Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Urriak 20

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena zerga erreformari buruzko proiektu bat aurkez zezan, inflazioaren araberako PFEZaren deflaktazioarekin

I-EK eta Navarra Sumak hainbat eremutan esku-hartzea eskatzen zuten, inflazioaren eta soldaten arteko arraila 8 puntutik gorakoa dela kontuan hartuta, biztanle gehienen pobretzea saihesteko

Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren izapidetzean zerga erreformari buruzko foru lege proiektu bat aurkez zezan, PFEZaren kargen eskalako likidazio oinarrien deflaktazioa, inflazioaren araberakoa, edukiko zuena”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atal bat zuen, Navarra Sumaren eskariz gehitua, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena “aurreko puntuak aipatzen duen deflaktazioa PFEZaren tarifaren deflaktazio progresiboa izan zedila eskatzeko, %6-%8,5 bitartekoa errenta baxuentzat eta errenta ertainentzat, 2022ko urtarrilaren 1etik atzeraeraginez aplikatuko zena. Gainera, neurri horrek atxikipenen taulan eragina izanen zuen araudia onesten denetik”. Gehitzeko zuzenketa I-E ekimenaren titularrak onartu egin du.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioak sustatutako mozioak premiazkotzat jotzen du “hainbat eremutan neurriak” hartzea, kontuan izanda “inflazioaren (% 10,8) eta soldaten (% 2,56) arteko arraila 8 puntutik gorakoa dela (gehieneko historikoa), erosteko ahalmenaren galera saihesteko eta, horren ondorioz, biztanle gehienen pobretzea saihesteko”.

 

Horretarako, PFEZaren tarifan deflaktazioa aplikatzearen alde egiten zen. Tarifa horren diru-bilketa batez ere lanaren errentetatik iristen denez, haren deflaktazioa “guztiz neurri beharrezkotzat” jotzen du sustatzaileak, “Nafarroako herritar askoren narriadura ekonomikoa ez areagotzeko”.

 

Testuinguru horretan, gogorarazten da “1984an KPIa % 11,3 hazi zenean, soldatak % 7,8 igo zirela. Orduan aldea 3,5 puntukoa izan zen, baina oraingoak, ordea, zifra hori aise bikoizten du”.

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (95. NPAO, 2022-09-06koa)