Onetsi da Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko Foru Legea
Arau-esparrua bat dator EBn xedatutakoarekin, tratu berdintasunerako eta nazionalitate, etnia edo arrazagatik diskriminaziorik ez izateko eskubidea gauzatzeko
Parlamentuaren osoko bilkurak Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko Foru Legea onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin. Testu horren bidez, egungo arau-esparrua lerrokatu nahi da Europar Batasunaren 2020-2025 aldirako Arrazakeriaren kontrako Ekintza Planean xedatutakoarekin, tratu berdintasunerako eta nazionalitate, etnia edo arrazagatik diskriminaziorik ez izateko eskubidea gauza dadin.
Gobernuak bultzatutako legearen xedea da politika publiko egokiak sustatzea “arraza- edo etnia-jatorriagatiko diskriminazioaren prebentziorako, babeserako eta erreparaziorako, giza eskubideen arloko estandar zorrotzenak aplikatuz, eta gizarte kohesioa kokatzea gizarte aurreratu bati dagozkion garapen programen ardatzean”.
Horretarako, “egiturazko arrazakeria” eta horrek maila “indibidualean, sozialean eta instituzionalean” eragiten dituen desberdinkeriak arintzeko, testuinguru xenofoboak eta segregazionistak identifikatu behar direla adierazten da, “atzerritar izaeraren aurkako mesfidantza, gorroto eta etsaitasuneko jarrerak, jokabideak eta sentimenduak” eta hura sostengatzen duten “gizarte markatzaileak” aldatzeko.
Gauzak horrela, eta “gizarte pluralista eta ez-diskriminatzaile” baten ezaugarri diren “tolerantzia, justizia, elkartasun eta berdintasun” balioekin bat etorriz, giza eskubideen nazioarteko esparrua aldarrikatzen da. Horrela, eta fenomeno “konplexu eta aldakor” baten aurrean gaudela ahaztu gabe, helburua da “berariazko politika eraginkorrak har daitezen premiatzea, Arraza Diskriminazio mota guztiak Ezabatzeari buruzko Nazioarteko Konbentzioan ezarritakoarekin bat etorriz, giza duintasunarekiko errespetuari buruzko erreferentzia esparru espezifikoa baita”.
Testuinguru horretan, eta pertsona arrazializatuei, hots, “arrazakeriaren eta xenofobiaren biktima potentzial guztiei”, lege eta gizarte babesa emate aldera, prebentzio mekanismo batzuk ezartzen dira. Horietako bat da Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka borrokatzeko Nafarroako Kontseilua sortzea, gehienez ere urtebeteko epean, legea onesten denetik hasita.
Kontsultarako eta parte hartzeko organoa izanen da. Betiere, atxikita dagoen departamentuko kontseilaria izanen du buru, eta kide hauek izanen ditu: Foru Administrazioaren ordezkariak, Arartekoaren Bulegoaren ordezkariak, toki entitateen ordezkariak, elkarte espezializatuen ordezkariak eta pertsona arrazializatuen edo gutxiengo etnikoetako pertsonen parte-hartze adierazgarria duten elkarteen ordezkariak.
Testuinguru horretan, Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko du arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko plan bat egitea, eta plan hori bost urtean behin berrituko da. Era berean, toki entitateek beren planak eratu ahal izateko behar duten “laguntza teknikoa eta ekonomikoa” emanen du, beren lurralde eremuan dauden diskriminazio adierazpen espezifikoei erantzuteko.
Ildo horretan, Gobernuak diskriminazio ezaren printzipioa txertatuko du bere politika eta administrazio-jarduketa guztietan. Gainera, eta hori betetze aldera, kultura arteko bizikidetzaren, errespetuaren eta aniztasunaren balioak eramanen ditu kirolaren, aisialdiaren edo denbora librearen arloetara. Berdintasun konpromisoa benetakoa izan dadin, departamentu arteko koordinazio talde bat sortzea xedatzen da.
Hezkuntzaren arloan, Departamentua arduratuko da arauaren edukiak zabaltzeaz, eta hezkuntza maila guztietan beharrezkoak diren neurriak ezarriko ditu “eskola segregazioa ezabatzeko eta ikasleen banaketa ekitatiboa bermatzeko”.
Lege proiektuak hedabideak (publikoak nahiz pribatuak) eta sare sozialak ere jorratzen ditu. Haien independentzia funtzionalean eragiteko asmorik gabe, “kode deontologikoak eta autorregulaziorako akordioak” har daitezen sustatuko da “errespetuzko hizkuntzaren” erabilera sustatzearren, baita “merkataritzaren eta publizitatearen eremuan” ere.
Esandakoaren haritik, Nafarroako Gobernuak pedagogia eta kontzientziazio kanpainak abiaraziko ditu, besteak beste, informazioaren arloko profesionalek konpromisoa har dezaten “arrazakeriaren aurkako mezuak zabaltzeko, kultura arteko eta sektore arteko ikuspegitik” eta betiere “gorroto diskurtsoen” aurka.
Elkarteen eremuan lehentasuna emanen zaio arrazakeriaren aurkako ekintza “eraldatzailea, eraginkorra eta intersekzionala” garatzen laguntzen duten gizarte entitateen lanari. Eta mentoretza sozialeko programak bultzatuko dira (bai elkarteen artekoak bai berdinkideen artekoak), batez ere emakumeen artean, “lidergo, segurtasun eta autonomia pertsonaleko espazioak” sortzen laguntzen dutelako.
Etxebizitzari dagokionez, behar diren neurriak hartuko dira “bizitegi-diskriminazioari” aurre egiteko. Horretarako, informazioa zabalduko da (hainbat hizkuntzatan) diskriminaziozko eta legez kanpoko jardunbideak neutralizatzeko aurreikusitako babes eta zehapen neurriei buruz.
Aitortza eta laguntza instituzionala prestakuntzaren arlora ere eramanen dira. Hain zuzen ere, lanaren, osasunaren, hezkuntzaren, justiziaren, segurtasunaren, komunikazioaren edo gizarte zerbitzuen arloetan diharduten profesionalei helaraziko zaizkie, “lankidetza hitzarmenen edo bestelako tresnen” bitartez, beharrezkoak badira. Gaikuntza “espezifiko” hori Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka ari diren lanbide elkargoekin eta elkarteekin lankidetzan gauzatuko da.
Era berean, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Arreta Zerbitzua sortuko da. Babeserako mekanismo den aldetik, erantzun integrala bermatu behar du, detekzio, babes eta erreparazio neurrien bidez, baita “arlo juridikoan eta psikosozialean” ere.
Norbaitek bereizkeria zantzu oinarridunak alegatzen eta aurkezten baditu, tratu berdintasunari buruzko Estatuko eta Europar Batasuneko legerian frogaren zamari buruz ezarritako arauak aplikatuko dira. Errepresalien aurkako babesa emanen zaie bai demandatzaile, biktima eta lekukoei bai salatuaren erreakzioak eragin diezaiokeen beste edozein pertsonari.
Tratu berdintasunerako eskubidea erabat babesteko eta nazionalitateagatik, jatorri etnikoagatik edo arrazagatik ez diskriminatzeko zehapen araubideari dagokionez, 15/2022 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
Azkenik, justizia errestauratiboa aipatzen da arrazakeriaren eta xenofobiaren ondorioei aurre egiteko prebentzio eta erreparazio tresna nagusitzat. Neurri espezifiko gisa aurreikusten da ijito herriarekiko egia- eta adiskidetze-prozesu bat bultzatzea (errekonozimendu-politika neurgarri eta ebaluagarriekin), eta beste prozesu bat bultzatzea Afrikako pertsona esklabizatuen Atlantikoan zeharreko salerosketak eta kolonizazioak eragindako kaltea gaitzesteko eta aitortzeko.
Esparru horretan, Migrazio Politiketako Departamentuaren esku uzten da nazioarteko erakundeen aurrean auzi estrategikoak bultzatzea, eta haren sare sozialen eta plataformen bidez ikusgarritasuna emanen zaie.
Osoko Bilkuran egindako eztabaidan, 1. artikulua ordezkatzeko in voce zuzenketa bat eztabaidatu dute, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Dugu-k eta I-Ek eskatuta, “prebenitu, babestu eta konpondu beharreko diskriminazio moduak zabaltzeko eta jasotzeko”. Navarra Sumak aurka bozkatu du, eta EH Bildu eta Izquierda-Ezkerrak abstentzioa.
Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako Foru Legea NAOn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
- www.parlamentodenavarra.es/eu
- Foru lege proiektua (14. NPAO, 2023-01-30ekoa)
- Foru legearen zuzenketak (35. NPAO, 2023-03-03koa)
- Irizpena (46. NPAO, 2023-03-21ekoa)
Archivos adjuntos