Nafarroako Ingurumen Kontseiluari buruzko Foru Legea onetsi da
Ekonomia Zirkularraren, Klima Aldaketaren eta Biodibertsitatearen arloko hiru aholku-batzorde berri bilduko dituen organoaren bilerak herritarrei irekiak izanen dira
Nafarroako Ingurumen Kontseiluari buruzko Foru Legea onetsi du gaur Parlamentuaren osoko bilkurak, Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Administrazioan kontsulta eta aholkularitzako kide anitzeko organo bat ezartzen duen testua da, arlo desberdinen arabera banatutako aholku-batzordeak barne hartuko dituena (Arrantza, Ehiza, Basogintza, Klima aldaketa, Ekonomia Zirkularra eta Biodibertsitatea).
Gobernuak sustatutako legeak Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren lehendakaritza ematen dio ingurumenaren arloko eskumena duen kontseilariari. Kontseilariarekin batera, zuzendari nagusia eta ingurumenean eskumenak dituzten zerbitzuen titularrak egongo dira. Gainera, organo horretako kide izango dira landa-garapenean, nekazaritzan, abeltzaintzan, industrian, energian, garraioan, turismoan, toki-administrazioan, herri-lanetan, babes zibilean eta lurralde-antolamenduan eskumena duten zuzendaritza nagusi bakoitzeko ordezkariak.
Erakunde eta elkarte desberdinen ordezkari gisa, besteak beste, NUKFko hautetsi bat, bi unibertsitateetako ordezkari espezializatu bi, elkartekide gehien dituzten erakunde ekologistetako lau kide, parlamentu-talde bakoitzeko ordezkari bat eta Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko sindikatu-, enpresa-, nekazaritza- eta abeltzaintza-erakundeetako eta nekazaritzako elikagaien erakundeetako ordezkari bana.
Nafarroako Ingurumen Kontseilua lau urtean behin berrituko da, eta erabakitzeko organo goren bat izango du, Osoko Bilkura, eta sei aholku batzorde: Biodibertsitatea, Ekonomia Zirkularra, Klima Aldaketa (berriak), Basogintza, Ehiza eta Arrantza (lehendik daudenak). Organo baten eta bestearen lanari lotutako jarduerekin urteko memoria egingo da.
Gutxienez urtean behin bilduko den Osoko bilkuraren erabakiak gehiengo soilez hartuko dira, eta ez dira lotesleak izango; hala ere, kontuan hartu ahal izango dira ingurumen-politikak eta ingurumena babesteko araudia zehazterakoan. Bileretarako sarbidea librea izango da hala eskatzen duenarentzat, eta bileren aktak Ingurumen Departamentuaren webgunean argitaratu beharko dira.
Nafarroako Ingurumen Kontseilua lege honen arabera eratzen ez den arte, gaur egungo egiturari eutsiko dio, baina arau honetan xedatutakoaren arabera arautuko da.
Arau hau onartzeak honako lege edo xedapen hauek indargabetzea ekarriko du: 1/1993 Foru Legea, otsailaren 17koa, Nafarroako Ingurumen arloko Kontseilua sortzekoa; 488/1995 Foru Dekretua, urriaren 30ekoa, Nafarroako Uraren Kontseiluarena; 138/2001 Foru Dekretua, ekainaren 4koa, Ingurumen Hezkuntza eta Komunikazioa Garatzeko Departamentuarteko Batzorde Teknikoa eratzen duena; 120/2001 Foru Dekretua, maiatzaren 21ekoa, Nafarroako Ingurumen Hezkuntzaren Batzorde Aholku-emailea eratzen duena.
Osoko Bilkuran egindako eztabaidan 23 zuzenketa eztabaidatu dira, 22 EH Bilduk aurkeztuak eta azkena Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Dugu-k izenpetua, gaiarekin zerikusia duten ikerketa-zentroei Nafarroako Ingurumen Kontseiluan ordezkaritza emateko. Aho batez onartu da.
EH Bilduk defendatu dituenen artean, 12k aurrera egin dute, ia denak Departamentuak Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren esku jarri behar dituen giza baliabideak eta baliabide materialak zehaztera eta osatzera bideratuta. Gainera, Administrazioak izendatzen ez dituen bokal iraunkorrek Osoko Bilkurari gaiak aztertzera emateko aukera onetsi da, betiere gutxienez % 10 ordezkatzen badute.
Irakurketa bakarrean onarturik, Nafarroako Ingurumen Kontseiluari buruzko Foru Legea aldatzen duen Foru Legea NAOn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proposamena (37. NPAO, 2023-03-07koa)