Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga bereziari buruzko Foru Legea
Osoko bilkurak onetsi du. 2023ko martxoaren 30ean
Parlamentuaren osoko bilkurak berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga bereziari buruzko Foru Legea onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin. Testuaren helburua da kanon berezi batekin zergapetzea mota horretako ontzien fabrikazioa edo eskurapena.
Gobernuak sustatutako legea Hitzarmen Ekonomikoaren azken eguneraketatik datorren eskakizuna da, Parlamentuak 2023ko otsailean onetsitakoa. Bertan jasota geratzen da Nafarroak Estatuaren arau bera aplikatuko duela berrerabili ezin diren plastikozko ontziei zerga berezia eskatzeko, bai hutsik daudenei, bai salgaiak dituztenei edo babesten dituztenei. Estatuak apirilean onartu zuen Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 legea.
Zehazki, ontziek, fabrikatuek edo Europar Batasunaren barruan eskuratutakoek duten birziklatu ezin den plastikozko kilogramo bakoitzeko 0,45 euroko zerga-tasa ezartzen da. Zeharkako zerga da, beraz.
Fabrikazio-kasuetan, ontziak fabrikatzen diren establezimenduak Nafarroako lurraldean daudenean, Foru Ogasunak kudeatuko eta bilduko du zerga. Europar Batasunaren barruko eskurapenen eta zergaren xede diren produktuen sarrera irregularraren kasuan, zergadunaren zerga-egoitza izango da kudeaketarako eta diru-bilketarako lotura-puntua.
Ontziak material batez baino gehiagoz osaturik daudenean, eta horietako bat plastikoa denean, plastiko kopuruaren arabera zergapetuko dira. Hau da, ez da zergapeko produktuek duten plastiko birziklagarriaren kantitatea zergapetuko. Zerga honetatik kanpo geratzen dira, halaber, botikak, osasun-produktuak, erabilera mediko berezietarako elikagaiak, ospitale-erabilerako bularreko haurrentzako prestakinak edo osasun-jatorriko hondakin arriskutsuak edukitzeko, babesteko, manipulatzeko, banatzeko edo aurkezteko erabiltzen direnak, eta nekazaritzan eta abeltzaintzan siloratzeetarako erabiltzen diren plastikozko bilkariak.
Zerga berriaren helburua birziklatu ezin den plastikoaren fabrikazioa eta erabilera ingurumen-arrazoiengatik geldiaraztea da. Jakina denez, material hau zati txikiagoetan baino ez da desegiten, alegia, mikroplastikoetan; organismo askok mikroplastiko horiek irensten dituzte, itsas-jakietatik bereizi ezinik, eta intoxikazioa dela kausa hil egiten dira. Halaber, benetan kezkagarriak dira giza gorputzen barruan geratzen diren mikroplastikoek ekar ditzaketen ondorioak; izan ere, halakoak aurkitu dira itsasotik datozen zenbait elikagaietan, gatzean eta botilako urean.
Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga bereziari buruzko Foru Legea NAOn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proposamena (32. NPAO, 2023-02-28koa)