Nafarroako Parlamentuak hiru adierazpen instituzional baztertu ditu
Adostasun ezak Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin bat egitea, "Gazatik Israelen aurka egindako eraso terroristak" gaitzestea eta Madrilgo alkateari egindako "erasoa" arbuiatzea eragotzi du
- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzional bat egiteko proposamena, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak gogor gaitzetsi egiten dituen Gazatik Israelen aurka egindako eraso terrorista oso larriak. PSN talde parlamentarioak aurkeztu du.
UPNk eta PSNk alde bozkatu dute. EH Bilduk aurka bozkatu du. Gainerakoek ez dute beren jarrera zehaztu.
Baztertutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Gogor gaitzesten ditu Gaztik Israelen aurka egindako eraso terrorista oso larriak.
2. Elkartasuna adierazten die biktima guztiei eta haien senideei.
3. Eskatzen du berehala eten dadila biztanleria zibilaren aurkako indarkeria bereizi gabea.
4. Espainiako Gobernua eta Europar Batasuna premiatzen ditu haien esku dauden mekanismo guztiak aktiba ditzaten gatazkak gora egin ez dezan eta bizitza errugabe gehiago gal ez daitezen, eskualdeko bakearen, segurtasunaren eta egonkortasunaren aldeko konpromiso irmoa hartuta.
5. Bi estatuen konponbidearen ikuspegia urruntzen duten aldebakarreko neurri guztiak arbuiatzen ditugu, hura baita erantzun bakarra palestinarren eta israeldarren bidezko asmo nazionalerako eta bakerako eta segurtasunerako funtsezko elementua.
- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzional bat egiteko proposamena, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek aurkeztu dute. VOXek aurka bozkatu du.
Baztertutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
"1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Hartara, heldu den urriaren 17an ekitaldi bat eginen du, Parlamentuko atalondoan, 12:00etan, Gizarte Entitateen Plataformarekin.
2. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Itunean pobreziaren eta desberdinkeriaren aurka duen konpromisoa.
3. Parlamentuak itun horren jarraipena egiteko eta ituna betetzeko urratsak egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen du.
4. Nafarroako Parlamentuak funtsezkotzat jotzen du erronka global berriei aurre egitea, desberdinkeriak areagotu egin baitira gure gizartean eta are gehiago herrialde txirotuetan.
5. Nafarroako Parlamentuak olan bat jarriko du bere fatxadan, Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Eguna ospatzeko”.
- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzional bat egiteko proposamena, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten baitio Madrilgo alkate José Luis Martínez-Almeidari. PPN talde parlamentarioak aurkeztu du. PSNk aurka bozkatu du. Gainerakoek ez dute beren jarrera zehaztu.
Baztertutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
"1. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten dio erasotuari.
2. Nafarroako Parlamentuak ekintza horiek gaitzesten ditu eta edozein erakunderen barruan edozein motatako indarkeria eta larderia arbuiatzen du ".