Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Martxoak 2

Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko 8/2005 Foru Legearen aldaketa onetsi da

Arrisku-eskalak berrantolatu eta sailkatu dira, eta su-itzaltze eta salbamendu zerbitzua berregituratu da, besteak beste, eginkizunak eta lanpostuak eguneratzeko

Nafarroako Parlamentuak, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu alderdien aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoekin, Nafarroako babes zibilari eta larrialdien kudeaketari buruzko 8/2005 Foru Legearen aldaketa onartu du gaur.

 

PSNk, Geroa Baik eta EH Bilduk bultzatutako Legearen helburua Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua berregituratzea da, besteak beste, 53. artikuluko 1. atalean jasotako funtzioak eta lanpostuak eguneratzeko. Izan ere, bertatik sarjentu kategoria desagerraraztea aurreikusten da, eta suhiltzaile-ofizialorde, suhiltzaile gidari laguntzaile eta suhiltzaile-peoi laguntzaile kategoria sartzea.

 

Ildo horretan, indargabetu egiten dira sarjentu eta suhiltzaileen ofizial lanpostuetarako eska daitezkeen titulazioak, eta, era berean, kidego horretan sartzeko eta mailaz igotzeko aldaketak egiten dira.

 

Arauak, halaber, arrisku-eskalak ordenatu eta sailkatzen ditu. Hori dela eta, 2. artikulua aldatzen da, eta paragrafo berri bat gehitzen zaio 4. artikuluari, kasu honetan zehazteko Nafarroako administrazio publikoek, beren eginkizunak betetzean, arreta berezia jarriko dietela pertsona eta kolektibo zaurgarrienei.

 

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan, Navarra Sumak aurkeztutako hiru zuzenketa eztabaidatu eta atzera bota dira, bi teknikoak eta hirugarren bat, suhiltzaile-kabotik suhitzaile ofizialorde izateko eta suhitzaile ofizialorde izatetik kabo izatera pasatzeko baldintzak parekatzeko. I-Ek bakarrik babestu du ekimena, eta PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k aurka egin dute.

 

Irakurketa bakarrean onetsia, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko 8/2005 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea NAOn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.