Gobernuak ohartarazi du ez dela zergen jaitsiera orokorrerako garaia
Navarra Sumaren interpelazio bati erantzunez, zeinak PFEZaren tarifaren murrizte “progresiboa” proposatu eta Gobernuari ohartarazten baitio “berandu” dabilela neurriak hartzen
Gaur, ostegunez, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari Elma Saizek esan du ez dela "zergen jaitsiera orokorrerako garaia", eta iragarri du "berehala" hartuko direla neurri fiskalak Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoek kaltetutako sektoreei laguntzeko.
Hala adierazi du kontseilariak Kontroleko Osoko Bilkuran, Navarra Sumaren interpelazio bati erantzunez. Koalizio horren eleduna den María Jesús Valdemorosek adierazi du, ordea, Foru Gobernua "berandu" dabilela neurriak hartzen eta berak ez duela aipatu zergen jaitsiera masiborik, bestelako neurriak baizik, hala nola "PFEZaren tarifa modu progresiboan deflaktatzea".
Elma Saizek ukatu egin du Gobernua "berandu" ari dela, eta adibide gisa "erregaien hobariekin emandako erantzuna" aipatu du, edo 'shock' energetikoaren eraginpeko sektoreekin egiten ari diren bilerak. "Sektore horien egoera berehala arinduko da neurri sorta baten bitartez".
Ildo berean, hau baieztatu du: "Energiaren krisiaz sentikorrak izaten ari gara, hortxe daude energiarekin lotutako zergen etenaldiak edo geroratzeak". Neurri horiek 50 bat milioiko kostua dutela esan du.
Elma Saizen esanetan, "ez da zergen jaitsiera orokorrerako garaia, bai ordea guztiok batera egoera aztertu eta lasai eztabaidatzeko", eta "akordioetara iristeko borondatea behar da, oraintxe inoiz baino egiagoa da ez duela denak balio boterera iristeko".
Kontseilariak azpimarratu duenez, "arduraz eta eraginkortasunez lan egiten dugu, egoera bakoitzean neurri egokienak bilatuz eta batasuna bilatuz komunitatearen onerako. Irten zaitezte zergen jaitsiera masiboaren kiribiletik", eskatu dio Navarra Sumari.
"Sozialdemokraziari, nik nahi dudan Estatu sozialari, ez zaio eutsiko zergen jaitsiera masiboa eginda", baieztatu du Elma Saizek, eta kritikatu egin du, gainera, Navarra Suma osatzen duten alderdiek gobernu ardurak izan dituztenean "zergak igo" izan dituztela.
Bestalde, kontseilariak esan duenez, "inguruabarrak gorabehera, legegintzaldi honetan murriztu egin ditugu defizita eta zorra, eta uste zen baino askoz azkarrago egin dugu hori; are, egonkortasun helburuen azpitik gaude. Zerga politika ezin da populista izan, politika baliagarria bilatu behar dugu”.
Gainera, Elma Saizek nabarmendu duenez, "astintzen gaituzten ziurgabetasun guztiak" iritsi diren honetan "Nafarroako ekonomia hazten ari da, eta hazten jarraituko du; beti da hobea arazoei aurre egitea hauspo ona izanda, gauzak okertzen badira arnasa hartu ahal izateko".
María Jesús Valdemorosek (Navarra Suma talde parlamentarioa) adierazi duenez, "Nafarroan eta Espainian % 2tik gorako inflazioak jasaten ari gara 2021eko apiriletik, eta geroztik Nafarroako inflazio tasek beti gainditu dituzte herrialde osokoak".
Valdemorosek esan duenez, "inflazioa zerga iturria da eta ogasunen diru bilketa handitu ere egiten du. Adibidez, BEZaren eta horrelako zergen bilketa hazi eta hazi ari da". Egoera horren aurrean, "Nafarroako Gobernua berandu dabil, dagoeneko neurri fiskalak abiaraziak behar zituen ukitutako enpresa, autonomo eta sektoreentzat. EAEko aldundietan hala egin dute jada. Nafarroako Gobernua beti dabil berandu eta besteren atzetik, ez dakit norentzat gobernatzen ote duen. Nori ematen dizkio kontuak? Nafarroari ala Pedro Sánchezi?", galdetu du. "Arazo hau ez da oraingoa, 2021ekoa da", esan du Valdemorosek, eta Foru Gobernuak ez dakiela kudeatzen gaineratu du.
Ainhoa Unzuk (PSN talde parlamentarioa) gogorarazi du Navarra Sumak legegintzaldi osoa daramala "zergen jaitsiera masiboa eskatzen. Pandemia lehertu dela? Zergak jaitsita konpontzen da. Ekonomia suspertzen ari dela? Jaitsi zergak", baieztatu du, Navarra Suma kritikatuz. Horren aurrean, "zergen jaitsiera masiboa gaizkien pasatzen ari direnenganako elkartasunik gabeko neurria da, ez duelako ezer konpontzen, gure ongizate sistema ahuldu besterik ez du egiten, zerbitzu publikoak ez baitira opari bat".
Mikel Asiainek (Geroa Bai talde parlamentarioa) baztertu egin ditu Navarra Sumaren proposamenak, baina hau esan du: "Ezin gara egonean egon, etenik gabe goraka ikusten argindarraren prezioak, gasaren kostua, erregaiena, edo dagoeneko ia % 10era iritsi den inflazioa. Egiturazko neurriak hartu behar dira iraganeko inertziak eteteko", defendatu du.
Adolfo Araizek (EH Bildu talde parlamentarioa) azaldu duenez, "sistema publiko sendo bat behar dugu, eta dirua biltzea ahalbidetuko digun sistema bat ezarri behar dugu horretarako". Haren esanetan, "Nafarroan dirutza handiei zerga bat ezarriz gero, 80 milioi gehiago biltzeko modua izanen genuke; gehiago doitu behar ditugu hobari fiskalak, eta langile eta baliabide material gehiago behar ditugu iruzur fiskalaren aurkako borrokarako".
Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea) honako hau baieztatu du: "unekoa izateari utzi eta dagoeneko egiturazkoa bilakatu den egoera honetan, garrantzitsua da zuzeneko laguntzen ildotik jarraitzea, kredituak eta abalak ematen, soldatak nazionalizatzen arazoak dituzten enpresetan, energiaren arloko prezioetan esku hartzen, gure Administrazioa albora utzi gabe".
Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra talde mistoa) aitortu egin du "Navarra Sumak egoera guztiz egiazkoa eta objektiboa" deskribatu duela, baina kritika ere egin dio: "Zergak jaisteko bere betiko proposamenarekin dator. Halako inflazio izugarriarekin neurri adoretsuak hartu behar dira, Estatuak arautu behar ditu janarien prezioak, oinarrizko zerbitzuak, eta, beraz, Estatuaren esku-hartze ekonomikoa behar da".