Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Uztailak 1

Unai Hualdek Nafarroako Kontseiluaren 2021eko oroitidazkia jaso du

Kontsulta organo gorenak 41 irizpen eman zituen, 2020an baino 11 gehiago, gehienak ondare-erregelamenduei eta administrazio-jarduketak berrikusteari buruzkoak

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Nafarroako Kontseiluaren 2021 urteko oroitidazkia jaso du gaur, Alfredo Irujo Kontseiluko buruaren eskutik. Era horretan bete egin da ekainaren 9ko 8/2016 Foru Legearen 21. artikulua, urteroko emate hori aurreikusten duena.

 

Aipatu oroitidazkian jasotzen denez 2021ean zehar irizpena emateko 44 eskaera egon dira (2020an baino 13 gehiago) eta Kontseiluak 41 irizpen eman ditu (aurreko urtean baino 11 gehiago). Lehendakariak adierazi duen bezala, Nafarroako kontseiluaren jarduera “normaltasunera itzuli da” pandemiaren ostean.

 

Nafarroako Kontseiluaren 2021eko aurrekontua 453.382 eurokoa izan zen; oroitidazkian zehazten denaren arabera, haietatik bakarrik 284.000,36 euro exekutatu ziren, batez ere, “Nafarroako Kontseiluak ez dielako azterlan eta lan teknikorik kanpoko adituei enkargatu eta 2010ean hasitako aurrezte-politika mantentzen delako”.

 

41 irizpen horietatik 3 fakultatiboak izan dira eta 38 nahitaezkoak. Gaiei dagokienez, 15 erregelamenduen ingurukoak izan dira, 10 administrazio-jarduketen berrikuspenari buruzkoak, 8 kalte-ordainen eskaerei buruzkoak, 3 berrikusteko administrazio errekurtsoei buruzkoak, 1 foru lgeeen aurreproiektuei buruzkoa, beste bat administrazio kontratuei buruzkoa eta gainerako hiruak bestelako gaiei buruzkoak. Hiru irizpen Nafarroako Parlamentuko lehendakariaren eskariz egin dira, eta gainerako guztiak Nafarroako Gobernuaren bidez egin dira.

 

Nafarroako Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko kontsulta organo gorena da. Bere irizpenek abaguneari eta komenigarritasunari buruzko balorazioak eduki ditzakete, gaiaren izaeragatik edo kontsulta egin duen agintariak berariaz eskatu duelako, eta, orobat, Administrazioak bere helburuak eraginkortasun handiagoz betetzeko bada.

 

Kontseilua bost kidek osatzen dute, zortzi urtetarako izendatzen dira eta ezin izanen dira berriz hautatuak izan. Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurari dagokio kontseiluko kideak hautatzea, gehiengo osoz, eta honakoek proposatu ahalko dituzte postu hutsak betetzeko izangaiak: Parlamentu-talde batek edo batzuek, Nafarroako abokatu-elkargoek edo, kasua bada, Nafarroako Abokatu Elkargoen Kontseiluak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak.

 

Irujo 2016ko uztailaren 21ean jabetu zen karguaz, urte hartako ekainaren 2an onetsitako Foru Legeari jarraiki, organo honen “funtzionamendua, neutraltasun politikoa, inpartzialtasuna eta kualifikazio teknikoa hobetzeko” helburuarekin.