Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen Foru Legearen aldaketa onetsi da
Mezenasgo sozialerako jasotzen den antzeko erregimen bat ezartzen da ingurumen-arloan, eta pizgarri fiskalak emanen dira baliabideak lortzea errazteko
Parlamentuaren osoko bilkurak Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen 10/1996 Foru Legearen aldaketa onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I.Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin. Aldaketa horren bidez, ingurumen mezenasgoaren arloko araubidea ezarriko da, foru lege beraren hirugarren xedapen gehigarrian jada mezenasgo sozialerako jaso denaren antzekoa.
Irakurraldi bakarrean izapidetu da. EH Bilduk sustatutako foru lege horren aldaketaren xedea da ingurumenaren sektoreko irabazi-asmorik gabeko entitateak sendotzen eta indartzen laguntzea, klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren testuinguru honetan, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako ondorioak izango dituzten pizgarri fiskalak sartuz, baliabideak lor ditzaten sustatze aldera.
Helburu horrekin, hamahirugarren xedapen gehigarria eransten zaio Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legeari, ingurumen arloan diharduten erakundeek zerga-onurak izan ditzaten. Hori horrela izanik eta gizarte-mezenasgoaren onuradun izan daitezkeen erakundeekin gertatzen den bezala, ez da beharrezkoa izango Nafarroako Fundazioen, Elkarteen eta Lanbide Elkargoen Erregistroan inskribatuta egotea.
Entitate onuraduntzat jotzeko, lege honetan aurreikusitako araubidean sartzeko eskaera egin aurreko lau urteetan Nafarroan jardun izana egiaztatu beharko dute – nahikoa izango da ekitaldi horietan guztietan dirulaguntzaren bat jasotzea –, eta jasotako errenta eta diru-sarreren % 70 interes orokorreko helburuetara bideratu beharko dute – horiek lortzeko gastuak kenduta –, eta gainerakoa ondare-zuzkidura edo erreserbak handitzera bideratzea, eskuratu eta gehienez 4 urteko epean.
Entitate onuradunei emandako lehen 150 euroen % 80 kengarriak izango dira PFEZn, lankidetza-hitzarmenen bidez ordaindutakoak barne. 150 euro baino gehiagoko zenbatekoei ehuneko 35eko kenkaria aplikatzen ahalko zaie. Subjektu pasibo bakoitzeko eta zergaldi bakoitzeko aplikatuko da 150 euroko muga. Doako zerbitzu-prestazioen kasuan, kenkariaren oinarria izanen da egindako gastuen kostua, irabazi-marjina kontuan hartu gabe.
Sozietateen gaineko zergari dagokionez, dohaintzan emandako zenbatekoen ehuneko 20ko kenkaria aplikatu ahalko dute zergaren kuota likidoan. Zerga oinarrian aplikatutako kenkariaren zenbatekoak ezin izanen du gainditu honako hauetatik handiena: kenkari hori aplikatu aurretik eta, halakorik bada, foru lege honen 37. (Dohaintzengatiko kenkariak), 42. (Interes orokorreko ihardueretan laguntzeagatiko kenkaria) eta 47. (Gastuen kenkaria) artikuluetako kenkariak aplikatu aurretik zerga oinarriak izan duen zenbatekoaren %30. Ezin izango du gainditu, esta ere, negozio zifraren zenbateko garbiaren milako 3.
Onura horiek aplikatzeko, egiaztatu egin beharko da dohaintzak edo lankidetza-hitzarmenen arabera ordaindutako zenbatekoak egiazkoak direla, bai eta elkarteak edo haien jarduerak finantzatzeko benetan erabili direla ere.
Nafarroako Aurrekontu Orokorren Legeak mezenasgoko lehentasunezko jardueren zerrenda bat ezarri ahal izango du xedapen gehigarri honen berezko helburuen eta xede dituen ingurumen-erakundeen eremuan.
Zerga onurak aplikatu ahal izateko, entitate onuradunek ziurtagirien bidez frogatu beharko dute lankidetza-hitzarmenen itzalpean ordaindutako diru kopuruak edo egindako dohaintzak egiazkoak direla eta babesera bildutako entitateak edo, hala denean, jarduerak finantzatzea dutela helburu.
Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak artikulu honen 2.b) apartatuan aipatutako helburuei begira lehenesten diren mezenasgo jardueren zerrenda ezarri ahalko du, bai eta entitate onuradunen zerrenda ere.
Urte bakoitza amaitu baino lehen, ingurumen arloan eskumena duen departamentuak xedapen gehigarri honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten entitate onuradunen zerrenda bidaliko dio Zerga Administrazioari.
Aldez aurretik, departamentu eskuduneko zuzendaritza nagusiko titularrak gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatziko ditu eskaerak. Erregimenean sartu ondoren, erakunde onuradunek hurrengo ekitaldiko lehen zortzi hilabeteetan eskatu beharko dute erregimenean mantentzea.
Osoko Bilkuran egindako eztabaidan 4 zuzenketa eztabaidatu dira, eta horietatik bi onartu dira, teknikoak biak, EH Bilduk sinatuak eta PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen babesarekin, Navarra Suma abstenitu egin baita.
Beste bi zuzenketak, Geroa Baik sinatuak, bertan behera geratu dira, ez baitute babesik jaso.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru Lege Proposamena (26. NPAO, 2022-02-05ekoa)
Archivos adjuntos