Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Ekainak 16

Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Laguntza “funtsezkoa” dela azpimarratu du Nafarroako Gobernuak

Nortasun propioa ematea eta ongizateari eta gizarte kohesioari dagokionez zerbitzuak sustatzea eskatzen duen Geroa Bairen interpelazio bati erantzun dio

Mari Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak, Geroa Bairen interpelazio parlamentarioari erantzunez, esan du Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Laguntzak "funtsezko papera" izan duela azken urteotan, pertsona askok jasan baitituzte pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorioak.

 

Maeztuk adierazi duenez, Gizarte Zerbitzuak "gizartearentzako funtsezko zerbitzu gisa aldarrikatu dira", eta finantzaketa % 42 handitu dela nabarmendu du, 2022an ia 31 milioi eurora iritsi arte; 2015ean, berriz, 17 milioi izan ziren.

 

Kontseilariak azaldu duenez, Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Laguntza Plana garatzen ari da eta sistemaren "birdefinizio estrategiko eta operatiboa" ekarriko du. "Programa akordioan jasota zeuden konpromisoen % 100 beteko dugu", nabarmendu du.

 

Ildo horretan, prozedurak arindu eta sinplifikatu behar direla esan du, eta gizarte-laneko metodologiekin zerikusia duen guztia indartu behar dela, besteak beste.

 

Isabel Aranburuk (Geroa Bai) ziurtatu duenez, gizarte-zerbitzuak, titulartasun publikoa dutenak, udalenak edo mankomunatuak, "gehigarri bat balira bezala tratatzen dira askotan, ia nortasun propiorik ez balute bezala, eta mota guztietako espezializazioak ukatuz".

 

Adierazi duenez, gizarte-zerbitzuek "funtsezko zeregina izan dezakete herritarren gizarte-premiei erantzuteko eta ongizatea eta gizarte-kohesioa sustatzeko, baina gaur egun ez dute duten potentzial guztia garatzen".

 

Marta Álvarezek (Navarra Suma) gaitzetsi duenez, mendekotasunari dagokionez Nafarroak "katedral handi baten hainako suspentsoa" du, Espainiako "bigarren erkidegorik okerrena" baita. "Zerbitzu horietan lan-karga handia dago, atzerapen askoren ondorioz", gaineratu du.

 

Nuria Medinak (PSN) Alvarezi aurpegiratu dio bere hitzaldian "proposamenik egin ez eta krispazioa besterik" ez duela sortu, eta nabarmendu du UPNren Gobernuak Gizarte Zerbitzuak "ia hiltzen utzi zituela eta, okerrago, pertsonak abandonatuta utzi zituztela".

 

Bestalde, Patricia Peralesek (EH Bildu) azpimarratu duenez, "ez da autokonplazentziazko diskurtsoetarako momentua", eta "legealdi honetan gizarte-eskubideetan inbertsio handiagoa egin den arren, desberdintasunek gora egiten jarraitzen dute, eta pobrezia kroniko bihurtu da”. Eredu ekonomiko berri baten aldeko apustua egin du, "pertsonak erdigunean jarriko dituena".

 

Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) baieztatu duenez, Gizarte Zerbitzuetan "arazoak ikusi ditugu" aurreko hamarkadetan, "udal-gobernuaren kolorearen arabera", eta, horregatik, herritarrei ematen zaien bermea "modu homogeneoan koordinatzeko" eskatu du.

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) adierazi duenez, "zalantzarik gabe, legegintzaldi honetan eta aurrekoan ahalegin handia egin da Gizarte Zerbitzuen finantziazioari dagokionez", eta pobrezia eta gizarte-bazterkeria eragiten duten "egiturazko baldintzak" aldatu behar direla uste du.