Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Uztailak 28

Parlamentuak ez du onartu Miguel Angel Blancoren bahiketaren eta hilketaren 26. urteurrenari buruzko adierazpen instituzionala

Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzionala egiteko proposamena, Miguel Ángel Blancoren bahiketaren eta erailketaren 26. urteurrena dela-eta. Vox Nafarroa foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

UPNk, PSNk eta PPNk aldeko botoa eman du, testua proposatu dutenekin batera; EH Bilduk aurkako jarrera hartu du. Gainerako bozeramaileek ez dute beren jarrera agertu.

 

Errefusatutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak Miguel Ángel Blanco eta ETAk eraildako 850etik gora pertsonak gogoratu eta omentzen ditu, bai eta terrorismoaren biktima guztiak ere, eta memoria, duintasuna eta justizia eskatzen ditu haientzat guztientzat. Era berean, esker ona eta aitortza adierazten dizkie Estatuko segurtasun indar eta kidegoei, terrorismoaren aurkako borrokan egiten duten lan goresgarriagatik.

 

2. Nafarroako Parlamentuak kezka adierazten du, talde terroristak Espainiako historian izandako eginkizun suntsitzailea pixkanaka ezabatzen ari baita kontzientzia komunetik. Era berean, bere konpromisoa berresten du terrorismoaren biktimen memoria zabaltzeko, bai eta ETA talde terroristak urtetan eragindako terrorezko eta minezko historiarena, eta Miguel Ángel Blancoren heriotzak terrorismoaren borrokan izan zuen eraginarena ere.

 

3. Halaber, Nafarroako Parlamentuak adierazten du erabat arbuiatzen duela ETAren jarduera terrorista zuritu edo justifikatzeko ahalegin oro. Arbuiatzen ditugu ETAko terroristak goraipatzeko ekitaldiak, tamalez oraindik ere gertatzen baitira Espainian, bai eta terrorismoa berdinen arteko gatazka gisa aurkezten saiatzen diren eta ETAren jarduera eta indarkeria helburu politikoak erdiesteko erabiltzea kondenatzea saihesten duten erakundeak ere.

 

4. Azkenik, Nafarroako Parlamentuak bere nahia adierazten du, oraindik argitu gabeko ETAren 379 krimenak ez daitezen ahaztuta geratu eta, aldiz, behar bezala iker daitezen, behar diren baliabide guztiekin, haien egile materialek eta intelektualek egindakoengatik ordaindu arte. Era berean, exigitzen dugu ETAko presoei ematen zaien espetxe-onura oro loturik egon dadin ezinbestean Estatuko segurtasun indar eta kidegoei laguntza ematearekin, argitu gabeko delituak argitze aldera”.