Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala irakurtzeko ekitaldi instituzionala, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira
Unai Hualdek gobernu guztien agenda politikoan giza eskubideen betearazpena sartzeko deia egin du, “gizarte-bazterketarekin eta eskubideen urraketarekin amaitzeko”.
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala irakurtzeko gaur egindako ekitaldiaren hasieran nabarmendu du “gobernu guztien agenda politikoan giza eskubideen betearazpena” sartu behar dela. Giza eskubideen 74. urteurrenean foru legebiltzarrak ekitaldi hori antolatu du, hainbat gizarte erakunde eta entitatek proposatuta. Zehaztu duenez, azken helburua mundu osoan egunero hautematen den “oinarrizko eskubideekiko errespetu falta txikiagotzea” litzateke.
Esparru horretan, eta “pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoengatik” kezkatuta dagoela adierazi ondoren, “gure gizarteak lehendik ere bazituen arazoak areagotu” besterik ez baitute egin, lehendakariak Aldarrikapenaren “artikulu bakoitza gogorarazi eta aplikatzeko” deia egin du, “gizarte-bazterketarekin eta eskubideen urraketarekin amaitzeko. Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna da gure bide-orria. Itun horren betetze maila ebaluatuko dugu, paper errea izan ez dadin”.
Unai Hualderen hitzetan, “gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak, pobreziak, soldata-arrakalak, indarkeria matxistak edo arrazakeria kasuek” agerian uzten dute “oraindik asko dagoela egiteko. Parlamentu honek konpromiso argia du giza eskubideekin eta 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuekin. Mila esker, benetan plazer handia da zuek hemen egotea Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela-eta, gaur ospatzen baita”, abenduaren 10ean.
Ondoren, Javier Urrozek (Papeles Denontzat) eta Amaia Zubietak (Indarkeria Sexistaren aurkako Plataforma) azpimarratu dute Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak herri, nazio eta pertsona guztientzat dakarren ideal komuna, eta, horri dagokionez, “sinergiak eraikitzeko eta mundu bidezkoago bat sortzen laguntzeko” deia egin dute.
“Adierazi nahi dugu giza eskubideekin konprometitutako Nafarroako gizartea bakean bizi den gizartea dela, pertsona guztiak biltzen dituena, edozein dela beren jatorria, eta haien eskubideak aitortzen dituena. Horregatik, herritar guztiei deia egiten diegu giza eskubideen defentsa besarkatzeko eta hori gure bandera izateko”.
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (GEAU) Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean Parisen emandako 217 A (III) Ebazpenean onartutako aldarrikapen-dokumentua da. Aldarrikapen hori Bigarren Mundu Gerran zenbait estatu totalitariok egin zituzten izugarrikeriek eragindako ikararen ondorioz sortu zen. Aldarrikapen horren bidez, oinarrizko eskubide batzuk bermatu nahi dira eta Estatuaren gainetik jarri, Estatua baita eskubide horien eraginkortasuna bermatu behar duena.
Hona hemen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 30 artikuluen irakurketa “kritikoan” parte hartu duten gizarte erakunde eta entitateen zerrenda: Amnistia Internazionala, Alboan, Elkarri Laguntza, SEI Elkartea, Mejorana elkartea, Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordea, GKEen Koordinakundea, Kolonbia Aurrera, Iruñeko Feministak, Astelehen Lilak, Itaka Escolapios, Munduko Medikuak, Mugarik, Oxfam Intermon, Papeles Denontzat, Indarkeria Sexistaren aurkako Plataforma, Infantivismo plataforma, Eskubideen eta Osasun Mentalaren Plataforma, Mejorama elkartea, Pobreziaren kontrako Sarea, Salhaketa Nafarroa, Sare elkartea, Lacarra Elkartea, Elkarri Laguntza, Migratzaileentzako Informazio Gunea (MIG), CERMIN, SOS Arrazakeria eta ZASKA.
Idoia Oneca Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordeko (CEAR) ordezkariak gidatu eta koordinatu du irakurketa.
Ekitaldian izan dira Inma Jurío lehen lehendakariordea eta Juan Luis Sánchez de Muniáin lehen idazkaria, bai eta legebiltzarrean eserlekua duten alderdi guztietako parlamentariak ere.