Nafarroako Unibertsitateak, Foru Parlamentuak eta Giménez Abad Fundazioak elkarlanean argitaratutako liburua aurkeztu dute
Unibertsitateak eta Foru Ganberak sustatu duten Zuzenbide Parlamentarioaren Ikasgela ekimenaren XX. urteurrena ospatzen du 'El Parlamento a debate en un tiempo nuevo' argitalpenak
Alderdi politikoen ordezkaritza-funtzioa, parlamentu-kontrola, krisi-garaian Parlamentuak dituen eginkizunak eta funtzionamendua, lobby parlamentarioaren erregulazioa, etab. Gai horiek eta beste batzuk jorratzen ditu El Parlamento a debate en un tiempo nuevo liburuak, gaur Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateak eta Foru Ganberak bultzatutako Zuzenbide Parlamentarioaren Ikasgelaren XX. urteurrenarekin bat eginez, aurkeztu denak.
Unibertsitatearekin, Legebiltzarrarekin eta Giménez Abad Fundazioarekin elkarlanean argitaratu da liburua, eta Asuncion de la Iglesia irakasle eta Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgelako zuzendariak koordinatu du.
Unai Hualde Foru Legegileko presidenteak aurkeztu du lana, baita testuinguruan kokatu ere. Ohartarazi duenez, “komeni da arretaz eta zentzu kritikoz irakurtzea. Egun gutxi barru Nafarroako herria ordezkatzeko ohorea eta ardura hartuko duten hautetsi berrientzako derrigorrezko irakurketa baten aurrean gaude”.
Horri dagokionez, eta “Gorte Nagusien funtzionamenduaren gainbeheraren, alderdi politikoen eginkizunaren, parlamentu-demokraziaren krisiaren edo ganbera autonomikoek gizartearekin duten harremanaren inguruan sortutako kezka” aipatu ondoren, “gai horiek guztiak gogoetagai hartuta”, Hualdek Nafarroako Unibertsitatearekin eta Giménez Abad Fundazioarekin hasitako lankidetza mantentzeko ahalegina azpimarratu du, eta “Covid-ari eta Ukrainako gerrari egotz dakizkiekeen ondoz ondoko krisiek baldintzatutako azken legegintzaldiko zailtasunak” gogorarazi ditu. “Argitalpen hau beste legegile batzuentzat ere erreferente izatea nahi dut”.
Bestalde, Zuzenbide Fakultateko dekanoak, Mercedes Galánek, erakundeen arteko lankidetzak duen interes eta garrantzia azpimarratu du, horren “adibide bikaina baita Zuzenbide Parlamentarioaren Ikasgela. Jarduera honek Parlamentua unibertsitatera hurbiltzeko aukera ematen du, baita erakundeak irakaskuntzaren eta ikerketaren fokuan jartzekoa ere”, azpimarratu duenez.
Gimenez Abad Fundazioko idazkariak, Jose Tudelak, adierazi du momentu egokia dela liburua argitaratzeko, “sistema demokratiko osoa tentsio gogorren pean dagoen une honetan. Gaur, inoiz baino gehiago, Legebiltzarrari buruz hausnartu behar da. Sistema demokratikoa berritzeko eta erakundeak indartzeko erakunde nagusia izan behar du, eredu sozial berriaren erronkei aurre egiteko”, adierazi du.
Hogei urte sistema politiko eta parlamentarioa aztertzen
El Parlamento a debate en un tiempo nuevo liburuak 2021eko azaroan ospatu ziren Zuzenbide Parlamentarioaren Ikasgelako XXII. Jardunaldietan aurkeztutako txostenetan oinarrituta egindako lanak biltzen ditu.
Artikulu bilduma bat da, eta, azaltzen denez, “XXI. mendeko aukeretara egokitutako erakunde parlamentario bat berreskuratzen lagundu nahi du, demokraziaren krisiaren testuinguru konplexu eta global batean”.
Ignacio Astarloa, María Salvador, Piedad García-Escudero, Josep M. Castellá, José Tudela, Rafael Rubio eta Fernando Simónen sinadurak jasotzen ditu argitalpenak. Manuel Aragón Reyes irakasleak liburuaren epilogoa idatzi du, eta Ángel J. Gómez Montorok, Konstituzio Zuzenbideko katedradun eta ADPko lehen zuzendariak, hitzaurrea.
Gómez Montorok eskerrak eman dizkie egileei egindako ekarpen eta ikerketengatik, eta Unibertsitateak eta Legebiltzarrak Zuzenbide Parlamentarioaren Ikasgela sortzea ahalbidetu zuten pertsona guztiekin oroitu da. Ikasgela hori 2002ko maiatzean sinatu zen hitzarmen baten bidez, José Luis Castejón lehendakari zela, gogorarazi duenez.
Zuzenbide Parlamentarioaren Ikasgelako zuzendariak, Asunción de la Iglesiak, demokrazia konstituzionalaren funtzionamendurako erakunde parlamentarioaren eguneratzeak duen garrantzia aipatu du. Zentzu horretan, nabarmendu du lanak doktrinarik onenaren ekarpena direla arriskuez ohartarazteko eta Legebiltzarraren funtzionamendua hobetzeko irtenbide posibleak bilatzeko.
Asunción de la Iglesiak koordinatu du argitalpena eta lan kolektiboa osatzen duten ekarpenen kalitatea azpimarratu nahi izan du. Ekarpen honen helburua, adierazi duenez, “ordezkapen, legegintza, aurrekontu eta kontrol funtzioak hobetzea” da, “legebiltzar modu berrien bilaketa, edo baita ere, gehiengoen, gutxiengoen eta parlamentu-oposizioaren ikerketa, erakundeak XXI. mendeko demokrazien konplexutasunak eskatzen duen zeregina bete dezan”.
Liburuaren edukia esteka honetan kontsulta daiteke.
Aurkezpen ekitaldian izan dira, besteak beste, Silvia Domenech, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusia, Pablo Díez Lago eta Miguel Esparza, legelari nagusi ohiak, Mercedes Galán, Zuzenbide Fakultateko dekanoa, Ignacio Astarloa, Gorte Nagusietako legelaria.
Parlamentu-zuzenbideko ikasketok unibertsitateko komunitatearen zerbitzurako tresna izateko dira sortuak, eta beren bidez sakonean ikertu eta ezagutu nahi dira sistema politikoa eta parlamentarioa.
Helburu hori erdiesteko, Parlamentu-zuzenbideko ikasketek urtero antolatzen dituzte prestigio onartua eta maila zientifiko altua duten hizlarien jardunaldi eta saioak.
Ikasketa hauek askatasunez kudeatzen ditu Nafarroako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko Departamentuak. Hain zuzen ere, horren mende egon dira, 2002an Nafarroako Parlamentuarekiko hitzarmen baten bitartez sortu zirenetik.