Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Maiatzak 4

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Batzordeak Muru Artederretako azpiestazio elektrikoa bisitatu du

Foru Komunitatean energia garraiatzeko sarean eginen diren hurrengo inbertsioak ezagutzeko

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Batzordeak Muru Artederretako azpiestazio elektrikoa bisitatu du gaur, Navarra Suma talde parlamentarioak eskaturik, eta ikusi du nondik joanen den 220 kV-eko linea berria Muru Artederretatik Estellerriko azpiestazio berriraino. Aspieztazio horretarako aurreikusitako kokalekua ere bisitatu du.

 

Hauek dira bisitan izan diren Batzordeko kideak: Elena Llorente, Carlos Pérez-Nievas, Pachi Pérez (Navarra Suma talde parlamentarioa), Javier Lecumberri (PSN talde parlamentarioa), Mikel Asiain (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Laura Aznal (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egitera azaldu dira Antonio González Urquijo, Red Eléctrica de España enpresaren Iparraldeko delegatua, eta Cristina Parra, Parlamentu Gaietako Departamentuko arduraduna.

 

Elena Llorentek sarrerako hitzetan azaldu duenez, bisitaren helburua izan da “Muru Artederretako azpiestazioan eginen diren lanen norainokoa ezagutzea, bai eta Estellerrian aurreikusten diren jarduketak eta garraio sarearen plangintzan bildu diren proiektu nagusiak ere”.

 

Muru Artederretan dagoen azpiestazio elektrikoan elkarturik, lehendabizi Antonio González eta Cristina Parrak Nafarroako Foru Komunitateko egungo eta etorkizuneko egoera azaldu dute, duela gutxi 2021-2026 aldirako onetsi den plangintza elektriko berria kontuan izanik. Planifikatutako proiektuek 111 milioi euroko inbertsioa jasoko dute. Hauek dira, besteak beste: 400 kV-eko eta 220 kV-eko linea berriak egitea, azpiestazioak handitzea, garraio ahalmena handitzea eta azpiestazio berri bat egitea.

 

Zehazki, Nafarroako linea guztien garraio ahalmena handituko da, “sistema hobetzeko eta lehendik dagoen sarea bete-betean erabiltzeko”. Gainera, 400 kV-eko Itsaso – Castejón / Muru Artederreta linea berria sortuko da “horniduraren segurtasuna areagotzeko, sortzen den energia berdea aprobetxatu gabe ez uzteko eta ingurumen eragina murrizteko” (egungo lineak Aralarko parke naturaleko eremu babestuak zeharkatzen ditu), eta 400 kV-eko beste linea bat ere sortuko da, La Serna – Magallón, “garraio ahalmena handituta energia berriztagarrien sorkuntzaren mugak saihesteko”.

 

Proiektu “garrantzitsuenetakoa” da Estellerriko 220 kV-eko azpiestazio berria martxan jarri eta Muru Artederretan dagoen 220 kV-eko azpiestazioarekin lotzea zirkuitu bikoitzaren bidez. Azpiegitura horiek, Gonzálezek azaldu duenez, “argindar horniduraren segurtasuna areagotuko dute Estellerrian, segurtasun eta fidagarritasun maila hobetuko dute, aspaldiko urteetan eskualde horrek izan dituen hornidura arazoak konponduko dituzte eta bertan kontsumo eta aukera berriei bide emanen diete”. Etorkizunean, instalazio horiek energia berriztagarrien proiektu berrietan energia ateratzeko ere erabiltzen ahalko dira, ahalmen eoliko handiko eremua baita, 2030era bitarteko Nafarroako Energia Planean azpimarratzen den bezala.

 

Linea elektrikoen mantentze lanetako teknikari espezialista Silvia Villarren eskutik, Parlamentuko ordezkariek 220 kV-eko parkea bisitatu dute “halako instalazio baten benetako neurriak eta ezaugarriak egiaztatzeko”.

 

Gero Oteitzara joan dira, Muru Artederretatik Estellerriko azpiestazio berriraino 220 kV-eko lineak eginen duen bideari jarraituz, eta instalazio berrirako aurreikusitako kokalekua bisitatu dute.