Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du Ukrainan laguntza humanitarioko lanetan parte hartu duten boluntarioak omentzeko
Unai Hualdek desplazatuei arreta emateko Nafarroako herritarren elkartasuna azpimarratu du, bai eta Errusiaren inbasioari lotutako indarkeria berehala eteteko Ganberaren konpromisoa ere
Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du gaur eguerdian, Ukrainan laguntza humanitarioa ematen lagundu duten boluntarioak omentzeko. Unai Hualdek esan duenez, Nafarroako gizarteari eta haren elkarte-sare osoari “eskerrak emateko” ekitaldia izan da, “beste behin ere tragedia basati hori arintzen saiatu direlako. Gaur mahai gainean jarri nahi dugun elkartasun-alderdi hori da gerra zentzugabe eta justifikaezin baten urteurren lazgarriaren alde positibo bakarra”.
Testuinguru horretan, eta Nafarroako erakundeek krisi humanitarioa hobeto kudeatzen laguntzeko egindako ahalegina nabarmendu ondoren, presidenteak joan den astelehenean onartutako adierazpen instituzionala aipatu du, “giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena” salatu ondoren, “Errusiaren inbasioaren ondorioz sortutako gatazkak berehala eteteko eskatzeko”.
“Europako erakundeei eskatzen diegu beste herrialde batzuetan babesa bilatzen ari diren desplazatuak artatzeko. Nafarroan elkartasun-olatu hori guztia koordinatzen eta bideratzen saiatu gara. Horra hor Ukrainako herriari laguntza humanitarioa eman dioten Nafarroako pertsona eta erakunde guztiei ematen diegun laguntza. Informazio-guneak bizirik dirau, baina ez gara ohitu behar, gerrari ezetz esan behar zaio. Eskerrik asko guztioi zuen ahaleginagatik”, amaitu du Hualdek.
Jarraian, Elena Acaz ASVONAko (Nafarroako Boluntario Olinpikoen Elkartea) presidenteak azken urte honetan Nafarroako boluntarioek SOS Ukraina Klusterraren bidez egin duten lan “eskerga, bizia eta etengabea” nabarmendu du, Ukrainara bidali nahi zen laguntza bideratzeko, dohaintzak biltzen eta premia handiko hainbat artikulu bidaltzen aritu diren boluntarioetatik hasi eta Nafarroatik iristen zen laguntza banatzeko eskualdean jarduten zuten boluntarioen erakundeekin aliantzak ixteko herrialdera bertara joan diren pertsonetaraino.
ASVONAk 450 boluntario baino gehiago koordinatu zituen, eta gaineratu du aurten elkarte, erakunde eta pertsona anonimo askok bat egin dutela Foru Erkidegora iristen ziren errefuxiatuei laguntzeko. Era berean, ospitaleetan, umezurztegietan eta psikiatrikoetan hainbat proiektu solidario sortu zirela zehaztu du, eta Ukrainaren etorkizuna babesteko asmoz boluntarioek eraikitako eta hainbat ospitale eta zentro medikori entregatutako “bizitzak salbatzen dituzten sehaskak” proiektua balioetsi du.
Amaitzeko, boluntarioek “mundua mugitzen dutela” azpimarratu ondoren, Acazek gogora ekarri du gaur arratsaldeko hitzordua, Gaztelu Plazan., non, elkarretaratze baten bidez, bakea eskatuko duten berriro ere. Amaitzeko, eskerrak eman dizkio Nafarroako Parlamentuari egiten duten lana aintzatesteagatik.
Ekitaldia Ganberaren egoitzaren atalondoan izan da, eta bertan izan dira, besteak beste, Inma Jurío, lehen lehendakariordea, Yolanda Ibáñez, bigarren lehendakariordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin, lehen idazkaria, Javier Esparza (Navarra Suma), Uxue Barkos (Geroa Bai), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Eduardo Santos, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria.