Noiz argitaratua Astelehena, 2023.eko Ekainak 5

Nafarroako Parlamentuak 2022ko ekitaldiko 2,5 milioi euro itzuli dizkio Foru Ogasunari

Kontuen Ganberak ontzat eman du Foru Legegilearen kontabilitate-kudeaketa

Kontuen Ganberak emandako fiskalizazio-txostena ikusita, Nafarroako Parlamentuaren 2022ko ekitaldiko Kontuak onestea erabaki du Eledunen Batzarrak.

 

Halaber, onetsitako likidazioarekin bat etorriz, gastatu gabeko 2.591.075,66 euro Foru Komunitatearen Diruzaintzari itzultzeko agindua ematea erabaki du, 2021ean baino % 3 gutxiago.

 

Azkenik, Nafarroako Parlamentuaren 2022ko kontuak eta horiei buruz Kontuen Ganberak egindako fiskalizazio txostena erakundearen web-orrian eta aldizkari ofizialean argitara daitezela agindu da.

 

Foru Legebiltzarraren 2022ko Aurrekontuen likidazioari dagokionez, nabarmendu behar da, hasiera batean 14.937.877 euroko aurrekontua onetsi bazen ere, aurrekontu bateratua 15.322.734,39 eurokoa izan dela, aurreko ekitaldiko 384.857,39 euroko kredituak gehitzeko egin diren aurrekontu-aldaketen ondorioz.

 

Gastuen aurrekontutik 12.545.527,83 euro exekutatu dira -2021ean baino % 4,7 gehiago-; horrenbestez, aurrekontu horren % 82,00 bete da, eta ordainketena % 97.

 

Diru-sarrerei dagokienez, aurrekontutik 15.018.900,54 euro exekutatu dira, eta beraz, exekuzio maila % 98 bete da. Kasu honetan, aurreko ekitaldiarekiko jaitsiera % 2ekoa izan da.

 

Langile-gastuak kapituluan aurrekontu bateratua 7.573.681,82 eurokoa izan da, % 91ko exekuzio mailarekin. Aitortutako betebeharen % 60 egiten dute eta 2021ekoarekin alderatuz % 4 igo dira.

 

Parlamentarioen eta hauen lanari lotutako langileen (Lehendakaritza kabinetea eta taldeen laguntzaileak) ordainketak 3,9 milioi eurokoak dira. Erakundeko langileen soldatek berriz 3,6 milioi egiten dute.

 

Ondasun arruntetako eta zerbitzuetako gastuak kapitulua 2,53 milioi euroz hornitua zegoen eta horietatik 1,59 gastatu dira (2021ean baino % 10 gehiago); beraz, betetze-portzentajea % 63 izan da. Kapitulu horri dagokio gastuen aurrekontu exekutatuaren % 13.

 

Inbertsio errealak kapituluak, 1.064.917,45 euroko aurrekontu bateratuarekin, gastuen aurrekontuaren % 7 jaso du. Kapitulu horretan aurrekontuaren % 25 bete da.

 

Finantza-aktiboei eta pasiboei dagokienez, ezarritako kredituak 61.395 eurokoak izan dira eta betetze-maila, berriz, % 33koa.

 

Transferentzia arruntak kapitulukoak dira egindako gastu guztien % 22. Kapitulu horretan behin betiko kredituak 3,28 milioi eurokoak izan dira, eta betetze-maila, % 95ekoa (3,099 milioi). Talde parlamentarioei eta parlamentarien elkarteei ematen zaizkien ordainsariak, hauteskundeetako emaitzen araberakoak, 2.836.596 eurotan doituak, kapitulu honen gastuen % 92 osatzen dute.

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek txostenaren balorazio positiboa egin du. Izan ere, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak ez dute alegaziorik aurkeztu. “Gure ustez, garatutako kudeaketa zuzena da eta legearekin bat dator. Eta aurreko ekitaldietako gomendio nagusiari dagokionez, jakina da zenbait erabaki hartu direla behin-behinekotasuna murrizteko”. Hualderen ustez, fiskalizazio-txostenak “leku onean uzten du Mahaiak langileen, kontratazioaren, dirulaguntzen eta abarren arloan egindako kudeaketa, eta Legebiltzarreko lehendakari gisa oso balorazio ona” egiten du. Legegileburuak uste du “Kontuen Ganberak legegintzaldian zehar egin dituen gomendio guztiak bete direla edo hurrengo legegintzaldian betetzeko martxan daudela”.

 

Kontuen Ganberak egin duen fiskalizazio txostenaren arabera, Foru Legebiltzarraren 2022ko kontuek “irudi zehatza” erakusten dute ondareari, aurrekontuaren likidazioari eta finantza-egoerari dagokienez. Orobat, Parlamentuaren jarduera ekonomiko-finantzarioa “funts-publikoen kudeaketari aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz” egin dela azaltzen da txostenean.

 

Kontuen Ganberaren aholkularitza-txostena fiskalizazio organo hori arautzen duen abenduaren 20ko 19/1984 Foru Legean ezarritakoari jarraituz egin da.