Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Azaroak 24

Nafarroako Parlamentuak erabaki du lehen sektorearen lana aitortzea erakundearen saririk gorena emanez

Legebiltzarrak bat egiten du Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Deuseztatzearen Nazioarteko Egunaren karietara Gobernuak deituriko herritarren elkarretaratzearekin eta bat egiten du Hiesaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak erabaki baitu erakundearen saririk gorena ematea lehen sektorean lan egiten duten pertsonei. Lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak bere aintzatespena eta esker ona adierazi nahi die lehen sektorean lan egiten duten pertsona guztiei, beren lanaren eta jardun onaren bidez gure erkidegoa kalitatezko ekoizpenaren erreferente bihurtu dutelako.

 

2. Nafarroako Parlamentuak aitortzen du nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpenak gure lurraldeko ekonomiarentzat eta Nafarroako gizartearentzat duen garrantzia.

 

3. Nafarroako Parlamentuak nabarmentzen du nekazaritza eta abeltzaintzako elkarteek sektorea hobetzeko helburuz erakundeekin batera egiten duten lana.

 

4. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela gure erkidegoko lehen sektorea hobetzen laguntzen duten politika publikoen alde lan egiten jarraitzea.

 

5. Nafarroako Parlamentuak erakundearen saririk gorena den Nafarroako Parlamentuaren domina emanen die gure erkidegoan nekazaritzan eta abeltzaintzan lan egiten duten pertsonei eta, horiez gain, kooperatibei, Nafarroako jatorri izendapenei, adierazpen geografiko babestuei eta nekazarien eta abeltzainen antolakundeei, funtsezko sektorea osatzen baitute gure erkidegoaren lurralde-egituraketarako eta ekonomiarako”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Deuseztatzearen Nazioarteko Egunaren karietara Nafarroako Gobernuak deituriko herritarren elkarretaratze isilarekin. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak berriro ere bere arbuioa adierazten du emakumeek pairatzen dituzten hainbat diskriminazioren ondoriozko edonolako indarkeria matxistaren aurrean, edozein alor eta testuingurutan.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa berresten du, lanean aktiboki jarraitzeko emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria eta ahuldade egoeren iturri diren desberdinkeria guztien aurka.

 

3. Nafarroako Parlamentuak emakume eta neskato erasotu eta/edo erailenganako elkartasuna adierazten du, indarkeria sexista muturrekoenaren biktima diren aldetik, eta bere laguntza osoa eskaintzen die haiei eta haien familiei.

 

4. Nafarroako Parlamentuak berresten du beharrezkoa dela adin guztietako gizonezko guztiek konpromisoak eta posizio aktiboak har ditzaten emakumeenganako edonolako indarkeriaren aurka.

 

5. Nafarroako Parlamentuak herritar guztiak gonbidatzen ditu jarrai dezaten emakumeen aurkako indarkeria arbuiatzen, eta konpromisoa erakusten indarkeria horren deuseztatzearekin, kontrol patriarkalaren adierazpen oro eta emakumeen askatasunerako eta autonomiarako muga eta baldintzapen oro salatzen, eta parte har dezaten azaroaren 25aren inguruan antolatzen diren ekitaldi guztietan.

 

6. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin eta, hori dela eta, parte hartuko du Nafarroako Gobernuak Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez deituriko herritarren elkarretaratze isilarekin, zeina eginen baita azaroaren 25ean, ostirala, 12:00etan, Nafarroako Jauregiaren atarian (Karlos III.a etorb.), emakumeekiko indarkeria arbuiatzeko”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu HIESaren aurkako Mundu Eguna dela-eta eginen diren ekitaldiekin. Lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du HIESsaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin; hori dela-eta, Hiesaren aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarrarekin eta Sare Elkartearekin batera, ekitaldi bat antolatu du Legebiltzarraren atalondoan ostegunean, abenduaren 1ean, 12:00etan.

 

2. Nafarroako Parlamentuaren ustez, 41 urteko epidemiaren ondotik, beharrezkoa da prebentzio konbinatuan lan egiten jarraitzea. Diagnostiko goiztiarra eta tratamenduari goiz ekitea dira biderik onenak pertsonen osasuna babesteko eta kutsatzeak prebenitzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak GIBarekin loturiko Diskriminaziorik Ezaren eta Tratu Berdintasunaren aldeko Gizarte Itunak biltzen dituen neurriak bultzatzen jarraitzearen alde egiten du.

 

4. Nafarroako Parlamentuaren konpromisoa da arreta soziosanitario banakatua bermatzea GIBdun diren pertsonei, kontuan hartuz haien berezitasunak, bereziki emakumeen eta adinduen kasuan.

 

5. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du GIBarekin bizi diren pertsonekiko diskriminazioa desagerrarazteko neurriak bultzatzen jarraitzeko.

 

6. Nafarroako Parlamentuak erabaki du bere fatxada abenduaren 1ean gorriz argiztatzea”.