Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Irailak 20

Nafarroako Parlamentuak elkarretaratzea egin du genero-indarkeriaren aurka, azkenaldiko sei erailketa matxisten ostean

“STOP ERASOTZAILEEI” goiburupean, Nafarroako Legebiltzarrak minutu bateko isilunea gorde du biktimen oroimenez Parlamentuaren egoitzaren sarreran

Foru parlamentariak Nafarroako Parlamentuaren sarreran elkarretaratu dira gaur, azken asteetan izandako erailketa matxistak arbuiatzeko.

 

Egindako azken elkarretaratzetik –irailaren 6an izan zen–, sei izan dira bikotekideak edo bikotekide-ohiak eraildako emakumeak.  Egiaztatu da hilaren 3an 71 urteko emakume baten erailketa, Gironan. Gainera, hilaren 10ean 37 urteko emakume bat erail zuten Granadan, 54 urteko emakume bat Castelló-n eta 76 urteko bat Alacanten; hilaren 16an, 35 urteko emakume bat erail zuten Murtzian eta hilaren 17an, berriz, 41 urteko beste bat Tarragonan.

 

Elkarretaratzea egin duten pertsonek minutu bateko isilunea gorde dute biktimen oroimenez.

 

Irailaren 11n Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki zuenez, elkarretaratzeak “STOP ERASOTZAILEEI” goiburupean eginen dira. Hala, hemendik aurrera goiburu hori errespetatu beharko dute elkarretaratze horietara beren borondatez joaten diren foru parlamentari guztiek, eta “ezin izanen da bestelakorik erakutsi”.

 

2023. urtea hasi zenetik bikotekideak edo bikotekide-ohiak eraildako emakumeen kopurua 48koa da, eta 1.232koa 2003an estatistikak egiten hasi zirenetik.