Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Ekainak 15

Nafarroako Kutxa Fundazioaren Patronatuko buruak 2021eko Kontu Orokorrak eman dizkio Parlamentuari

Unai Hualdek eskertu egin du Legebiltzarrak 2016an hautatutako patronatukideen lana, kargua utziko baitute, Gobernuak bere ordezkariak izendatu eta Patronatu berria eratzen denean

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur bere bulego ofizialean hartu du Nafarroako Kutxa Fundazioaren Patronatuko burua, Javier Miranda, zeina Camino Oslérekin eta Josu Ardaizekin batera azaldu baita 2021eko Kontu Orokorrak emateko.

 

Bilera horretan Mirandak esan du Kontu Orokorrek fundazioaren “gardentasuna” berresten dutela, bai eta Patronatuko kideen lanaren “objektibotasuna eta independentzia” ere. “Gure jardunaren zutabeak izan dira. Amaitu da gure zeregina. Patronatu berria eratzen denean utziko dugu kargua, Nafarroako Gobernuak bere ordezkariak izendatu eta gero”.

 

Bestalde, Unai Hualdek Fundazioak hainbat esparrutan egiten duen “gizarte-lan garrantzitsua” azpimarratu du. “Merezi du bere proiektuen atzean dauden istorioak eta pertsonak ezagutzea. Urteko memoriek, duela gutxi aurkeztutakoek, horren berri ematen dute”.

 

Era berean, Hualdek eskerrak eman dizkie irteten diren Patronatuko Kideen dedikazio eta inplikazioa, eta opari txiki bat eman die Ganberaren izenean.

 

Parlamentuko Osoko Bilkurak ekainaren 9an Pilar Aranburo González, Mercedes Ferro Montiu, José Ángel Andrés Gutiérrez, Javier Onieva Larrea eta Juana García Santamaría hautatu zituen Nafarroako Kutxa Fundazioaren Patronatuko kide izateko. Legebiltzarrak organo horretarako bost ordezkari izendatzen ahal ditu, 2/2014 Foru Legea aldatu aurretik zegozkionak baino bi gehiago.

 

Nafarroako Kutxa Fundazioaren estatutuen arabera, bederatzi kidek osatzen dute Patronatua. Nafarroako Parlamentuak bost izendatzen ditu, Nafarroako Gobernuak hiru zuzenean, eta Iruñeko Udalak hautatzen du bestea.

 

Iragan urtarrilaren 20an Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak aho batez onetsi zuen Zenbait Fundazioren Zuzendaritza Organoak arautzen dituen 2/2014 Legea aldatzea. Aldaketaren helburua da arau-esparru berria ezartzea, egungo egoera juridikoarekin eta sozialarekin bat datorrena, kontrol eta parte-hartze publikoak handiagoak izateko, gardentasun-arauekin bat etorriz.

 

Nafarroako Kutxa Fundazioaren sorburua eta berezitasuna aintzat hartuta (CANen ondorengoa da), Parlamentuak egokitzat jo zuen fundazio arruntena ez bezalako araubidea ematea berari, aurrezki-kutxen eta banku-fundazioen araudiaren arabera banku-fundazioa izateko bete behar zituen baldintzak betetzeari utzi zionean.

 

Fundazioaren gobernuan, ordezkaritzan eta administrazioan dauzkaten ahalmenez gainera, patronatukideen ardura izanen da fundazio bereziaren jatorrizko entitatea eratu zenetik sortutako dokumentazioa zaintzea, eta, horren barruan, sorburuaren arabera dagozkien berreskuratze-kudeaketak egitea.