Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Maiatzak 11

Nafarroako Parlamentuak Osasuneko Batzorde Berezi bat sortzeko konpromisoa hartzen du

Osasunari buruzko Foru Lege berri baterako oinarriak adostu eta finkatze aldera

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen eta EH Bilduren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin (Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak ez dute bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen baitu “Osasuneko Batzorde Berezi bat sortzeko, Osasunari buruzko Foru Lege berri baterako oinarriak adostu eta finkatze aldera”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentariak sustatutako mozioak 2019-2023 Legegintzaldirako Nafarroako Alderdi Sozialistak, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak sinatutako Programa Akordiora jotzen du, bertan Osasun Departamenturako erronka batzuk biltzen baitziren. Horietatik oraindik betetzeko daudenen artean konpromiso bat dago, “Osasunari buruzko Foru Lege berri bat taxutzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua eta Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua modernizatuko dituena, kudeaketa autonomoagoa, zaluagoa eta efizienteagoa egiteko gaitasun juridiko eta antolamendukoa eskainiko dituena eta egungo gizarte-errealitateei egokituko dena”.

 

Azpimarratzen da Osasunari buruzko Foru Lege berri horrek beste alderdi batzuen artean kontuan hartuko dituela, halaber, “osasun-hezkuntza eta ingurumen- nahiz lan-osasuna”, eta hori dela eta Batzorde Berezi bat sor dadin eskatzen da legearen oinarriak adostu eta finkatzeko.

 

Nuria Medinak (PSN talde parlamentarioa) bilkuraren buru egin du, eta hauek bertaratu dira: Cristina Ibarrola, Raquel Garbayo, Marta Álvarez, Ángel Ansa, Alberto Bonilla, Elena Llorente (Navarra Suma talde parlamentarioa), Patricia Fanlo, Ainhoa Unzu (PSN talde parlamentarioa), Ana Ansa, Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Txomin González eta Bakartxo Ruiz (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (50. NPAO, 2022-04-22koa)