Onetsi da Finantza-transakzioen gaineko Zergari buruzko Foru Legea
Europa mailan noiz harmonizatuko zain, Nafarroak Tobin Tasa delakoa arautu du, akzioak kostu bidez eskuratzea zergapetzeko, egoitza edonon dagoela ere
Parlamentuko Osoko Bilkurak Finantza-transakzioen gaineko Zergari buruzko Foru Legea onetsi du gaur, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin. EBk karga hau era harmonizatuan ezartzen lan egiten duen bitartean, foru legea trantsizio testua da, eta haren bidez finantza publikoak finkatzeko helburuari lagundu nahi zaio ekitatearen ikuspuntutik. Karga honen helburua da zeharkako zergen esparruan, oro har, inongo tributuren pean ez dauden eragiketak zergapetzea.
Gobernuak sustatutako arauaren xedea da finantza-transakzioen gaineko zerga arautzea, horrela, Estatuko 5/2022 Legearen arabera eta gure inguruneko legerien antzera, Espainiako sozietateen akzioen kostu bidezko erosketa zergapetzeko, eragiketan esku hartzen duten pertsonen edo erakundeen egoitza edozein dela ere. Horri Tobin Tasa deritzo, eta kalkulatu da haren eragina 5 milioi ingurukoa izanen dela Nafarroan.
Lege horren azken xedapenetako laugarrenak dioenez, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabeteko epean Hitzarmen Ekonomikoa egokitzea erabakiko da, 28/1990 Legearen bidez onetsitako Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren indarrez (hitzarmen horri urriaren 19ko 22/2022 Legeak emandako idazketaren arabera), Nafarroako Foru Komunitateak, Estatuko Administrazioak edo bi administrazioek ordainaraziko dute finantza-transakzioen gaineko zerga, likidazio-aldian lurralde bakoitzean egindako eragiketa-bolumenaren proportzioan.
Proportzio hori zehazteko, kontuan hartuko da egoitza soziala lurralde erkidean edo foru lurraldean duten sozietateen akzioei dagozkien eragiketen zergaren zerga-oinarriak subjektu pasiboaren guztizko zerga-oinarriarekiko egiten duen ehunekoa.
Hitzarmen Ekonomikoaren idazketa berriarekin bat etorriz, finantza-transakzioen gaineko zergaren ordainarazpenean, Nafarroako Foru Komunitateak Estatuak une bakoitzean ezarritako arau substantibo eta formal berberak aplikatuko ditu.
Horrenbestez, jaulkipen-printzipioa ezartzen da zergapetze-printzipio gisa, horrela finantza-bitartekarien deslokalizazio-arriskua murrizten delako, bizileku-printzipioarekin alderatuta. Kontuan hartu behar da Espainiako sozietateen akzioek zergak ordaindu behar dituztela, finantza-bitartekariaren egoitza edo establezimendua edo negoziatzen diren lekua edozein dela ere.
Halaber, lehen aipatutako akzioen adierazgarri diren gordailu-ziurtagiriek ere karga ordaindu beharko dute. Hala ere, zerga ez da aplikatzen Espainiako sozietateen akzioen eskurapen guztietan; aitzitik, merkatu arautu batean negoziatzeko onartutako akzioak dituzten sozietateen akzioetara mugatzen da, transakzioa negoziazio-zentro batean egin ala ez, eta, gainera, 1.000 milioi eurotik gorako burtsako kapitalizazio-balioa duten sozietateen akzioetara. Atalase horren bidez lortu nahi da zergak ahalik eta gutxien eragitea merkatuaren likideziari, eta, aldi berean, bermatzea zergaren bilketa potentzialaren ehuneko oso handi bat lortuko dela.
Salbuetsita geratzen dira lehen mailako merkatuko eragiketa jakin batzuk, merkatuen funtzionamendu egokirako beharrezkoak direnak, enpresak berregituratzeko eragiketetatik edo desegite-neurrietatik datozenak, talde bereko sozietateen artean egiten direnak eta aldi baterako lagapenak.
Zergaren sortzapena ezartzen da zerga-oinarria eratzen duen kostu bidezko eskurapenaren xede diren baloreen gaineko idatzoharra, zergadunaren aldekoa, egiten den unean, bai idatzohar hori balore-kontu batean egiten denean, bai gordailu- edo zaintza-zerbitzua ematen duen finantza-entitate bateko liburuetan egiten denean, bai baloreen gordailuzain zentral baten erregistroetan egiten denean, edo entitate parte-hartzaileek egiten dituztenetan.
Zerga-oinarria kontraprestazioaren zenbatekoa da, transakzioari lotutako gastuak sartu gabe. Hala ere, arau berezi batzuk ezartzen dira baloreen eskurapena obligazio edo bonu bihurgarri edo trukagarriak, finantza-tresna deribatuak edo edozein finantza-tresna edo kontratu betearaztearen edo likidatzearen ondorio den kasuetarako, bai eta egun berean egindako eskuratzeen eta eskualdatzeen kasuan ere.
Zergaren zergaduna baloreen eskuratzailea da. Oro har, eskurapen-agindua eskualdatzen edo betearazten duen finantza-bitartekaria da subjektu pasiboa, dela bere kontura jarduten duena (kasu horretan subjektu pasiboa izanen da zergadun gisa), dela hirugarrenen kontura (kasu horretan, zergadunaren ordezkoa izanen da).
Azkenik, zergaren aitorpenari eta diru-sarrerari dagokienez, foru agindu bidez prozedura garatzea aurreikusten da, bai eta Espainian ezarritako baloreen gordailuzain zentral batek, subjektu pasiboaren izenean eta haren kontura, tributu-zorraren aitorpena eta diru-sarrera egiten duen kasuak ere. Horrela, automatizazio-maila handia lor daiteke kudeaketan.
Aurreko prozedura aplikatu ezin den kasuetarako, oro har, subjektu pasiboaren autolikidazio sistema ezartzen da. Ondorio horietarako, eta zergapetutako eragiketak egiten diren lekua edozein dela ere zergaren eraginkortasuna bermatzeko, araudian informazioa lortzeko aurreikusitako legezko tresna guztiak erabiliko ditu zerga administrazioak. Bereziki, nazioarteko itun eta hitzarmenetan aurreikusitakoak, bai eta Erkidegoaren altxorrean aurreikusitakoak ere, hala nola Kontseiluaren 2011ko otsailaren 15eko 2011/16/EB Zuzentarauan araututakoak. Zuzentarau hori fiskalitatearen arloko lankidetza administratiboari buruzkoa da eta 77/799/EEE Zuzentaraua indargabetzen du.
Era berean, prozedura bat sartzen da, autolikidazioan bertan modu arinean zuzentzeko behar ez bezala aitortutako eragiketak, aurreko autolikidazio batean sartutako kuotak eragin dituztenak, eta zuzenketa egin den autolikidazioaren emaitza ez da inola ere negatiboa izanen.
Azpimarratu behar da, orain arte azaldutakoaren arabera, foru legea bat datorrela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan aurreikusitako premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioekin.
Gobernuak igorritako Finantza-transakzioen gaineko Zergari buruzko Foru Lege proiektua zuzenean aurkeztu zaio Osoko Bilkurari, Ekonomia eta Ogasun Batzordeak irizpena eman beharrik gabe, ez baita zuzenketarik aurkeztu horretarako ezarritako epean.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proiektua (126. NPAO, 2022-11-08koa)