EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako torturari eta beste tratu txar batzuei buruzko ikerketa jaso du lehendakariak
Indarkeria mota horren biktimen aitortzaren eta erreparazioaren arloan ikerketa mugarritzat jo du Hualdek
Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuko (KREI) kide gaur Laura Pego eta Jeannette Ruiz Goikoetxeak Nafarroan 1979tik gaur arte izandako torturari eta beste tratu txar batzuei buruzko txostena aurkeztu diote gaur Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariari.
Laura Pegok azaldu duenez, bileraren helburua izan da 1960-78 aldiari buruz egindako ikerketa-azterlanari jarraipena ematen dion dokumentua lehendakariari helaraztea, “fenomeno horrek motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan dituen benetako dimentsioak ezagutzeko eta ulertzeko”.
Horri dagokionez, “1979tik 2015era bitartean Foru Erkidegoan torturak eta bestelako tratu txarrak jasan dituztela salatzen duten 676 pertsona identifikatu dira. Kalkuluen arabera, 825 kasura iritsiko dira, datu-basean aztertu eta txertatu diren espedienteak kontuan hartuta (434 pertsonari dagozkien 532 kasu)”, zehaztu du Pegok.
Balorazio gisa, Pegok ohartarazi du “amaitu gabeko ikerketa” dela, eta horri “jarraipena ematea komeni” dela, informazioa sortzen jarraitzen duelako. “Kaltetuek konfiantza osoa dute ekimen instituzional honetan (Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuaren deialdi baten emaitza baita), eta hori ezinbestekoa da indarkeria ukatu eta, beraz, zigortu gabeko mota horri modu egokian aurre egin ahal izateko”.
Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek guztiz egokitzat jo du 1979-2015 aldian Nafarroako torturari buruzko ikerketa zorrotz honek argitara eman dituen emaitzak jendaurrean erakustea, eta, horretarako, Batzordean lan-bilkura bat egitea proposatuko die talde parlamentarioei.
“Ikerketa hau mugarri berria da Nafarroako erakundeek azken bi legegintzaldietan indarkeriaren biktimen aitortzaren eta erreparazioaren arloan hartu duten konpromisoan. Izan ere, frogatu da praktika horiek ez direla noizbehinkako fenomeno bat izan, nazioarteko hainbat instantziek ohartarazi duten bezala”.