Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Apirilak 29

Manuel Aragón ‘pandemiaren kudeaketaren alderdi konstituzionalaz’ mintzatu da Nafarroako Parlamentuan

Konstituzio Zuzenbideko katedradunak esan du ez dela zilegi eraginkortasunaren aitzakian Konstituzioa urratzea, horrek asaldura eta zuzenbidearekiko eta erakundeekiko mesfidantza eragiten duelako

Gaur eguerdian, Nafarroako Parlamentuan, pandemiaren kudeaketaren alderdi konstituzionalari buruzko hitzaldia egin du Manuel Aragón Konstituzio Zuzenbideko katedradun eta Konstituzio Auzitegiko magistratu emerituak.

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek sarrera hitzak egin ditu eta gaia testuinguruan kokatu du. Pandemiaren kudeaketa “legegintzaldi honetan ezinbesteko eztabaidagaia izan dugu pandemia hasi zenetik”, eta “normaltasunerako bide honetan”, ikuspuntu guztietatik egindako hausnarketa bat merezi du.

 

Hualdek erantsi du osasun krisialdian zehar gobernuek babes judizialik gabeko erabakiak hartu behar izan dituztela noizean behin. “Egoera horrek ez du laguntzen herritarrek konfiantza izan dezaten erakundeengan, ez eta politikari eta epaileengan ere”, eta, horregatik, “gorabehera horiei buruzko hausnarketa oro lagungarria da, izan dugun egoera hobeki ulertzen saiatzeko”.

 

Hala, bada, “Nafarroako Unibertsitateko Zuzenbideko ikasleei erakundea hurbiltzea” helburu duten saio horiek egiten jarraitzea “pozgarria” dela esan ondoren, Parlamentuko lehendakariak eskerrak eman dizkio Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgelari bere lanagatik eta bultzadagatik eta Manuel Aragónen eskutik jardunaldi hau egiteko gonbidapenagatik, “argi eginen baitu azken bi urte hauetan hartu diren erabakien babes konstituzionalari dagokionez”.

 

Jarraian, Asunción de la Iglesia, Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgelako zuzendari eta Nafarroako Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbideko irakasle titularra, Manuel Aragónen figurari eta curriculumari buruz aritu da. “Konstituzionalista ospetsuenetako bat da”, Zaragozako, Euskal Herriko eta Valladolideko unibertsitateetako eta Madrileko Autonomoko katedraduna –azken horretan dekanoa ere izan da–, eta Konstituzio Auzitegiko magistratu emeritoa, eta, besteak beste, Revista Española de Derecho Constitucional aldizkariaren zuzendaria.

 

Bere hitzaldian, Manuel Aragónek azterketa konstituzionala egin die, “inolako kritika politikorako asmorik gabe”, Gobernu zentralak “salbuespenezko egoerara jotzera behartu zuen aurrekaririk gabeko” gertaera baten aurrean onartu zituen erabaki, jarduketa eta neurriei.

 

Ohiko ahalmenen bidez ezin zen egoera zuzendu eta Aragónek uste du “argi eta garbi” zilegi izan zela 2020ko martxoaren 14an alarma egoeraren lehenbiziko deklarazioa egitea, horretarako behar ziren inguruabarrak biltzen zirelako. Hala ere, Konstituzio Auzitegiaren 148/2021 epaiarekin bat etorriz, katedradunak uste du erabaki horrek, eskubideak mugatu ez ezik, eskubideak eten ere egin zituela, zirkulazio askatasuna, esaterako. 

 

Ildo horretan gehitu duenez, urriaren 25ean bigarren alarma egoera deklaratu zenean Konstituzioak onartzen ez dituen bi erabaki hartu ziren. Lehenik, sei hilabeteko luzapena ezartzea, legeak 15 eguneko luzapenak baino ez baititu onartzen. Eta bigarrenik, autonomia erkidegoen esku uztea salbuespenezko neurriak ezartzeko erabakia. “Estatuak, konstituzio arauekin bat, eskumen ukaezin batzuk ditu, nahitaez baliatu behar dituenak, eta ezin dizkie ardura horiek autonomia erkidegoei pasatu”.

 

Delegazioaren ondorioz, ordea, “jarduketak askotarikoak izan ziren, eta ezaugarri izan zituzten koordinaziorik eza, nahasmena, eta are lurraldeen arteko tirabirak ere zenbait kasutan; horrek ez du lagundu autonomia erkidegoek hartu dituzten erabakiak eraginkorrak izaten. Egoera honen azpian dauden arazoetako bat da, nire ustez, autonomia erkidego bakoitzaren lurraldera mugatutako neurriak erabili izana lurralde nazional osora zabaldutako gaitz orokor baten kontrako borrokan”.

 

Halaber, “arau mugatzaileak onartu aurretik autonomia erkidegoetako legegileek epailearen baimenaren beharra” izan dutela gogoratu du Aragónek. Ondorioz botere judiziala “legegilekide” bilakatu da, eta hori “antolaketaren eta eraginkortasunaren aldetik hondamendia” izan da.

 

Herritarrek bi urte hauetan izandako portaera “eredugarria” eta autonomia erkidegoen arteko “lankidetza etengabea” txalotu ondoren, Aragónek, ondorio gisa, hau baieztatu du: “Oker daude uste dutenak eraginkortasunaren aitzakian zilegi dela Konstituzioa urratzea, asaldura eta zuzenbidearekiko eta erakundeekiko mesfidantza sortzen baitira, eta horrela ezin baita konponbide eraginkor eta iraunkorrik lortu”.

 

Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgela unibertsitateko komunitate osoaren zerbitzurako tresna da, eta beraren bidez sakonean ikertu eta ezagutu nahi da sistema politiko eta parlamentarioa.

 

Xede hori garatzeko, Ikasgelak urtero jardunaldiak eta hitzaldiak antolatzen ditu, entzute eta maila zientifiko handiko hizlariekin.

 

Nafarroako Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbideko Sailak kudeatzen du Ikasgela, 2002an sortu zenez geroztik unibertsitate horren esku baitago, Nafarroako Parlamentuarekin egindako hitzarmen baten ondorioz.