Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Ekainak 9

Nafarroako Gobernua premiatzen da Bakea eta Askatasuna Sahara Mendebaldean taldeartekoen XXVI. Konferentzian onetsitako adierazpena babes dezan

Nazio Batuen ebazpenetan oinarrituta, Saharako herriak erreferendum bidez bere autodeterminaziorako daukan eskubide zilegiaren alde egiten du Ganberak

Parlamentuaren osoko bilkuak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren aurkako botoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Gobernu Kontseiluan erabaki dezan Bakea eta Askatasuna Sahara Mendebaldean taldeartekoen XXVI. Konferentzian onetsitako adierazpena babestea, honela:

 

Erabakitzea, eskaera-mailarik gorenean, honakoa:

 

• Adieraztea Sahara Mendebaldea nazioarteko zuzenbidearen mende dagoen lurralde autonomo bat dela, sekula ere ez dena Marokoko Erresumaren parte izan eta, hartara, haren okupazio ilegala amai dadin eta Saharako herriak autodeterminazio eskubidea balia dezan exigitzen du.

 

• Erreferentziatzat jotzen jarraitzea Auzitegi Nazionalaren autoa, zeinaren bidez Espainia de iure Sahara Mendebaldearen “potentzia administratiboa” dela adierazten baitu.

 

• Marokoko Erresumari exigitzea saharar preso politiko eta kontzientziakoak berehala aska ditzan, eta giza eskubideen urraketak amai daitezen berak kontrolatzen dituen espetxeetan, presoen osotasun fisiko eta psikikoa bermatuz. Halaber, familiei elkartasuna helaraztea. Era berean, salatu egiten ditugu lurralde okupatuetako sahararren giza eskubideen urraketa.

 

• Nazio Batuak premiatzea luzamendutan ibili gabe susta dezaten Sahara Mendebaldeko gatazkaren konponbide iraunkor eta bidezkoa, zeina Saharako herriaren autodeterminaziorako eskubidea gauzatzetik helduko baita. Eta Genevan den NBEko Giza Eskubideen Kontseilua premiatzea, giza eskubideen errelatore bat izenda dezan Sahara Mendebalderako.

 

• Salatzen jarraitzea Marokoko Gobernuak Mendebaldeko natur baliabideen espoliazioa egitea, epaiak epai, eta zonaldean ari diren enpresei exigitzea nazioarteko zuzenbidea eta saharar populazioaren eskubideak errespeta ditzatela, interesdunak (enpresak eta herrialdeak) premiatuz Saharako herriaren ordezkari zilegiekin (Fronte Polisarioa) negoziazioak edukitzera.

 

• Berriro adieraztea Sahara Mendebaldean bizi den egoera larria ikusita, MINURSOk Sahara Mendebaldean dauzkan eginkizunak zabaldu behar dituela. Hortaz, Nazio Batuak premiatzen ditugu Misioari ahalmena eman diezaion sahararren giza eskubideak zaintzeko eta babesteko lurralde okupatuetan.

 

• Europar Batasunari berriz ere exigitzea Marokoko Erresumarekiko Lehentasunezko Akordioan giza eskubideak errespetatzeari dagokionez ezarritako klausula betearaz dezan.

 

• Saharar Emakumeen Batasun Nazionalarekiko gure lankidetza politikoa indartzea, haiek errefuxiatuen kanpalekuetan betetzen duten zeregin oinarrizko eta erabakigarria dela-eta. Eta, aldi berean, dei egitea haien ikusezintasun-egoerarengatik, giza eskubideen urraketaren biktima baitira. Aipamen berezia egin beharra dago Sultana Jayari buruz.

 

• .Erakunde publikoak premiatzea laguntza solidario eta humanitarioa areagotu eta ematen jarrai dezaten, hala Tindufeko kanpalekuetako errefuxiatuei nola lurralde okupatuetako sahararrei.

 

Espainiak Mendebaldeko Saharako egoeran daukan erantzukizun historikoaz eta politikoaz jabetuta, Espainiako Gobernuari berriz ere dei egitea, honako hau egiteko:

 

– Marokoko Erresumari exigitzea Sahara Mendebaldeko lurralde okupatuetan giza eskubideak zorrotz errespetatzeko eta sahararrek pairatzen dituzten eskubide-urraketak bukatzeko. Eta halaber premiatzen du tinko lan egin dezan Nazio Batuen eta Europar Batasunaren barruan, MINURSOren eginkizunak heda daitezen Mendebaldeko Saharan giza eskubideak betetzen direla zaintzera eta haiek babestera.

 

– Aurrerabidea egitea Fronte Polisarioaren Espainiako Ordezkaritzari estatus diplomatikoa emateko sahararren ordezkari zilegi bakar gisa, Nazio Batuen Erakundeak aitortzen duen moduan.

 

– Areagotu dadin saharar herriarekiko lankidetza eta harentzako laguntza humanitarioa, bai errefuxiatu-eremuetan bai lurralde askatuetan, kezkaz egiaztatu baitu Lankidetzarako Espainiako Agentziak bere ekarpenak murriztu egin dituela azken urteotan. Bai eta Europak Mendebaldeko Saharara bideratutako funtsak areagotu daitezen ere.

 

Azkenik, gizartearen papera dela-eta, honako hau adieraztea:

 

-Hedabideak premiatzen ditugu gizarteak ematen dion garrantzi bera eman diezaioten Saharako gatazkari. Eta Saharako herriaren kausarekiko pertsona solidarioei dei egiten diegu Sahara Mendebaldearen egoeraren berri eman dezaten eta sala dezaten sare sozialen bitartez.

 

– Arlo unibertsitario, judizial eta politiko-administratiboak premiatzen ditugu, lanean jarrai dezaten argitze aldera Sahara Mendebaldean gertatzen diren giza-eskubideen aurkako jarduketak.

 

– Bereziki Cervantes Institutua premiatzen dugu, indartu ditzan lotura kulturalak eta espainiar hizkuntzaren hedapena, Sahara Mendebaldeko bigarrena baita, errefuxiatuen kanpalekuetan presentzia edukiz.

 

– Eskerrak ematen dizkiegu egunero-egunero saharar herriarekiko adiskidetasunean diharduten elkarte, federazio eta kolektibo solidario eta sozialei, helburu bakarra izanik askatasunezko etorkizuna lortzea herri anaiarentzat.

 

– Aitortu egiten dugu haurrei harrera egiteko "Oporrak bakean" programaren eta “Madrasa” proiektuaren funtsezko garrantzia, saharar familiekiko maitasun- eta hurbiltasun-harremanen eta solidaritatearen erakusgarririk behinena izaki”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sustatutako ebazpenak Espainiako Gobernuaren jarrera aldaketak eragindako egoeraren “larritasunaren” berri ematen du, eta, horri dagokionez, taldearteko parlamentarioen XXVI. Konferentziako gogoetak bere egin ditu, eta berretsi egin du “saharar herriak erreferendum bidezko autodeterminazio eskubidea” duela, Nazio Batuen ebazpenekin eta Europako Justizia Auzitegiaren oraintsuko epaiarekin bat etorriz; izan ere, epai horrek adierazten du “Marokok Mendebaldeko Sahararen gainean duen subiranotasuna ez dutela ez Europar Batasuneko estatu kideek, ez Europar Batasunak onartzen”.

 

Gauzak horrela, eta “lurralde okupatuetako eskubide-urraketa larriak egiaztatzeko” Legebiltzarreko misioak egiten ari diren lanari balioa eman ondoren, azpimarratzen da Fronte Polisarioa dela “Saharako herriaren ordezkari zilegi bakarra”, Marokoren presentzia Sahara Mendebaldean “legez kanpokoa” dela eta “ezin duela ondorio juridiko edo politikorik izan Saharako herriak duen autodeterminazio eta independentziarako eskubidearen kaltetan”

 

Proposamena egin duten taldeek, amaitzeko, beren “atxikimendua eta elkartasuna” helarazi diete Gdim lzik-eko presoei, “legez kanpoko eta bermerik gabeko” prozesu baten esparruan “kondena bidegabeak” jasan dituzten presoei, eta “berehala aska ditzatela” eskatu dute.