekarpen handia” azpimarratu ondoren, bere esperientzia pertsonaletik bertatik egiaztatu ahal izan zuen bezala -Altsasuko alkate ohia da Hualde-, Legebiltzarreko lehendakariak aipatu du “talentu kolektiboa” dagoela bi enpresa horien atzean, eta, amaitzeko, herritarrei gonbita egin die zerbitzu publiko horren bokazioa azaltzen eta interpretatzen duen erakusketa atalondoan bisita dezaten.
“Erakusketa hau Tracasaren historian zehar egindako ibilbidea da, baina Nafarroako gizarteak une bakoitzeko eskakizun ekonomiko eta teknologikoetara egokitzeko egin behar izan dituen aldaketak behatzeko aukera ere ematen du. Tokikotik globalera, gure komunitatearentzat oso garrantzitsua den ezagutza- eta berrikuntza-ereduarekin. Nafarroatik mundurako leiho bat da”, adierazi du Hualdek.
Azkenik, lehendakariak eskerrak eman dizkie zuzendaritza-taldeari eta Tracasako gainerako langileei, eta “urteak betetzen jarrai dezaten” opa die, “gauzak ondo egiten diren seinale izango delako, eta Nafarroak bere talentuari eta berrikuntzari etekina ateratzen jarraituko duelako. Eskerrik asko”.
Jarraian, Juan Cruz Cigudosak, gaur egun Tracasa Instrumentaleko administrazio-kontseiluko presidenteak eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak, “zerbitzua eskaintzeko bokazioa eta modernizazioaren eta garapen teknologikoaren aldeko apustu etengabea” nabarmendu ditu, bi alderdi horiek Foru Komunitatearen lidergoa finkatzen lagundu baitute eraldaketa digitalaren arloan.
Bestalde, Tracasa Globaleko administrazio kontseiluko presidente eta Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Mikel Irujok adierazi du “Tracasa gaur egun mundura irekitako leihoa” dela Nafarroako Gobernuarentzat. “Kualifikazio handiko lanpostuak sortu eta mantendu daitezen laguntzen du, eta gure erkidegoaren erreferentzia ezin hobea da kanpoan, bai Europako agentzia, erakunde eta gobernuetan, baita foro, kongresu eta argitalpen zientifikoetan ere”.
Azkenik, Mar Gonzálezek, Tracasa Instrumentaleko zuzendari kudeatzaileak eta Tracasa Globaleko kontseilari delegatuak, urte hauetan ehunka pertsonak egindako lana eskertu nahi izan du, “40 urteko historia lortzeak duen garrantzia” azpimarratu du eta bi enpresentzat mugarri horrek dakarren bultzada baloratu du, zerbitzu publikoaren, berrikuntzaren eta eraldaketa digitalaren egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
Tracasaren historiari buruzko bideo bat ikusi ondoren eta Tracasako administrazio kontseiluetako lehendakari ohiei opariak eman aurretik, María Chivitek, Nafarroako Gobernuko lehendakariak, “arrakastaz blaitutako historia baten funtsezko mugarriak” errepasatu ditu, adieraziz, Tracasarena “sozietate publikoak Nafarroako garapen ekonomikorako eragile diren froga garbia” dela.
Testuinguru horretan, Chivitek berretsi du Tracasa “izan dela eta gaur egun ere badela tokiko administrazioen, foru-administrazioen eta kanpokoen eraldaketarako palanka”, eta “horren froga dira Copernicus, Avantius edo Ekuadorko kartografiarekin zerikusia duten proiektuak, non, Nafarroako jatorrian bezala, jabego-errolda antolatu duten, kasu horretan nekazaritzakoak. Izaera bikoitz horretatik, tokikoa zein kanpokoa, nazioarteko merkatuan kalitatean lehia daitekeela erakusten duen ageriko erakustaldia".
Amaitzeko, Chivitek talde-lanaren garrantzia azpimarratu du eta emakume batek Tracasako zuzendari kudeatzaile gisa egin duen debuta haztatu du, gehituz “emakume erreferenteak behar” ditugula teknologiaren munduan. Etorkizun oparoa opa dio, Tracasari, “administrazioaren bihotz digitala izaten jarrai dezan, bere eraldaketaren pultsua markatzen duena. Eskerrik asko”.
Ekitaldi instituzionala Tracasa: 40 urteko berrikuntza Nafarroaren zerbitzura erakusketaren inaugurazioarekin amaitu da. Erakusketa honek enpresaren historia laburbiltzen du zortzi kontzeptu nagusiren bidez: Aurrekariak eta Fundazioa, Administrazioa, Lurraldea, Berrikuntza, Katastroa, Globala, Softwarea eta Talentua.
Erakusketa Legebiltzarraren egoitzako atalondoan zabalik egongo apirilaren 23ra arte, 10:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera, ostegunetan izan ezik. Larunbatetan 11:00etatik 14:00etara.
Tracasako 40. urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzionalean izan dira, besteak beste, Parlamentuko Mahaiko kideak, Eledunen Batzarrekoak eta talde parlamentario guztietako ordezkariak, eta Nafarroako Gobernuko eta haren sozietate publikoetako kontseilari eta zuzendari gerenteak. Bertan izan dira, halaber, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, Enrique Maya Iruñeko alkatea, Juan Miguel Sucunza CENeko presidentea eta Juan Carlos Castillo NUKFko presidentea.
Tracasa Instrumental Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko departamentuari atxikita dago, 490 langilek osatzen dute plantilla eta Nafarroako Komunitateko teknologia- eta berrikuntza-arloko garapena indartzeko helburuarekin sortu zen. Erreferentziazko enpresa da Nafarroako Gobernuarentzat eraldaketa digitalari, lurraldearen kudeaketari, zerga-kudeaketari eta herritarren arretari buruzko zerbitzu eta ezagutzetan.
Bestalde, Tracasa Global, orain arte Tracasa bezala ezagutua, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuari atxikita dago, 60 pertsonako plantilla du, balio erantsi handiko negozioetan espezializatuta dago eta aitzindaria da nazio mailan eta nazioartean, informazio espazialeko eta datu-analitikoko sistema aurreratuetan.