Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Ekainak 23

Estatuaren eta Nafarroaren arteko Hitzarmen ekonomikoaren aldaketa onetsi da

Martxoaren 31n Ganberak onartutako eta Gorteetatik pasatzeke dagoen aldaketari hondakinak zabortegietan uztearen gaineko zergaren harmonizazioa gehitzen zaio

Parlamentuaren osoko bilkurak Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren aldaketa onetsi du gaur. Erabakia ekainaren 10ean Negoziazio Batzordean sinatutako akordioa izenpetzera dator, eta Gorte Nagusiek lege arrunt bidez berretsi behar dute orain.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E alderdien babesak gehiengo osoa eman du, eta gehiengo hori behar zuen hain zuzen, Erregelamenduaren IX. tituluaren arabera, Ganberaren erabakiak. Navarra Sumak aurka bozkatu du.

 

1990eko Hitzarmen Ekonomikoaren zazpigarren aldaketa da, 1993, 1998, 2003, 2007, 2015 eta 2022ko martxoko eguneratzeen ondoren.

 

Adostu da berrogei quater artikulua gehitzea. Zerga ordainaraztea eta aplikatu beharreko araudia. Hona testua:

 

"1. 1. Hondakinak zabortegietan uztearen, erraustearen eta hondakinen baterako errausketaren gaineko zerga ordainaraztea Nafarroako Foru Komunitateari dagokio, baldin eta zergaren xede diren hondakinak entregatuko diren zabortegia edo errausketarako edo baterako errausketarako instalazioa lurralde horretan badago.

 

2. 2. Zerga ordainaraztean, Nafarroako Foru Komunitateak Estatuak unean-unean ezarritako arau substantibo eta formal berberak aplikatuko ditu.

 

Nolanahi ere, Foru Komunitateak zerga honen karga-tasak handitzen ahal ditu, unean-unean lurralde erkidean indarra duten muga eta baldintzekin.

 

Horrekin batera, Foru Komunitateak autolikidazioa eta ordainketak egiteko ereduak onesten ahal ditu, gutxienez ere lurralde erkideko datu berak edukiko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzean ordaintzeko epeak finkatzen ahal ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik asko aldendu gabe”.

 

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek ukatu egin dute, ñabardurak ñabardura, zerga-figura hori sartzeak Nafarroako zerga-ahalaren interpretazio murriztailea dakarrenik, batzuen ustez, beste aukerarik ez baitago.

 

Navarra Sumak, aldiz, ohartarazi du Nafarroako zerga-araubidea esplizituki Estatuaren zerga-jardueraren mende dagoela; izan ere, Hitzarmenaren aldaketak Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko 14/2018 Foru Legearen erreforma ekarriko ditu, eta, beren ustez, hau Foru Komunitatearen finantza-autonomiari berariaz uko egitea da.

 

Jakina denez, 2021eko abenduaren 21ean Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Negoziazio Batzordeak erabaki zuen Hitzarmen Ekonomikoa aldatzea, eta aipatu aldaketa Nafarroako Parlamentuak onetsi zuen 2022ko martxoaren 31n.

 

Hitzarmenaren aldaketa Ministroen Kontseiluak onestearen eta Gorte Nagusietan izapidetzearen zain dagoenez, egokitzat jo da aipatu aldaketan sartzea Hondakinak zabortegietan uztearen, erraustearen eta hondakinen baterako errausketaren gaineko zergaren harmonizazioa (hura Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen bidez onetsi zen -84. artikulua eta hurrengoak-),tributu berri hori Hitzarmen Ekonomikoan sartuta, 2023ko urtarrilaren 1ean indarra har dezan.

 

Nafarroak Hitzarmen Ekonomikoaren Negoziazio Batzordean izan duen ordezkaritza honako hauek osatu dute: Elma Saiz Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak, Óscar Martínez Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak, Javier Esparzak (Navarra Suma), Ramón Alzórrizek (PSN), Uxue Barkosek (Geroa Bai), Adolfo Araizek (EH Bildu), Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) eta José Miguel Nuinek (I-E).

 

Estatuko Administrazioaren ordezkari izan dira Jesús Gascón, Ogasuneko Estatu idazkaria; Soledad Fernández, Zerga Administrazioko Estatu Agentziako zuzendari nagusia; Inés Olóndriz, Autonomia Erkidegoetako eta Toki Finantzaketako idazkari nagusia; María José Garde, Zergetako zuzendari nagusia; eta Javier Sánchez, Aurrekontuetako eta Lurralde Finantzetako Kudeaketako zuzendari nagusia.