Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Irailak 21

Nafarroako Parlamentuko Kultura Batzordeak Estellerrian izanen den Liburutegi Mugikorra ezagutu du

Nafarroako Liburutegi Zerbitzuaren proiektua 26 herritara eta 5.000 biztanlerengana iritsiko da

Kultura eta Kirol Batzordeak gaur Nafarroako Liburutegira bisita egin du, talde parlamentario guztiek eskaturik, Liburutegi Mugikorra ezagutzeko. Nafarroako Liburutegi Zerbitzuaren ekimena da, Estellerriko 26 herritara iritsiko da eta 5.000 bat biztanlek erabili ahalko dute.

 

Batzordeko kide hauek izan dira bisitan: Alberto Bonilla, Raquel Garbayo, Iñaki Iriarte (Navarra Suma), Carlos Mena (PSN), Ana Ansa (Geroa Bai) eta Maiorga Ramírez (EH Bildu).

 

Hauek egin diote harrera Parlamentuko ordezkari taldeari: Asun Maestro, Nafarroako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria; Fernando Ross, Liburutegien Sarearen Ataleko burua; Laura Irulegui, Liburutegiak Koordinatzeko Bulegoko burua; eta Jaione Ziritza, Iñaki Suso eta Javier Berrocal, Liburutegi Mugikorraren arduradunak.

 

Parlamentuko ordezkariek ekimena ezagutzeko aukera izan dute. Liburutegi mugikor gisa egokitutako ibilgailu baten bidez gauzatuko da, eta urrian martxan jartzekoa da. Hasiera batean bildumak 3.000 dokumentu ditu guztira, liburuak, aldizkariak eta filmak kontuan hartuta, eta helburua da gutxienez ere 8.000 aleko bilduma izatea gordailuan. Barnean, bibliobusak 900 dokumentu baino gehiago eramateko edukiera du. Proposamenak 135.000 eurotik gorako aurrekontua jaso du, eta jarraitu eginen du 2023an, batez ere funtsak eskuratzeari dagokionez.

 

Zerbitzuak sei ibilbide eginen ditu eta 4.811 pertsonak baliatu ahalko dute 26 herri hauetan: Abartzuza, Aberin, Acedo, Antzin, Arellano, Bakedao, Bargota, Bearin, Desoio, Deikaztelu, Esprontzeda, Eulate, Iguzkitza, Larrion, Elizagorria, Legaria, Lezaun, Lukin, Morentin, Mues, Murieta, Errezu, Torres del Río, Villatuerta, Zudairi eta Zuñiga.

 

Asun Maestro Liburutegi Zerbitzuko zuzendariak adierazi du proiektuak lehentasuna duela “kulturaren irisgarritasunari begira, eta lurralde politikak garatzeko, bereziki despopulazioaren arlokoak, eta landa ingurunean aukera berdintasuna sustatzeko".

 

Gaineratu duenez, “esperientziak berak lagunduta zehatzago definitzen joanen den proiektua da, eta aurreikusten du geldialdi egonkorrak egitea udalerrietan, baita dokumentuak etxera eramatea ere”.

 

Nahiz eta ez izan ohiko liburutegien tamainakoa, antzeko zerbitzuak emanen ditu: dokumentuen mailegurako txartel bakarra lortzea, eta beste liburutegi batzuetako liburuak eskuratu ahal izatea liburutegi arteko maileguaren bidez; eskuragarri izatea eBiblio, eFilm eta eMagazine plataformetako liburu, film eta aldizkari bilduma guztiak; kultur jardueren eskaintza; irakurketa klubak antolatzea; eta, azken batean, “herritar hauek eskatzen dituzten zerbitzu guztiak, ohiko liburutegietara joaten direnen aldean bestelako beharrak izanen baitituzte nolabait ere”, baieztatu du Liburutegi Zerbitzuko arduradunak.

 

Ildo horretan, bibliobusa da “kultur zerbitzuen izaera funtsezkoaren eta, beraz, izaera sozialaren modalitate argienetako bat, eta kulturarako ate bat irekitzen du lurralde despopulatuenetan. Liburutegi publikorik ez duten tokietan haren onurak zabaltzeko kalitatezko tresnarik onena da, eta eragin handia du gizartean; izan ere, komunitatea sendotu eta dinamizatu egiten du, herritar guztientzako baliabideen, berrikuntzaren eta sarbide nahiz prestakuntza digitalaren gune gisa”.