Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Uztailak 28

2023ko uztailaren 28ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, OSTIRALA, UZTAILAK 28, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –ostirala, uztailak 28–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak honako hau jasotzat eman dute eta argitara dadin agindu dute: akats bat zuzentzea Tributu Harmonizazioko 3/2023 Legegintzako Foru Dekretuan, ekainaren 21ekoan, zeinaren bidez aldatzen baitira abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzkoa, eta abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legea, Zerga Bereziei buruzkoa.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute idazkia, Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuko zuzendariarena, hizpidetzat duena parlamentariek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hitzarmenen eta Akordioen Erregistroan duten sarbidea.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsi dute igortzea, kontuan hartuak izan daitezen, PSN, EH Bildu, Geroa Bai  eta Contigo-Zurekin taldeek Iritzi Publikoari buruzko Nafarroako Parlamentuaren 2023ko Barometroari egindako ekarpenak. Ekobarometroa. Gai multzoak eta horiei buruzko galderak. Nafarroako Unibertsitate Publikoak igorri du. Honekin batera doaz talde parlamentarioek eginiko ekarpenak.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak eleduna eta ordezko eledunen izendapena aldatu izana. Eleduna Ramón Alzórriz izanen da, eledunaren ondokoa Inma Jurío eta eledunaren bigarren ondokoa, berriz, María Chivite.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Vox Nafarroa foru parlamentarien elkartearen idazkia, zeinaren bidez eskatzen baitu Legebiltzarreko Mahaiaren bilkuretan parte hartzea, erregelamendu berriaren 43.3 artikuluan aurreikusten den eran.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioaren idazkia, zeinaren bidez eskatzen baitu Legebiltzarreko Mahaiaren bilkuretan parte hartzea, erregelamendu berriaren 43.3 artikuluan aurreikusten den eran.

 

- Onetsi egin da abuztua gaitzea inbestidura-prozesuko jarduketetarako, ezertan ukatu gabe, Foruaren Hobekuntzaren 29.4 artikuluan xedatuarekin bat, abuztuaren 28an Nafarroako Parlamentua deseginda geratzea, hautagairik ez badago edo aurkeztuetatik inor hautatu ez bada. Gainera, abuztuaren 22ra arte luzatzen da Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaritzarako hautagaitza proposatzeko epea.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Zerbitzu Juridikoen txostena, Nafarroako Parlamentuaren XI. legegintzaldiko batzorde parlamentarioen osaerari buruzkoa.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsi dute 2023ko hirugarren hiruhilekoari dagokion funts-eskaera.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Iruñeko Udalaren erantzuna, Nafarroako Parlamentuak Iruñeko Lehen Zabalgunerako Hiri-jarduketarako eta Babeserako Plan Bereziari aurkeztutako alegazioei emana.

 

- Mahaiak onetsi du Software-laguntzarako zerbitzua berritzea Nafarroako Parlamentuaren IKT azpiegitura birtualari dagokionez. Esleipen-proposamena.

 

- Mahaiak onetsi du Nafarroako Parlamentuaren datuak babestu, gorde eta berreskuratzeko ARCserveko 9096DR appliancearen lizentzia eta euskarria berritzea.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute epaia, eskubide-aitorpenaren gaineko 1140/2022 prozedurari buruzkoa.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

 

Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzionala egiteko proposamena, Miguel Ángel Blancoren bahiketaren eta erailketaren 26. urteurrena dela-eta. Vox Nafarroa foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

UPNk, PSNk eta PPNk aldeko botoa eman du, testua proposatu dutenekin batera; EH Bilduk aurkako jarrera hartu du. Gainerako bozeramaileek ez dute beren jarrera agertu.

 

Errefusatutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak Miguel Ángel Blanco eta ETAk eraildako 850etik gora pertsonak gogoratu eta omentzen ditu, bai eta terrorismoaren biktima guztiak ere, eta memoria, duintasuna eta justizia eskatzen ditu haientzat guztientzat. Era berean, esker ona eta aitortza adierazten dizkie Estatuko segurtasun indar eta kidegoei, terrorismoaren aurkako borrokan egiten duten lan goresgarriagatik.

 

2. Nafarroako Parlamentuak kezka adierazten du, talde terroristak Espainiako historian izandako eginkizun suntsitzailea pixkanaka ezabatzen ari baita kontzientzia komunetik. Era berean, bere konpromisoa berresten du terrorismoaren biktimen memoria zabaltzeko, bai eta ETA talde terroristak urtetan eragindako terrorezko eta minezko historiarena, eta Miguel Ángel Blancoren heriotzak terrorismoaren borrokan izan zuen eraginarena ere.

 

3. Halaber, Nafarroako Parlamentuak adierazten du erabat arbuiatzen duela ETAren jarduera terrorista zuritu edo justifikatzeko ahalegin oro. Arbuiatzen ditugu ETAko terroristak goraipatzeko ekitaldiak, tamalez oraindik ere gertatzen baitira Espainian, bai eta terrorismoa berdinen arteko gatazka gisa aurkezten saiatzen diren eta ETAren jarduera eta indarkeria helburu politikoak erdiesteko erabiltzea kondenatzea saihesten duten erakundeak ere.

 

4. Azkenik, Nafarroako Parlamentuak bere nahia adierazten du, oraindik argitu gabeko ETAren 379 krimenak ez daitezen ahaztuta geratu eta, aldiz, behar bezala iker daitezen, behar diren baliabide guztiekin, haien egile materialek eta intelektualek egindakoengatik ordaindu arte. Era berean, exigitzen dugu ETAko presoei ematen zaien espetxe-onura oro loturik egon dadin ezinbestean Estatuko segurtasun indar eta kidegoei laguntza ematearekin, argitu gabeko delituak argitze aldera”.