Noiz argitaratua Larunbata, 2022.eko Martxoak 26

Nafarroako Parlamentuko lehendakaria Balearretan egindako Autonomia Erkidegoetako Parlamentuetako Lehendakarien Konferentziaren osoko bilkuran izan da

Hualdek partekatu egin ditu, batetik, Klima Aldaketari buruzko Legearen inguruko legegintza-esperientzia, eta bestetik, foru araudia Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentziora egokitzeko urratsak

Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Unai Hualde, Balear Uharteetan izan da gaur, 2022ko Autonomia Erkidegoetako Parlamentuetako Lehendakarien Konferentzian (Coprepa).

 

Palman izandako bilkuran, Vicenç Thomas Balearretako Legebiltzarraren lehendakariak Corpreparen lehendakaritza hartu du 2022. urterako. Botereak eskualdatu arte, kargu hori Blanca Martín Extremadurako Biltzarraren lehendakariaren esku zegoen.

 

Konferentziaren amaieran, adierazpen instituzional bat onetsi da. Horren bidez, nabarmendu da parlamentuak sistema demokratikoaren funtsezko kate-mailak direla,  “eskubide, askatasun eta prestazio publiko unibertsalak” bermatzen baitituzte. Gainera, erabat gaitzesten dira “Putinek Ukrainaren subiranotasunaren eta osotasunaren aurka egindako erasoak”, eta Ukrainako gobernu “legitimoari” babesa ematen zaio.

 

Adierazpenean ohartarazte denez, “Errusiak ziurgabetasun eta segurtasun-gabezia globala, soziala eta politikoa sortu du”. Eraso horren aurrean, dei egiten zaie Europako erakundeei eta biztanleei, “elkartasuna eta migrazioaren fenomenoa kudeaketa arduratsu baten bidez bideratzeko”, eta horretarako  “maila askotako gobernantza-esparru” bati jarraitu behar zaio.

 

2023ra begira, Copreparen lan-planak erronka demografikoa izanen du ardatz, batez ere zahartzea eta despopulazioa; parlamentuetan iraunkortasuna eta berdintasuna lortzea; eta batzarren modernizazioa, digitalizazioa eta interkonexioa.


 

Balear Uharteetako, Extremadurako, Kanariar Uharteetako eta Valentziako Erkidegoko parlamentu eta batzarrek osatuko dute Batzorde Iraunkor berria.

 

Osoko bilkuran, Unai Hualdek gainerako presidenteekin partekatu du Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legea berriki izapidetzearekin eta onartzearekin lotutako legegintza-esperientzia, bai eta foru araudia Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideen Nazioarteko Konbentzioari egokitzeko prestaketa-lanak ere. Lan hori zehazteke dago, erregelamenduaren erreformarekin batera, eta proposamenen horien berri eman dio Coprepari.

 

Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legeari dagokionez, Hualdek martxoaren 17an amaitu zen prozesu baten “kalitate eta dentsitatearen” berri eman du. Prozesu hori aho batez onetsi zen, eta aitzindaria izan zen, bai partaidetza-izaerari dagokionez eta bai eraldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialei dagokienez ere. Izan ere, 2050erako lortu nahi den “neutraltasun klimatikoaren” mesedetan, eraldaketa horiek “eredu energetiko berriaren oinarriak” ezartzen dituzte. Eztabaidak lau hilabetez egin ziren, eta eztabaidatutako 351 zuzenketetatik 121 gehitu ziren.  Foro egokia izan zen beste legebiltzarrei helarazteko Nafarroak adostasun handia lortu duela gai horri dagokionez, gaur egun gai erabakigarria baita”.

 

Bestalde, Hualdek zenbait urratsen berri eman du, Nafarroako legeria Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideen Nazioarteko Konbentzioari egokitzearen inguruan. Prozesu horrek oinarrian du NUPek eta Cermin batzordeak elkarlanean egindako azterketa konparatu bat. Honako hauek dira txosten horren funtsezko bi ondorioak: batetik, legegintzako corpusa bateratzea, eta, bestetik, Bermeei buruzko Foru Lege bat onestea. Lege horrek diskriminazio ezaren eta oinarrizko eskubideen eskakizun bikoitza izanen du. Gainera, txosten hori ere parlamentu osoak babesten du, esan dizuedan bezala”.

 

Azkenik, Unai Hualdek zenbait aldaketa-proposamen azaldu ditu; proposamen horiek Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren erreforma integralari ekiteko 2021eko martxoaren 23an eratutako ponentzian aztertu ziren. Testua eguneratzeko zeregina herritarren parte-hartzeari, gardentasunari, transfugismoari eta hizkera inklusiboari dagokie, besteak beste.