Adikzioetarako Zuria Eguneko Ospitaleak sustatutako Bizitzaren Horma erakusketaren inaugurazio ekitaldia
Errehabilitazioan ari diren hamabi pazienteren artelanak ikusgai egonen dira Parlamentuko atalondoan otsailaren 18ra arte
Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, Bizitzaren Horma. Hutsaren eta bakardadearen inguruko gogoetak erakusketa inauguratu du gaur. Zuria zentroko hamabi pazientek sortutako artelanen multzoa da. ‘Artea tresna sozial’ gizarteratze programan parte hartzen ari dira, eta beren bizipenak partekatuz iritsi dira sorkuntzaren alorrera.
Hala adierazi du lehendakariak hasierako ekitaldian. Esan du erakusketa “gizarteratze” proiektu baten emaitza dela, zeinaren bitartez adikzioen ondoriozko “osasun mentaleko arazoei agerikotasuna” eman nahi baitzaie, oraingo honetan Jorge Oteizaren obrarekiko sinergiak baliaturik; izan ere, haren kaxa hutsen saila hartu da erreferentziatzat, askapen elementutzat.
“Osasun mentalak gizartean kezka handia sortzen du. Hain zuzen ere legebiltzar hau, Gazte Parlamentua barne, legegintzaldi osoan zehar aritu da arazo hau eztabaidatzen eta neurriak eskatzen. Gaur eta hemen argi ikusten dugu artea izan daitekeela gizarteratzeko tresna eta askapenerako neurria. Oteizak bere kaxa huts edo metafisikoen sailarekin lortu nahi zuenaren ildoan. Hutsa energia-jasotzailea da, aterpea eta salbazioa. Hain zuzen ere atalondo honen gain-gainean badaukagu ‘Odiseo deritzon gudari baten erretratua’ izeneko obra, sail horrekin lotura duena”, azaldu du Hualdek.
Lehendakariak eskertu egin ditu Zuria Ospitaleko langileen inplikazioa eta “beren bizi esperientzia partekatzeko” beldurrik izan ez duten artisten ekarpena. Bukatzeko, gogora ekarri du hainbat kolektibo eta entitateren lankidetzari esker “artez eta energia bereziz betetzen dela espazio hau, askotan kaxa huts baten antza hartzen duena. Mila esker guztiei”.
Juan Carlos Oriak, Adikzioetarako Zuria Eguneko Ospitaleko zuzendariak, Jorge Oteiza Fundazio Museoarekin abiatutako lankidetzaren garrantzia nabarmendu du, 25 eta 60 urte bitarteko pertsonak gizarteko bizitzara itzultzeko bidea dela esanez.
Bestalde, Juan Pablo Huércanosek, Jorge Oteiza Fundazio Museoko zuzendariordeak, azpimarratu du artea gai dela “eraldatze sozial eta kolektiborako elementua izateko”. Erakusketari dagokionez, esan du fundazioak “pedagogia sozialaren” arloan egiten duen lanaren emaitza dela, lan “atsegina” eta edozein entitatek parte hartzeko irekia.
“Jorge Oteiza guztiz sinetsita zegoen artea gai dela eraldatze sozial eta kolektiborako elementua izateko. Gu sineste horren militanteak gara, uste dugu sorkuntza komunikaziorako, iruditeria komun eta partekatu bat eratzeko funtsezko elementua dela, aldaketa pertsonalaren eragilea eta pentsamendu kritikoaren sustatzailea. Milesker”.
Ondoren bisita gidatua egin da Aitziber Urtasunen eskutik. Jorge Oteiza Fundazio Museoko Hezkuntza Estetikoaren zerbitzuko arduraduna eta erakusketaren koordinatzailea da, eta, Arantxa Pérez terapeutarekin batera, Zuria Eguneko Zentroko hamabi paziente horien obrei buruzko azalpenak eman ditu. Beren errehabilitazio prozesuan sortutako obrak dira, 2022an egindako lantegi pedagogiko batean.
Bizitzaren Horma. Hutsaren eta bakardadearen inguruko gogoetak erakusketan kaxa hutsaren formako 12 pieza, buztinezko 12 eskultura txiki eta 30 argazki bildu dira. Argazkiak Villar Lópezek egin zituen tailerretako lan prozesuan zehar. Legebiltzarraren egoitzako atalondoan erakusketa jendearentzat zabalik egonen da otsailaren 18ra arte, astelehenetik ostiralera, ostegunetan salbu, 09:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 11:30etik 14:00etara.
Ohi denez, erakusketa hau Kultur Atrio programaren barnean dago. Parlamentuak 2016ko otsailaz geroztik ateak zabaltzen ditu programa horretan eta babesa eskaintzen die askotariko arte- eta zabalkunde-ekintzei.
Erakusketaren hasierako ekitaldi ofiziala legebiltzarraren egoitzako atalondoan egin da. Han izan dira, besteak beste, Raquel Garbayo (Navarra Suma), Ainhoa Unzu (PSN), Mikel Asiain (Geroa Bai), Txomin González (EH Bildu) y Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu).