Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Maiatzak 12

Javier Arza Porrasen hautaketarekin Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundaziorako bere ordezkaritza osatu du Parlamentuak

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak proposatuta, hainbat zerbitzu zuzenean kudeatzeaz arduratzen den organoan sartu da

Parlamentuko Osoko Bilkurak Javier Arza Porras aukeratu du gaur Gizarte Zerbitzu Publikoen Kudeaketarako Nafarroako Fundazioaren (Gizain) patronatukide izateko. Ganberak Mikel Gotzon Saralegi Osakarrek utzitako postua beteko du, 2019ko otsailaren 14an Geroa Baik proposatuta, Parlamentuak organo horretan duen ordezkaritza Inés Sáinz de Pipaónekin osatu baino astebete lehenago.

 

Javier Arza Porrasek, NUPeko Soziologia eta Gizarte Laneko Departamentuko irakasle eta ikertzaileak, 30 boto lortu ditu. Beste 19 boto zuri erregistratu dira. Hautaketa boto-paperen bidezko isilpeko bozketaren bidez egin da.

 

Gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa Eskubide Sozialetako Departamentuari atxikita dago, eta zenbait zerbitzu zuzenean kudeatzea du helburu. Zerbitzu horiek, zuzeneko kudeaketarako sortu ziren arren, hirugarrenei esleituta egon dira kontratazio publikoaren bidez. Hala, gizarte zerbitzuetako zentroak eta beste zerbitzu publiko batzuk gainbegiratzeko eta koordinatzeko eginkizunak berreskuratu dira, bai eta adingabeen babesgabetasun kasuetako balorazio teknikoa ere.

 

Fundazioaren estatutu berrietan, 2018ko abenduaren 26an onetsitakoetan, Nafarroako Gobernuaren gehiengoa bermatzen da, eta haren ordezkariei beste sei patronatukide gehitu behar zaizkie, Nafarroako Parlamentuak eta Gizarte Ongizatearen Nafarroako Kontseiluak izendatu beharrekoak, erdi bana.