Noiz argitaratua Astelehena, 2022.eko Ekainak 6

Nafarroako Parlamentuak ‘50 urte, 11 irudi’ erakusketa inauguratu du

Ekainaren 20ra arte ikusgai egonen den erakusketa Arturo Campion-IKA euskaltegiaren jardueraren eta eraginaren atzera begirako bilduma bat da, bere sorreratik gaur egun arte

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek 50 urte, 11 irudi erakusketa inauguratu du gaur eguerdian. Arturo Campion-IKA euskaltegiaren sorreratik gaur egunera arteko jarduera eta eragina jasotzen duten argazki, kartel eta prentsa zatiak biltzen dituen erakusketa da.

 

Irekiera hitzaldian, Unai Hualdek Arturo Campion euskaltegia zoriondu du bere 50. urteurrenean, “gure erkidegoan euskarazko hezkuntzarako erreferentzia izateagatik. Gure hizkuntza 50 urtez irakastea Nafarroaren alde lan egitea da. Osatzen dugun gizarte anitza aberasteko lan egitea da”.

 

Legebiltzarreko lehendakariak duela 50 urte helduak euskaraz alfabetatzeko egindako “apustu aitzindaria” nabarmendu du, artean udal gau-eskolak jaio gabe zeuden garaian, eta Arturo Campion-IKAn lan egin duten pertsona guztien lana azpimarratu du, baita euskaltegiak “aldaketa sozial eta politikoen aurrean erakutsi duen egokitzeko gaitasuna” ere.

 

Euskaltegiari izena ematen dion Arturo Campion hizkuntzalari eta politikaria omendu du Hualdek, euskara heldutan ikasi zuen Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izanik euskaltegiaren historiaren eta ibilbidearen “ikur guztiz egokia” baita.  Hualdek amaitzeko erakusketa hau bisitatzeko gonbitea luzatu die herritarrei. “Erakusketa honetan euskararen presentzia euskararen aberastasunean oinarritzen da, eta ez gatazka politikoan edo polemikan”.

 

Ondoren, Arturo Campion- IKA euskaltegiko zuzendaritza taldeko kide Nekane Otamendik esan du ohore bat dela Arturo Campion euskaltegiak 50 urte hauetan zehar bizi izan duen historiaren zatiak guztion etxea den horretan paratzea, eta, zer esanik ez, inaugurazio ekitaldi bat eskaintzea.

 

Otamendik “kezka” azaldu du euskararen inguruan zabaltzen diren mezu “interesatuak” direla eta, eta zalantzan jarri du Euskararen Legea, “Nafarroan modu murriztaileenean interpretatu eta aplikatzen dena”.

 

Era berean, finantzaketa-formula “egonkorragoa eta justuagoa” eskatu du, gobernuaren kolore politikoaren mende dauden diru-laguntzak baino, hitzarmen-sistema bat, adibidez, “gutxieneko segurtasun ekonomikoarekin proiektu berrietan murgiltzeko aukera emango ligukeena”.

 

1971-72 ikasturtean euskaltegiaren sorreraren atzean egon ziren pertsonek egin zuten lana gogoratu eta aitortu ondoren, Otamendik Legebiltzarrari eskatu dio egoki ikusten dituen ekimenak egin ditzala Nafarroako bi hizkuntzen elkarbizitza ahalbidetzeko eta guztion hizkuntza eskubideak berdintasunean errespetatzeko urrats sendoak emateko. “Horrek guztion lankidetza eskatuko du, eta horretarako prest egongo gara beti”.

 

Jarraian, Nekane Otamendik 50 urte, 11 irudi liburua eman dio Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteari, eta ondoren Ivan Carmonak Bachen Preludio 1 biolontxeloarekin interpretatu du.

 

50 urte, 11 irudi erakusketa Arturo Campion-IKA euskaltegiaren 50. urteurrena laburbiltzen duten argazkiak, kartelak eta prentsa zatiak dituzten panelek osatzen dute, baita ikus-entzunezko batek ere. Ekainaren 20ra arte egongo da zabalik, 10:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera, ostegunetan izan ezik, eta larunbatetan 11:30etik 14: 00etara.

 

Iruñeko Arturo Campion euskaltegia 1971-1972 ikasturtean hasi zen, lehenengo euskaltegietako bat izanik, eta 1989ko ekainetik aurrera IKA koordinakundeko kide da, euskaltegi-sare hori sortu zuten zentroetako bat izanik. IKA izenak 1989ko irailean egindako kanpainan erabilitako leloari egiten dio erreferentzia: euskaraz, Ikas eta Ari – Euskaraz ikasi eta hitz egiten du-. Ikas eta ari, IKA.

 

Ohikoa denez, erakusketa berri hau Kultur Atrio programaren barruan kokatzen da. Programa horren bidez, 2016ko otsailaz geroztik, Legebiltzarrak ateak ireki eta adierazpen artistiko eta dibulgatibo anitzei babesa eman die.

 

Erakusketaren irekiera Ganberaren egoitzako atalondoan egin da eta, besteak beste, bertan izan dira Inma Jurío Parlamentuko lehen lehendakariordea, Maiorga Ramírez, bigarren idazkaria, Isabel Olave (Navarra Suma), Ainhoa Unzu (PSN), Uxue Barkos (Geroa Bai), Adolfo Araiz (EH Bildu), Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra), Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria eta talde parlamentario guztietako ordezkariak.