Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Abenduak 14

Parlamentuan Remonte Euskal Jai Berri Fundazioak 14.000 euroren dohaintza egin die Adanori, Josefina Arregi klinikari eta SOS Ucraniari

Hualdek azpimarratu du garrantzitsua dela erakundeen eta elkarte sarearen arteko lankidetzari eustea, oraingo honetan konpromiso soziala eta kirol autoktono baten sustapena uztartuz

Nafarroako Parlamentuan gaur egindako ekitaldi batean, Remonte Euskal Jai Berri Fundazioak dohaintza egin die Minbizia duten Haurren Nafarroako Elkarteari (Adano), Josefina Arregi klinikari eta SOS Ucrania klusterrari. Elkarte sarearen solidaritatea eta konpromisoa aitortzeko ekitaldia izan da.

 

Halaxe berretsi du Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak, eta ohartarazi du garrantzitsua dela “lankidetza instituzionalari eustea, guztion artean Nafarroa hobea eraikitzen jarraitzeko. Gaur Remonte Fundazioari dagokio protagonista izatea, jatorrizko modalitate bat berreskuratzeko sortu baitzen, haurrak trebatuz, hainbat herritan sakabanatutako eskoletan. Adanori ere bai, minbizia duten haurren aldeko lan handia egiten duelako. Eta SOS Ucrania klusterrari, gure mugetatik hara ere solidarioak izan behar dugulako gerraren eta etengabeko eskubide urraketen errealitate lazgarriak jasaten ari direnekin. Mila esker”.

 

Jarraian, Alfredo Arruiz eta Jaime Aguirre, Remonte Euskal Jai Berri Fundazioko lehendakaria eta zuzendari kudeatzailea, hurrenez hurren, Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari esker onez zuzendu zaizkie “proiektu hau babesteagatik; kirol arlokoa izanagatik ere badu bere alderdi soziala”, minbizia duten haurrentzako laguntza gisa gauzatzen dena.

 

“Zuekin poza partekatu nahi dugu, Adanori, Josefina Arregiri eta SOS Ucraniari 14.000 euro banatzean, 2022an txapelketak antolatuz bilduak. Covidaren ondoriozko zailtasunak zailtasun, lortu dugu gure lankidetzazko ekintzetan jarraitzea. Erakunde hauei beren lan eskergan aurrera segitzeko egiten diegun ekarpen oro pozgarria da”, nabarmendu dute Arruiz eta Aguirrek.

 

Ondoren, Mikel Morenok (Adano), elkarte dohaintza-hartzaileen izenean, eskertu egin ditu Remonte Fundazioaren engaiamendua eta Parlamentuaren eta oro har erakunde publikoen “sentikortasuna” hiru arazo horiekiko, kasu honetan kulturaren eta kirolaren ikuspuntutik.

 

“Bere irmotasunarekin, Remonte Euskal Jai Berri Fundazioak, baliabide ekonomikoak ez ezik, baldintzarik gabeko babesa ere eskaini digu minbizia duten haurren, adinekoen, mendekotasuna dutenen, gerrako biktimen eta errefuxiatuen bizi kalitatea hobetzen laguntzen duten programak eta jarduerak egiten jarraitu ahal izateko. Laguntza hori gabe, gure proiektu asko ez lirateke posible izanen”.

 

Azkenik, Rebeca Esnaolak, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kiroleko kontseilariak, Remonte Fundazioaren “konpromiso soziala” eta Adanoren, Josefina Arregiren eta SOS Ucraniaren ekarpena goraipatu ditu. Esan duenez, azken horien hiru arloetan “kirolarekin lotura estua duten balioak dira nagusi: berdintasuna, ahalegina eta eskuzabaltasuna. Eskerrik asko zuen lanagatik, nahiz eta batzuetan bidea erraza ez izan”.

 

Amaitzeko, talde argazkia egin dute. Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kideak, Eskubide Sozialetako Batzordekoak eta talde eta elkarte guztietako parlamentariak izan dira ekitaldian.