Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Maiatzak 18

Magna enpresak garatu nahi duen meatzaritza proiektuaren kokalekua bisitatu du Landa Garapeneko Batzordeak, Erdizko larrean, Baztanen

Baztango Udalak eta Batzarre Nagusiak herri-galdeketa egin nahi dute leku horren etorkizuna erabakitzeko

Landa Garapeneko Batzordeak Erdizko larrea bisitatu du gaur Baztanen, EH Bildu Nafarroak eskatuta, Magnesitas Navarras (Magna) enpresak garatu nahi duen meatzaritza proiektuaren kokalekua ezagutzeko.

 

Bertara joan diren batzordekideak honako hauek dira: Isabel Olave, Miguel Bujanda (Navarra Suma talde parlamentarioa), Virginia Magdaleno (Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioa), Pablo Azcona (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Adolfo Araiz (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Parlamentuko ordezkaritzari harrera egin diote Joseba Otondo Baztango alkateak, Florentino Goñi Herri Lanetako zinegotziak, Juan Cruz Iriarte Mendietako zinegotziak eta Aitor Bazterrika eta Andres Zelaieta basozainek.

 

Adolfo Araizek sarrera hitzetan egiaztatu duenez, bisitaren helburua izan da “meategi proiektua non kokatuko den jakitea, bai eta herri-lurren egungo kudeaketa eta leku horrek Baztan bailararako duen balioa ezagutzea ere”.

 

Topaketa Artesiagako gainean hasi da, eta bertatik legebiltzarkideek ibilbide bat egin dute Magnaren ustiategiak Erdizko larrean, Baztan eta Esteribar elkartzen diren tokian, okupatuko lituzkeen 100 hektareak ezagutzeko.

 

Ustiapeneko perimetroaren % 72 Esteribarkoa da, eta gainerako % 28a Baztangoa, baina, Joseba Otondo Baztango alkateak azaldu duenez, lur guztiak baztandarrenak dira, herri-erabilera baitute. “Gai hori udalerriaren eskumenekoa da, eta proiektuak ingurumenean, gizartean eta ekonomian duen eraginaren ondorioz, herritar guztien interes orokorrekoa da zalantzarik gabe, bai lurrak aprobetxatzen dituztenena, bai ustiatzen ez dituztenena ere”. Beraz, eztabaida irekiaren eta herri-galdeketaren alde egiten dute.

 

Otondok gaineratu duenez, Magnak berriki jakinarazi du proiektua udalez gaindiko proiektu sektorial (UPrS) gisa izapidetzeko asmoa duela, "tokiko eskumenen gainetik pasatuz", izan ere "Baztango erakundeen eskumena baita erauzketa-jardueretarako herri-lurrak okupatzeko baimena ematea".

 

Herri-galdeketa egiteko prozedura hasita dago, Baztango Udalak espedienteari oniritzia eman ondoren, eta orain Gobernu zentralaren baimenaren zain daude behin betiko baliozkotzeko.

Juan Cruz Iriarte Baztango Mendietako zinegotziak gaineratu duenez, magnesitaren ustiategia jarri nahi den eremua kontserbazio bereziko eremu babestua da, Alduide Mendia KBE izenaz ezaguna. “Parajean nabarmendu daitekeen lehenengo gauza ekosistema naturalen garrantzia da; horiek kalte larriak jasanen lituzkete, eta ekosistema horietako asko erabat suntsituta geratuko lirateke. Proiektuak ia 100 hektarea aldatu nahi ditu. Horietatik 53 abeltzaintzarako kalitate handiko larreetakoak dira, eta beste 10 erabat desagertuko liratekeen pagadiak dira”.

 

“Kalitate handiko” larreak dira, eta Baztango abeltzainek “mendeak” daramatzate larre horiek erabiltzen udako hilabeteetan ganadua askatzeko. Gaineratu duenez, “ekainetik irailera behien denboraldia da, eta irailetik urtarrilera zaldiak sartzen dira. Gainera, hemengo 75 bat abeltzainek aprobetxatzen dituzte lur horiek”.

 

Udalak ohartarazi du, halaber, proiektua gauzatuz gero, hesitutako larre kolektiboen hektarea asko galduko direla. Beraz, orain arte libreak izan diren beste eremu batzuk hesitu beharko dira, zehazki Saioa mendiaren ingurua. Mendi horrek “turista eta kirolari ugari biltzen ditu, eta horrek ondorio ekonomiko eta sozial handiak izanen ditu”.

 

Hitza hartzeko txandan parlamentariek eskerrak eman dituzte azalpenengatik, eta informazioa bildu dute, beharrezkotzat jotzen dituzten aurrekontu-ekimenak abian jartzeko, hala badagokio.