Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Abuztuak 17

María Chivite Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari karguaz jabetu da

Unai Hualdek hitzaren balioa aldarrikatu du konfiantza ehuntzeko eta María Chivitek zentraltasuna eskatu du begirada inklusiboarekin adostasunera iristeko

Nafarroako Parlamentuan María Chivite Navascués Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari karguaz jabetu da gaur.

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak egin du ekitaldirako deia, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 25. artikuluan xedatutakoa betez, eta han izan dira, Espainiako Gobernua ordezkatuz, Nadia Calviño Espainiako Gobernuko lehen lehendakariordea eta Isabel Rodríguez, Lurralde Politikarako Estatu Idazkaria eta Gobernuko bozeramailea.

 

Karguaz jabetzeko ekitaldiari hasiera emateko, 11:30ean, Tronpeta eta Tinbalen Bandak Nafarroako ereserkia jo du. Ondoren, Parlamentuko Mahaiko lehen eta bigarren idazkariek, Yolanda Ibáñezek (gazteleraz) eta Mikel Zabaletak (euskaraz), Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria izendatzen duen Errege Dekretua irakurri dute, EAOko 196. zenbakian eta NAOko 170. zenbakian gaur, abuztuak 17, argitaratu dena. 

 

Jarraian, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak karguaren promesa egin du Parlamentuko lehendakari Unai Hualderen aurrean, honako formula hau erabiliz:

 

“Hitzematen dut Nafarroako foru araubidea mantendu eta hobetuko dudala, Konstituzioari eta legeei men egingo diedala eta zintzoki beteko ditudala Nafarroako Gobernuko lehendakari karguan ditudan betebeharrak”.

 

Promesa egin eta gero, hitza hartu dute Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, María Chivite Navascués Nafarroako Komunitateko lehendakariak eta Nadia Calviño Espainiako Gobernuko lehen lehendakariordeak, hurrenkera horretan.

 

Unai Hualdek "elkarrizketa prozesu luzearen" berri eman du, gaineratuz "PSNren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekin taldearen elkarrizketari eta negoziazio gaitasunak” Maria Chiviteren berrautaketa ekarri duela, koalizio gobernu "aurrerakoi eta anitz" baten buru izanen dena, "gobernagarritasunaren eta interes orokorraren aldeko akordio programatiko" bati lotuta.

 

Legebiltzarreko buruak pozik hartu du gobernu-formula finkatu izana eta horren eragina, gehiengo osorik ez dagoenez, Parlamentua berriro ere dinamika politikoaren erdigunean jartzen duelako. "Eztabaida eta akordioak beharko dira adostutako ehunka neurriren garapena eta abiaraztea kontrolatzeko, aurrerapen sozialari begira. Lehian, polarizazioan, atzerakadan edo populismoan oinarritutako ereduen aurrean, eskubideak garatzeko eta sendotzeko bide aurrerakoi eta pluralean sakontzen duen akordioa dugu".

 

Alor desberdinei dagokienez, Unai Hualdek "hezkuntzaren, euskararen edo autogobernuaren" inguruan sortutako desadostasunak aipatu ditu, "hitzaren balioa" aldarrikatzeko eta "eremu horietan ere bideak eta elkarguneak bilatzea" ahalbidetuko duten "konfiantzak ehuntzeko" deia eginez.

 

"Autogobernuari" dagokionez, presidentea pozik agertu da Ponentzia laster eratu delako (lehen bilkura-aldian, hain zuzen ere). Ponentziaren helburua “gure oinarrizko arau instituzionala errealitate sozialera eta XXI. mendeko herritarren sentipenera egokitzea da", Chivitek berak asteleheneko inbestidura-saioan azaldu zuen bezala. “Indarrean sartu eta 40 urtera, ezinbestekoa da Lorafnaren garapenari buruzko eztabaida gauzatzea. Gainerako gaietan bezala, lana eta ahalegina beharrezkoak izanen dira asmoak errealitate bihurtzeko".

 

Horretarako, Unai Hualdek Nafarroako Parlamentua ezaugarritzen duen lan-dinamika "bizia, gardena eta anitza" aldarrikatu du, are gehiago Erregelamendu berria onartu ondoren, "herritarren parte-hartzea modu aktiboan sustatzeko tresna berriak" sartu direlako. "Erakundea herritarrengana hurbiltzen saiatzen gara, eta Eisenhowerren esaldi hori ospetsu egiten laguntzen dugu, zeinak dioen politikak herritar guztien lanaldi partzialeko lanbidea izan beharko lukeela".

 

Amaiera gisa, eta "gaur egun desadostasunak direnetan ere akordiorako bideak bilatzeko" beharra azpimarratu ondoren, Unai Hualdek adierazi du María Chivite "Nafarroako lehen presidente berrautatua" izateak emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuneranzko bidea agerian uzten duela. “Hori izango da, halaber, datozen lau urteetako lehentasunezko ekintza-eremuetako bat. Zorte on eta eskerrik asko denoi".

 

Bestetik, María Chivitek bere hitzaldia hasi du azpimarratuz “ohore” bat dela Nafarroako lehendakari gisa birritan dagoen “lehen emakumea izatea”, eta eskerrak eman dizkie “herritarren borondatea, hautestontzietan adierazia, islatu duten” indar politikoei. Halaber, lan egiteko konpromisoa agertu du, “zintzotasuna eta koherentzia” abiaburu edukita, sustatze aldera “anitza eta askotarikoa” den erkidego baten itxaropenekin bat datozen “aurrerabiderako politikak”.

 

Hori dela-eta, Chivitek “zentralitatea” ezinbesteko osagaitzat jo du, “elkarrizketa eta akordioak lortzeko, begirada inklusiboaren bidez eta ideia guztiekiko errespetutik abiatuta, bizikidetzarik gabe ez dagoelako oparotasunik”. Gehiengo sozialaren gobernu bat izanen da, baina gutxiengo parlamentarioarekin. Elkarrizketa lortuko dugu, behar diren babesak aurkitzeko eta akordioetara iristeko. Hazkunde ekonomikoa eta kohesio soziala uztartzen dituen eredu bat defendatuko dugu, aldi berean zerbitzu publikoak blindatuz. Ez dut nahi bi abiaduratako Nafarroa bat”, azpimarratu du.

 

Halatan, nabarmendu du gobernu “egonkor, ireki eta anitz” bat osatu nahi duela, “autoexigentzia” oinarri eta “bikaintasuna” helburu, eta jarraian “apokalipsiaren eta konpromiso ezaren aztiei” ekin die, agerian uzteko diskurtso horren “faltsukeria”, bat ez datorrelako “adierazle ekonomiko eta sozialekin. Nafarroa aurrera doa, aukera berdintasunaren alde eginen dugu. Nekez izan daiteke sinesgarria hondamendiaren Nafarroa irudikatzen duena. Horiek horrela, Nafarroako lehendakaria izanen naiz era positiboan, bake, askatasun, bizikidetza eta errespeturako eremuak sortuz. Nire lehentasuna izanen da Nafarroa gehiago eta hobea izatera iristea, atzean inor utzi gabe”, berretsi du.

 

Alderdi operatibotik, berrikuspen azkarra eman die politika publikoetan izanen dituen jarduketa ardatzei, (hezkuntza, osasuna, gizarte-ongizatea, enplegua, industria, bizikidetza eta autogobernua) eta erronka sozialei, hori guztia bilatze aldera garapen “berritzaile eta jasangarri” bat, eta jarraian adierazi du bere “lehen jarduketetako” bat izanen dela “Nafarroako berrindustrializaziorako lan-mahai bat” eratzea, “erronka nuklearra” baita, eta asmoa duela horri heltzea era “integral, zeharkako, ausart eta elkarlanekoan”.

 

Adierazitakoaren ildotik, eta kontuan hartuta “genero-indarkeriaren, memoria historikoaren, klima-aldaketaren edo arte- zein kultura-sormenaren” arloetako “negazionismoa”, María Chivitek ohartarazi du bere Gobernua “hesi gaindiezina” izanen dela, besteak beste, “herritarrek erabaki dutelako Nafarroa izan dadila Espainiako aurrerabiderako gotorleku bat”.

 

Alderdi politiko-instituzionaletik, eta ikusirik “larrialdi demokratikoa” dagoela, eskubideak eta askatasunak murrizteko mehatxuaren aurrean, María Chivitek aldeztu du Nafarroa jartzea “eztabaida eraikitzailearen eredu gisa. Erakundeak jar ditzagun bidezko interes ororen gainetik, haiek babestu, zaindu eta indartzeko. Herritarrek erakundeak baliogarritzat jotzea nahi badugu, sinesgarritasunaren eta eraginkortasunaren eremuak izan behar dira”.

 

Amaitzeko, María Chivitek eskertu du legegintzaldi osoan “Espainia anitz honetako Gobernuarekin” izandako harremana, “leialtasunekoa eta lanekoa”.  Sinesten dugu herriaren proiekturako guztion elkarlana behar da. Halaber, eskertu nahi dut Nafarroako udal guztien konpromisoa, lankidetzarako eta Foru Komunitateko bazter guztietara aukerak eramateko orduan”.

 

Bukaeran, eta maila pertsonalean, Chivitek bere familiari begiratu dio, “ezin baitut ahaztu nire bizitzan hain garrantzitsua den gaurko egun honetan. Mila esker zuen laguntza, ulermen eta babesagatik. Honaino iritsi banaiz, izan da pertsona hobea eta lehendakari hobea egiten nauzuelako. Bukatzera noa: zirrara handia da babesa, maitasuna, hurbiltasuna eta are kritika eraikitzailea ere sentitzea beren konfiantza eman didaten nafarren aldetik. Zuen zerbitzura egonen naiz. Guztiona izanen naiz”.

 

Nadia Calviño Espainiako Gobernuko lehen lehendakariordeak nabarmendu duenez, María Chivite sozialista buru duen Nafarroako Gobernuaren errepikapena hasitako proiektua "amaitzeko" aukera da, “Europaren atarian dugun gerra baten eta desazelerazio-prozesuan dagoen ekonomiaren ondorioz, egonkortasuna eta kudeaketaren jarraikortasuna funtsezkoak diren une honetan. Maríak gaitasuna erakutsi du larrialdiei azkar eta eraginkortasunez erantzuteko eta epe ertainean eta luzean aurrea hartzeko, erreformak eta inbertsioak bultzatuz".

 

Nafarroari dagokionez, Calviñok nabarmendu du "Nafarroako Gobernua Europako funtsen kudeaketa bikaina egiten ari dela proiektu estrategikoak erakartzeko. Hori guztia elkarrizketa, akordioa eta leialtasun instituzionaletik abiatuta, ezinbestekoak baitira egonkortasuna eta bizikidetza sortzeko politika zaratatik, intoxikaziotik eta polarizaziotik egiten saiatzen direnen aurrean".

 

Azkenik, eta Unai Hualderen iritzien ildo beretik, Nadia Calviño "harro" agertu da "Nafarroako Gobernuak emakume izena duelako" eta "zure berrautaketa hiru emakumeren artean lortutako akordioaren emaitza delako" (Uxue Barkos eta Begoña Alfarori erreferentzia eginez). “Funtsezkoa da parekidetasunean aurrera egiten jarraitzea, giza eskubide kontua baita. Zure zintzotasunak, lidergoak eta elkarrizketarako, bizikidetzarako eta berdintasunerako prestasunak erreferente gisa kokatzen zaituzte. Zure gaitasun eta erabakitasunak Nafarroak eta Espainiak aurrera egin dezaten ahalbidetuko dute. Zorte on".

 

Ekitaldia musikaz laguntzea Iruñeko Orfeoiaren ardura izan da. Legegintzaldiaren hasierako ekitaldian parte hartu du bi pieza interpretatuz: Raimundo Lanasen Navarra mía eta Mikel Laboaren Txoria txori. Ekitaldiari amaiera emateko, Duguna Dantza taldeko Iñaki Tristanek agurra dantzatu du Aitor Huarte, Verónica Ferreira, Ibai Indart eta Beñat López txistulariek lagunduta.

 

Ekitaldira gonbidatu dituzte Euskal Autonomi Erkidegoko lehendakaria (Iñigo Urkullu), Asturiasko lehendakaria (Adrián Barbón) eta Gaztela-Mantxakoa (Emiliano García-Page), baita autonomia erkidego mugakideetako parlamentuburuak, merindadeetako hiriburuetako eta 10.000 biztanletik gorako herrietako alkateak, eta lehendakari hautetsiaren senide eta lagunak.

 

Foru Komunitateko agintari nagusiak ere bertaratu dira, bai eta Nafarroako gizarteko estamentu zibil, sozial eta ekonomiko guztien eta hezkuntza nahiz kultura arloen ordezkariak ere.

 

Zehazki, ekitaldiko gonbidatu ofizialen zerrendan izan dira, besteak beste, Nafarroako Parlamentuko eta Gobernuko lehendakari ohiak, jarduneko Gobernuko kideak, Espainiako Gobernuaren ordezkaria, Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kideak, legebiltzarreko parlamentariak, Nafarroako diputatu eta senatariak eta Europako diputatua, Nafarroako Kontseiluko eta Kontuen Ganberako lehendakariak eta arartekoa, bai eta herritarren eta enpresen erakundeak, sindikatuak, unibertsitate erakundeak eta lankidetzaren arlokoak ere.

 

Bertaratuen artean honako hauek izan dira: José Luis Arasti Gobernuaren Nafarroako ordezkaria, Francisco San Martín, Carolina Castillejo, José Luis Izco, Patricia Cueva, Fernando Puras, Eva Mª Gorri, parlamentari ohiak, Patxi Vera, arartekoa, Alfredo Irujo, Nafarroako Kontseiluko lehendakaria, Joaquín Galve, Nafarroako Justizia Auzitegi Goreneko lehendakaria, Jaime Goyena, Nafarroako Justizia Auzitegi Goreneko Fiskal Nagusia, José Julián Huarte, Nafarroako Probintzia Auzitegiko presidentea, Francisco Germán Martínez Lozano, Nafarroako komandante militarra, Juan Carlos Zapico, Foruzaingoaren burua, José Mª Borja, Polizia Nazionaleko Nafarroako burua,  Idoia Villanueva, Europarlamentaria, Javier Vidorreta, NUPeko Gizarte Kontseiluko lehendakaria, Ramón Gonzalo, NUPeko errektorea, María Iraburu, Nafarroako Unibertsitateko errektorea, José Miguel Laco, UNEDeko idazkari nagusia, Juan Carlos Castillo,  Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria,  Jorge Bacaicoa, Mairagako Mankomunitateko lehendakaria, Belén Cerdán, Erriberako Mankomunitateko lehendakaria, Cristina Ibarrola, Iruñeko alkatea, Alejandro Toquero, Tuterako alkatea, Javier Solozabal, Zangozako alkatea, Josu Etxarri, Erriberriko alkatea, Yolanda González, Vianako alkatea,  Beatriz Santos, Sartagudako alkatea, Pedro Mª Mangado, Sesmako alkatea, Mª José Calvo, Bilatortako alkatea, Carlos Alcuaz, Kaparrotsuko alkatea, Susana Castanera, Alloko alkatea, David, Pérez de Albéniz, Armañanzasko alkatea, Mª Teresa Insausti, Carcarko alkatea, Sergio Álvarez, Desojoko alkatea, Mª Eria Lasheras, Fontellasko alkatea, Mª Esther Villanueva, Martzillako alkatea, Maria Josefa Verano, Mendaviako alkatea, José Ignacio Pardo, Milagroko alkatea, Mª Luisa Jiménez, Monteagudoko alkatea, Itziar Malón, Murillo el Cuendeko alkatea, Alejandro López Orejuela, Orkoiengo alkatea, Joaquín Olloqui, Pitillasko alkatea, Tirso Calvo, Ribaforadako alkatea, eta Javier Taberna, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberako lehendakaria.

 

Manuel Martín, Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakaria, Asier Barandiaran, Eusko Ikaskuntzako Nafarroako lehendakariordea, Sagrario Aleman eta Paskual Rekalde Euskaltzaindiako ordezkariak, Mari Luz Sanz, CERMINeko lehendakaria, Manuel Arizcun, Iratxe Kontsumitzaileen elkarteko lehendakaria, Paola García, Pertsona Migranteen Forotik, Xabier Larraya, Osasunako marketin zuzendaria, José Ángel Andrés,  Nafarroako Kutxa Fundazioko lehendakaria, Jean Jacques Lasserre, Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluko lehendakaria, Juanma Garro eta Iñaki Redín, Lacturaleko ordezkariak, Francisco Javier Abad, Nafarroako GKEen Koordinakundeko presidentea, Daniel Innerarity, Jesús Santos, UGTko ordezkaria, Chechu Rodríguez, CCOOko ordezkaria, Fermín Gorraiz, EHNEtik, Francisco Fernández, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko zuzendari nagusia, Ramón Urdiain, NICDOko zuzendaria eta Fernando Mendoza, NILSAko zuzendaria.