Nafarroako haurrei buruzko gogoeta foroa Parlamentuan, Unicefek antolatuta
Hualdek azpimarratu du Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna arrakala soziala berdintzeko tresna instituzionala dela, eta haurren alde lan egitea etorkizunaren alde lan egitea dela
Nafarroako Parlamentuan gaur haurrei buruzko gogoeta foroa dute, Nafarroako Unicefek antolatua, haurren etorkizunari buruz eztabaidatzeko erakundeen eta gizarte entitateen ikuspuntutik, elkarrizketa-agendaren ingurukoa ere kontuan harturik.
Legebiltzarreko lehendakari Unai Hualdek eman dio hasiera jardunaldiari. Nabarmendu du legegintzaldi honetan zehar Parlamentuan lan egin dela “giza eskubideak errespeta daitezen eta Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa bete dadin, zentzuzko eskakizunak horiek, nahiz eta, bistan denez, ez diren betetzen”.
Horren harira, Hualdek “lanean jarraitzeko” eskatu du “haurren pobrezia murriztu eta adingabeak indarkeriatik eta diskriminaziotik babeste aldera. Eskola porrotaren kontra borrokatzea, hezkuntza hobetzea eta haurrak ingurune osasungarrietan haziko direla bermatzea helburu argiak eta sendoak dira, baina lortzen zailak”.
Bukatzeko, lehendakariak Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna aipatu du, “zalantzarik gabeko balioa duen tresna instituzionala, Nafarroan dugun elkarte sare garrantzitsuarekin batera arrakala sozialaren kontrako eta jasangarritasunaren aldeko borrokari heltzeko. Konpromisoa argia da; sinaturikoa ez ahal da izanen paper bustia. NUPen ardura izanen da nola betetzen den ebaluatzea. Edonola ere, Parlamentuaren inplikazioa ukaezina da; horra hor, besteak beste, Haur eta Nerabeen Foru Legea, 2022an onetsia. Haurren alde lan egitea Nafarroaren etorkizunaren alde lan egitea da. Eskerrik asko guztiei”.
Mikel Aguirre, Unicefen Nafarroako Batzordeko presidentea, jardunaldiaren testuingurua azaltzen aritu da, eta “2030era arteko haurren erronkei buruzko eztabaida instituzionala” abiarazteari begira duen garrantzia azpimarratu du. “Beharren eta lehentasunen azterketa sustatu behar da, eta horretarako ezinbestez entzun behar zaie gaur gurekin ditugun Vianako, Iruñeko eta Umetxeko haurrei”.
Gaikako hiru mahai antolatu dira, eta lehenbizikoari lekua utzi aurretik Aguirre gizarte erakundeen ordezkariei mintzatu zaie, justiziarekiko eta giza eskubideekiko duten “konpromiso irmoa” goraipatzeko. “Eskerrak ematen dizkiegu Pobreziaren kontrako Nafarroako Sareari eta Nafarroako GGKEen Koordinakundeari, zailtasun handienak dituzten haurrei entzuteko eta egunerokoan laguntzeko egiten duten ahaleginarengatik”.
Jardunaldiari hasiera eman aurretik, Nafarroako Unicefen bozeramaileak esan du beharrezkoa dela “honelako gogoeta foroak hartzeko gauza diren gune instituzionalak sortzea, haurren arloko politika publikoak zehazten lagun dezaten. Ez dezagun ahaztu Nafarroako biztanleen % 18,15ek (119.705 biztanlek) 18 urte baino gutxiago dituztela”.
Jarraian, hiru gogoeta foro egin dira gai hauek jorratzeko: etorkizuneko protagonistak (10:00etan), haurren 2030era arteko erronkak erakundeen ikuspuntutik (10:30ean) eta gizarte entitateak (11:15ean). Jardunaldiaren amaieran mahai-ingurua eginen da haurren arloko elkarrizketa-agendari buruz (11:45ean).
Archivos adjuntos