Nafarroako Gobernua premiatzen da irakaskuntzako zuzendaritzako osagarria egonkortzeko dagozkion prozedurak ezar ditzan
"Dedikazio handia" eskatzen duen "diziplina anitzeko" lan hori aitortzearen eta konpentsatzearen alde egin du Ganberak
Hezkuntza Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua premiatzen baita “dagozkion prozedurak ezar ditzan Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetako irakasleek zuzendaritza-karguetan jardutegatik jasotzen duten zuzendaritza-osagarria finkatze aldera”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Hezkuntza Departamentua premiatzen du “lantalde bat sor dezan ikastetxe publikoetako zuzendarien elkarteetako ordezkariekin”.
Lantalde horren helburua izanen da, batetik, “zuzendaritza-eginkizunaren errealitatearen eta zuzendaritza-taldeak osatzeko zailtasunen inguruko diagnostiko bat egitea”, eta bestetik, “behar diren neurriak adostea irakasleek ikastetxeetako zuzendaritzetan parte har dezaten laguntzeko, prestakuntza-, antolamendu- eta kudeaketa-esparruetan, eta lan-baldintzei dagokienez”. EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak, ekimenaren titularrak, aurkeztutako gehitzeko in voce zuzenketa baten emaitza da atal hau.
Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentari mistoak sustatutako ebazpenak ikastetxeetako zuzendaritza-eginkizuna defendatzen du, baliabideak hezkuntza-jardueraren inguruan antolatzeko, eta programazio didaktiko, plan eta proiektuen diseinuan eta garapenean hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea sustatzeko “beharrezkoa” dela iritzita.
Ildo horretan, eginkizun hori gauzatzeagatiko soldata-osagarria finkatzearen alde egiten du, “diziplina anitzeko lan zail” horren aitortza ekarriko lukeelako, “dedikazio handia eskatzen duen lan hau ez baita behar bezala konpentsatzen, ez ekonomikoki, ez eta lana gauzatzeko ordu-murrizketen bidez ere”.
Patricia Fanlo (PSN) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Pedro González, Iñaki Iriarte, Ángel Ansa, Raquel Garbayo, Elena Llorente, Maribel García-Malo (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Inma Jurío (PSN), María Solana, Mikel Asiáin (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Patricia Perales (EH Bildu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (138. NPAO, 2022-11-30ekoa)