Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Urtarrilak 19

Diputatuen Kongresua premiatzen da konpon ditzan tokiko hauteskunde-elkarteek eta tokiko alderdiek izanen dituzten arazoak

Parlamentuak eskatu dio 15 eguneko epea baino lehen Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoa aldatzeko Azpibatzordea dei dezan

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren eta Navarra Sumako bi kideren (PP) abstentzioarekin, zeinaren bidez Diputatuen Kongresua premiatzen baita “datorren hauteskunde-deialdia baino lehen, konpon ditzan baldin eta aipatu aldaketak sartzen ez badira tokiko hauteskunde-elkarteek eta tokiko alderdiek izanen dituzten arazoak”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Diputatuen Kongresuari eskatzen dio “premiaz eta 15 eguneko epea baino lehen, Konstituzio Batzordearen baitan Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoa aldatzeko Azpibatzordea dei dezan, egungo egoera konpontzeko behar diren lege-aldaketak jorratu ditzan”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du “Hauteskunde-legea eta Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzkoa aldatzeko lege-proiektu bat aurkez dezan, toki mailako alderdiek eta hautesle-elkarteek halabeharrez bizi duten egoera konpontze aldera, baldin eta Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoa aldatzeko Azpibatzordeak ez baditu lege-aldaketak jorratzen hilabeteko epean”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak agerian uzten du talde eta alderdi txikien egoera “kezkagarria” dela tokiko hurrengo hauteskundeei begira, Diputatuen Kongresuak atzera bota baitu Nafarroako Parlamentuan onartutako Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoa eta Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko Lege Organikoa partzialki aldatzeko lege-proposamena aintzat hartzea.

 

Zehazki, Nafarroako Parlamentuaren proposamenak herritarrek herrietako afera publikoetan parte hartzea bultzatzea bilatzen zuen, alde batetik, gastuaren muga tokiko beharrizanetara egokitzeko helburuarekin, Kontuen Auzitegiak bere azken fiskalizazio-txostenetan eskatu duen bezala, esan baitu “aplikatzekoa den gastuaren gehieneko muga nabarmen eskasa dela hauteskunde-kanpaina bat aurrera eraman ahal izateko”. Eta bigarren helburua zen 50.000 euroko gutxieneko isuna kentzea, hauteskunde-gastua ezarritako gehienekoaren % 10 baino gehiago gainditzen den kasuetan. Bi neurri horiek atzeraeraginezko ondorioak izatea eta 2015eko eta 2019ko udal-hauteskundeetan parte hartu zuten alderdiei aplikatzea proposatzen zen.

 

Ildo horretan, proposamena egin duenak kritikatu du Kongresuak sei hilabeteko luzapena onartu duela 2021eko apirilean balizko aldaketa horiei ekiteko sortutako azpibatzordearen lanak amaitzeko; izan ere, epea luzatzeak, Toki Hauteskundeak gertu izanik, kalte larria egingo die Nafarroatik planteatutako aldaketaren bidez defendatu nahi ziren toki elkarteen interesei.