Noiz argitaratua Astelehena, 2022.eko Maiatzak 23

‘Hitzak Lege’ euskaraz sorturiko testu juridiko esanguratsuen erakusketa hartuko du Parlamentuak azaroa eta urtarrila bitartean

Unai Hualde lehendakaria Bilbon izan da Euskaltzaindiak euskararen lurraldeetako ganbera legegileekin batera antolatutako erakusketaren aurkezpenean

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria Hitzak Lege erakusketaren aurkezpenean izan da gaur Bilbon. Euskaltzaindiak euskararen lurraldeetako erakunde legegileekin batera antolatutako erakusketa ibiltaria da, garrantzi historikoa izan duten testu juridikoekin osatua, eta 2022ko azarotik 2023ko urtarrilera bitartean Foru Legebiltzarrean izango da ikusgai.

 

Unai Hualdek dioenez, nahitaezkoa da Hitzak Lege erakusketak egiten duen bezala “euskara babesten, sustatzen eta balioesten lagundu nahi duten ekimenetan parte hartzea, kasu honetan, historiaren eta idatzizko zuzenbidearen arloan. Bilduma honek euskaldunen izaera nafarra, euskalduna, islatzen du, emandako hitzak konprometitu egiten gaituelako. Euskara zuzenbidean erabiltzen eta erabili da. Ondo dator hau gogoan izatea Nafarroan oraindik jasaten dugun negazionismoaren aurrean. Hizkuntzek ez diote inori kalterik egiten, aitzitik, pertsona eta gizartea aberasten dituzte, eta hortik dator horiek bultzatzeko betebehar instituzionala”, adierazi du lehendakariak.

 

Euskaltzaindiarekin 2020ko uztailaren 23an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan hartu du parte proiektu honetan Nafarroako Parlamentuak. Hitzarmena 2015ean sinatu eta 2018an berretsi zen, euskara babestu eta indartu asmoz. Lankidetza horren lehen fruitua Legebiltzarreko hiztegi juridikoa izan zen, 2017an aurkeztu zena.

 

Zehazki, Nafarroako Parlamentuak itzultzaile bat izendatuz parte hartu du erakusketa honen prestaketan. Itzultzaile hori historian, erakundeetan edo gizartean esanguratsuak izan diren testu juridikoak hautatzeaz arduratzen den lantalde teknikoko kide izan da. Gainera, Legebiltzarreko artxibo- eta dokumentazio-zerbitzuek eskatu zaien dokumentazio guztia aurkitzen eta eskuragarri jartzen lagundu dute.

 

Erakusketaren helburu nagusia da, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko ganbera legegileek, Eusko Legebiltzarrak, Nafarroako Parlamentuak eta Akitania Berriko eskualdeak gordetzen dituzten euskarazko testu juridiko esanguratsuak erakustea modu erakargarri, ulergarri eta interaktiboan. “Ikuspegi zabaleko erakusketa ibiltaria antolatu dugu, eta lurralde guztietara eraman nahi dugu, zuzenbide idatzian euskarak historian zehar izan duen eta egun duen lekuaren zuzeneko testigu direlako testu hauek”, azpimarratu du Gotzon Lobera egitasmoaren koordinatzaileak.

 

Erakusketak dokumentuen informazioa jasotzen duten duten 25 panel fisiko ditu, hiru ataletan banatuta: aldeen arteko harreman juridikoak, eragin kolektiboko testu juridikoak, eta testu parajuridikoak. Horrez gain, hiru panel elkarreragile izango dira, hiru panel argiztatu eta bi bitrina (dokumentu originalak erakusteko). Edonola ere, Hitzak Lege-k lekuan lekuko egitura izango du, egokitutako espazioetara moldatuko dela.

 

Honela, irudi eta grafikoen bitartez garrantzi historikoa izan duten euskarazko testu juridikoak erakutsiko dira. Baita edukiaren aldetik (hizkuntzaren edota herritarren bizimodua eta erakundeen ibilbidea baldintzatzearen ikuspegitik) pisua edo garrantzia izan duten testuak ere. Horrez gain, zailtasuna duten herritarrek testu esanguratsuen pasarteak entzuteko aukera izango dute.

 

Datorren ostegunetik, hilak 26, Eusko Legebiltzarrean zabalduko den Hitzak Lege erakusketa ibiltariak biltzen dituen testuen artean, honako hauek daude:

 

  • 1452ko Bizkaiko Foru Zaharrean dagoen testu ezaguna (Urde Urdaondo e(ta) açia etondo). Esaldi horrek erakusten du nola jokatu behar zen oinordetzetan eta dohaintzetan.

 

  • Etxepare, Axular eta Oihenart-en testuak: XVI. eta XVII. mendeetako zenbait idazlek zuzenbidearen lorratza erakusten dute.

 

  • 1552. Diego Zufiaren eta Maria Migelen ezkon-hitza: testu elebiduna da. 1552. urtean Diego Zufiak eta Maria Migelek elkarri eman zioten hitz ezkontzeko, eskribau baten aurrean. Ezkongaiak euskaldun elebakarrak ziren, eskribaua, berriz, gaztelaniadun elebakarra (hori dela eta, lekuko elebidun baten laguntza eskatu zuen eskribauak).

 

  • 1789. Arrangura-kaierak. Arrangura-kaierak Antzinako Erregimenetik datoz. Horietan, estatuek — elizak, nobleziak, hirugarren estatuak— eskaerak bideratzen dizkiote erregeari. 1789ko apirilaren 23ko kaier hau Lapurdiko euskaldun frantsesena, haien diputatuena eta Nazioko Estatu Orokorrena da. Frantsesez eta euskaraz emana dago.

 

  • 1790. Frantziako Iraultza eta Lapurdiko komitatearen adierazpena. Agiri honetan Lapurdiko Batzordeak bere burua defendatzen du Makaiako bizkonde gazteak egotzitako salaketen ostean.

 

  • 1820. Bizenta Antonia Mogel, lehen euskal emakume itzultzailea. Bizenta Antonia Mogel aitzindaria izan zen euskal literaturan: hitz lauz eta hitz neurtuz idatzi zuen, bai eta itzulpenak egin ere. Adibidez, Luis de Borbón kardinal eta Toledoko artzapezpikuaren 1820ko martxoaren 15eko gutunpastorala itzuli zuen. Bizkaieraz egin zuen itzulpena, eta Bilbon inprimatu zen.

 

  • 1833-1877. Bizkaiko Batzar Nagusien aktak, XIX. mendean korrejidorearen azalpenak eta bilkuren aktak ele bitan agertu baitzituzten.

 

  • 1839. Bergarako ituna. Itun hori gaztelaniaz eta euskaraz idatzi zen.

 

  • 1936ko Autonomia Estatutua eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina.

 

  • 1950. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, 1948.

 

  • Gernikako 1979ko Autonomia Estatutua eta Nafarroako 1982ko Foru Hobetzearen Legea.

 

Unai Hualderekin batera, Andres Urrutia euskaltzainburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria eta Ana Otadui, Pedro Elosegi eta Xabier Ezeizabarrena Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako arduradun nagusiak izan dira Hitzak Lege aurkezteko ekitaldian.